Charles de Gaulle
Charles de Gaulle, jaiotzez Charles-André-Joseph-Marie de Gaulle (Lille, 1890eko azaroaren 22a - Colombey-les-Deux-Églises, Marne Garaia, 1970eko azaroaren 9a), politikari, idazle eta militar frantsesa izan zen, Frantziako V. errepublikako presidentea 1959tik 1969ra bitartean, gaullismo deritzonaren inspiratzailea, Alemania eta Frantziaren arteko adiskidetzearen sustatzailea eta Europar Batasunaren eraikuntza prozesuaren historiako pertsonaia eragileetako bat.
Biografia
aldatuCharles-André-Joseph-Marie de Gaulle Lillen jaio zen 1890eko azaroaren 22an, familia katoliko baten senan. Gurasoak Henry eta Jeanne Maillot izan zituen. Bikotea Parisen bizi bazen ere, Lillera lekualdatu ziren haurraren jaiotzaren zain eta, gero ere, maiz joan ohi ziren Lillera, amona Julia bisitatzera. Charles-André-Joseph-Marie haurrideotako hirugarrena izan zen:
- Xavier de Gaulle (1887-1955) ingeniaria, gerran preso eta erresistentziako kide II. Mundu Gerra garaian.
- Marie-Agnès de Gaulle (1889-1982).
- Jacques de Gaulle (1893-1946).
- Pierre de Gaulle (1897-1959).
Aitaren eraginez, Maurice Barres, Henri Bergson eta Charles Péguyren lanak ezagutzeko aukera izan zuen. Saint-Cyr eskolan egin zituen ikasketak, eta Lehen Mundu Gerran frantses armadako kapitain izan zen. Gradu hori zuela, Lehen Mundu Gerran borrokatu zen, eta hainbat aldiz atxilotua eta zauritua izan zen. 1934an argitaratu zuen Vers l'armée de métier liburuan, Maginot lerroa eredutzat zuen defentsa-politika gaitzetsi zuen.
Gerra arteko garaian, zenbait kargu militar izan zituen, Defentsa Nazionalaren Kontseiluko idazkaria (1937-1940) bereziki, Pétain mariskalaren agindupean.
Bigarren Mundu Gerran Frantzia erori eta Pétainek armistizioa sinatu zuenean, De Gaullek Ingalaterrara ihes egin zuen eta, 1940ko ekainaren 20an, Askatasun Nazionaleko Batzorde bat eratu zela iragarri zuen Vichyko gobernuaren aurka. Frantzia Askeko gudarosterako gizonak eskatu eta Erresistentzia bultzatu zuen. Frantzia Askean behin-behineko gobernuko lehendakari izan zen (1944-1946), baina, Konstituzio berriaren aurrean izan ziren desadostasunen ondorioz, 1946ko urtarrilean utzi egin zuen lehendakaritza. Aljeriako gerrarengatik, militarren eskaeraz bereziki, gobernuburu izendatu zuten (1958-1959) eta Frantziako Konstituzio berria idatzarazi zuen (V. Errepublika). Gobernuburu zela, erakundeak eraberritzen saiatu zen.
1958ko irailaren 28an onartu zen Konstituzio berria erreferendum baten bidez: V. Errepublika hasi zen eta harekin, lehendakariak ahalmen handiagoa zuen. 1958ko azaroko hauteskundeetan UNR alderdiak (Union pour la Nouvelle République) garaipena lortu ondoren, lehendakari hautatu zuten (1959ko urtarrilaren 8an). Aljeriako auziari buruz irizpide kontrajarriak azaldu ziren, baina Éviango hitzarmenetan Aljeriaren askatasuna onartu zuen (1962). 1965ean, berriro lehendakari hautatu zuten, baina 1967ko Legebiltzarrerako hauteskundeetan gehiengoa galdu zuen bere alderdiak, eta 1968ko maiatzeko krisiak gobernua jota utzi zuen. 1969an, Frantziako administrazioa eraberritzeko erreferenduma galdu zuen, eta etsi egin zuen. Politikari ez ezik, idazle ere bazen, eta Mémoires de guerre obran, lau liburukitan, bere estilo zorrotza eta garbia erakutsi zuen.
1921ean Yvonne Vendroux-ekin ezkondu zen eta hiru seme-alaba izan zituzten: Philippe (Paris, 1921), Élisabeth (Paris, 1924-2013) eta Anne (1928-1948).
Lehen Mundu Gerra
aldatuLehen Mundu Gerraren hasieran teniente izan zen, baina kapitain gradura igo zuten. Bere suzko batailoian zauritua izanik, Dinant-en 1914ko abuztuaren 15ean, 33. Infanteria-Erregimendura batu zen Champagneko frontean, 7. konpainia gidatzeko. 1915eko martxoaren 10ean, Sommeko batailan zauritu egin zuten. Borrokatzeko prest, aurkarien lubakiari eraso egin zion, bere buruzagien aginduei kontra eginez. Horrek 8 egunetan bere eginkizunak eteteko zigorra ekarri zion. Ofizial zorrotza, burugogorra eta borondate handikoa omen zen eta bere argitasunak eta bere adoreak besteengandik bereizten zuten.
1916ko martxoaren 2an, Verdundik gertu Douaumont herria defendatuz, bere errejimenduari eraso egin eta ia suntsituta geratu zen. Konpainiak kolpe gogorra jaso zuen errukirik gabeko borroka baten ostean eta, bizirik ateratakoak inguratuak izan ziren. Etsaiaren lerroa zeharkatzen saiatu zen orduan, baina hirugarren aldiz larri zauritu zuten baionetaz eta tropa alemaniarren aurrean errenditu beharrean izan zen eta, sendatu ondoren, preso hartu zen.
Porrotean bukatu zen ihes egiteko ahalegin baten ondoren, Ingolstadteko gotorlekura eraman zuten, Bavarian. Erbesteratze tamalgarria izan zen hartan, beste preso batekin harremana izan zuen, Mikhail Tujatxevsky, etorkizunean sobietar jeneral garrantzitsuenetariko bat bihurtu zena. Ez aspertzeko, de Gaullek bere kide gatibuentzat gerraren egoerari buruzko txostenak antolatzen zituen, baina, batez ere, 5 alditan ihes egiteko prestaketak egiten ibili zen, denak porrotean bukatu zirenak, bere altuera garaiak ikusteko erraza egiten baitzuen. Armistizioaren ondoren, askatu egin zuten. Bi urte eta erdiko gatibutasun horretatik oroitzapen mingotsa gorde zuen bizitza osoan, bere burua revenant bat kontsideratuz, ezertarako balio izan ez duen soldadu gauzaez bat.
Bigarren Mundu Gerra
aldatu1932 eta 1937 bitartean, gerra arteko aldian, De Gaulle Defentsa Nazionaleko Idazkaritza Orokorrean ezarri zuten buru eta, bertan, defentsa nazionaleko politika frantsesa ezagutu ahal izan zuen, une oro desadostasunean egon zelarik; izan ere, de Gaullek Armada modernoek —Frantziak behar zuen horietako bat— motordun gorpu handietara zihoazen, tanke eta abiaziora, eta Frantziak ez zuen hori zaintzen, bertako agintari militarrek etorkizuneko gerrak Lehen Mundu Gerraren antzekoak izango zirela uste baitzuten eta, horregatik, Maginot lerroan zehar gotorlekuak egitera besterik ez zuten defentsan egiten.
Bere ideiak plazaratzeko, L'armée de metier liburua idatzi zuen 1935ean eta ospe handia lortu zuen horregatik baina, aldi berean etsai handiak ere bai: Alemaniaren aurkako gerra bultzatzea leporatu zioten eta haren iritziak zentzugabeak zirelako gutxietsi zuten gaizki-esaleek. Philippe Pétain mariskala izan zen De Gaullek aurkeztu zituen ideiak gehien zalantzan jarri zituen buruzagi militarretako bat.
Frantziako inbasioan zehar, 1940an, gobernua herrialdea utz zezan konbentzitzen saiatu zen, eta Aljeriako kolonian ezar zedin, Frantzia errekuperatu ahal izango zen eta armistizio baten desohoreaz libre mantenduko zen lekura. Paul Reynauden gobernua erori eta Pétainen erregimena ezarritakoan, bere lehenagoko buruzagi, Pierre Lavalen laguntzarekin, autoritate berriek ez zutela Hirugarren Reicharen aurkako gerrarekin segituko jakin zuen eta, horren ordez, frantsesen errendizioa prestatu behar zutela.
Frantsesen errendizioa une batetik bestera gertatzear zegoela, De Gaullek herrialdetik ihes egin zuen eta 1940ko ekainaren 16an Britainia Handira joan; bertatik, Frantzia Askearen edo Frantzia Borrokalariaren agintea onartu zuen aliatuen garaipena iritsi arte, 1940ko ekainaren 18ko Deialdian elkarren artean lagunduz. Horrela hitz egin zuen egun hartan:
« | Urte luzez Frantziako armaden buruan egon direnek gobernu bat eratu dute. Gobernu hori, armadak azpiratu egin dizkigutela eta, etsaiarekin harremanetan jarri da borroka gelditzeko (...). Baina azken hitza esanda dago? Benetan galdu da borroka? Itxaropena itzali egin behar da? Ez...
Frantzia ez dago bakarrik! Ez dago bakarrik! Gerra hau gure zoritxarreko herriaren mugetatik haratago doa. Gerra hau mundu gerra da (...). Gaur egun indar mekanikoz txikitu egin bagaituzte ere, gerora baliteke geuk garaitzea indar mekaniko handiagoz (...). Nik, De Gaulle jeneralak, Londrestik gonbitea egiten diet britaniar lurretan diren ofizial eta gudari frantsesei (...), arma lantegietako ingeniari eta langile espezializatuei (...) nirekin harremanetan jartzeko. Edozer gertatuta ere, frantses erresistentziaren sugarrak ez luke itzaldu behar, ez luke sekula itzaldu behar. Bihar, gaur bezala, Londresko irratian hitz egingo dut[1] |
» |
Oso jende gutxik entzun zuen hitzaldi hura Frantzian, baina hainbat egunkarik argitaratu zuen eta mezua ahoz aho zabaldu zen. Inbaditzailearen aurkako erresistentzia eskatzen zuen eta askatasuna, alemaniarrekin edo italiarrekin bat egin gabe[2].
Urte haietan zehar, L'Appel liburua idatzi zuen (1940, 1941 eta 1942); bertan, gerrari buruzko ikuspuntua plazaratzen zuen: okupazioaren tragedia handia, espiritu etsikorra, etsaiaren eskuetan uztea, Londresetik ez amore emateko deialdia, Frantzia Librearen antolaketa, duintasunaren aldeko borroka Frantzia osoaren defentsan eta frantses horiek aliatuei egin zizkieten aportazioak, Frantziari irabazleen artean duintasunez leku bat izatea ahalbidetu zutenak, Wehrmachtaren aurkako borroka erabakigarrietan parte hartu behar zuten indar armatuen antolaketaren bitartez.
Frantzia askatuko buruzagi militar ospetsuenetarikoa bilakatu zen eta, horri esker, 1946ra arte Frantziako Behin-Behineko Gobernua gidatu zuen.
V. Errepublika
aldatuDenbora luze batez bizitza publikotik aldenduta ibili ondoren, politika mundura itzuli zen Aljeriako arazo konplikatua (independentzia lortu nahi zuen kolonia frantsesa zen) eta IV. Errepublikako ezegonkortasun politiko endemikoa konpontzeko asmoz.
Frantzia gerra zibilaren ateetan zegoen zatiturik eta desorganizatuta zegoen gobernu zentralaren eta Aljeriako kolonoen aldeko ultraeskuindar talde baten arteko tentsioengatik: azken horiek Organisation de l'Armée Secrète (OAS) izena zuten eta Aljeriako Ahmed Ben Bellaren mugimendu independentistaren errepresio gogorra eskatzen zuten. Gobernua egoera horretatik eratorritako desoreka finantzarioan murgilduta zegoen eta Ahmed Ben Bellarengana jo zuen Pierre Pflimlin azken lehen ministroaren aurkako estatu kolpeak leher egin baino momentu batzuk lehenago.
1958ko ekainaren 1ean, onartu zuen Coty presidenteak eskaini zion kargua De Gaullek eta Asanblada Orokorrak botere osoak eman zizkion. V. Errepublikaren sorrera izan zen eta urte horretan bertan onartu zuten erreferendumean.
Hurrengo urtean, De Gaullek presidentzia lortu zuen botoen % 78rekin, Georges Marrane komunistari irabazirik (hark botoen % 13 soilik lortu zuen eta % 9, berriz, André Châtelet independenteak). Bultzada hori aprobetxatuz, bere pertsonaren inguruan mugimendu bat sortzen lagundu zuen (ez zuen izan alderdi deitzerik nahi), Errepublika Berrirako Batasuna edo Union pour la nouvelle République (UNR). Gaullismoa deritzon ideologia sortu zen horrela (frantsesez: gaullisme), kontserbadore samarra zen hirugarren bidea.
Etapa hori, subiranotasun frantsesaren berrezarpenaren bitartez, AEBekiko oposizio sendoa mantentzeagatik bereizi zen. Jarrera hori hainbat aldaketatan ikus dezakegu: OTANen integratutako estruktura militarretatik irtetea (gerora, Frantzia erakundera itzuli egin zen) eta dolar erreserba frantsesak urre bilakatzeko egin zuen eskaera. Horrek nazioarteko krisi finantzarioa sortu zuen eta, 1971ko abuztuan, AEBetako Nixon presidentea dolarraren urre bilakatzeko aukera etetera eraman zuen faktoreetako bat izan zen.
1962ko uztailean, gerra ez konbentzional eta odoltsu baten ostean (gerrillak, atentatuak...), Aljeria independizatu egin zen, De Gaullen Gobernuaren arazo odoltsuenari amaiera emanez. Erabateko biraketa suposatu zuen kanpo politika frantsesean, iraganeko apeta kolonialak alde batera utzi eta atentzio guztia Europako berreraikuntzan jarri zuelarik.
Wikitekan bada UEUren liburu batetik ateratako testu zatia: Charles de Gaulle-ren hitzaldia | |
Liburu osoa: Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009 |
« | Inolako zalantzarik gabe, komeni da Amerikarekin ituna izatea, batari eta besteari interesatzen baitzaie Ipar Atlantikoan sobietar mehatxuak irauten duen bitartean. Baina egunez egun ari dira ezabatzen Europak ituna mendekotasun gisa ulertzeko arrazoiak. Arduren bere zatia hartu behar du Europak. Bestalde, badirudi gertakizun hori bat etorriko litzatekeela Estatu Batuen interesarekin, edozein izanik ere haren balioa, potentzia eta asmo onak. Izan ere, eginbeharrak hain ugari eta konplexuak izateak gainditu egiten ditu Estatu Batuen baliabideak eta gaitasunak, eta, beharbada, era arriskutsuan gainditu ere. Horren ondorioz, berek aitortzen dute Kontinente Zaharra batzen eta antolatzen ikusi nahi dutela, eta, galiarren, germaniarren eta latinoen artean askok aldarrikatzen dute «Egin dezagun Europa». | » |
—[3]. Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri |
1963ko urtarrilaren 22an, de Gaulle eta Konrad Adenauerek Eliseoko Ituna sinatu ondoren, Alemania eta Frantzia adiskidetu egin ziren. Europako Merkatu Batua eraikitzean, ondoko herrialdeekin izandako desadostasunek lermatu egin zuten De Gaullen entzutea Frantzian, 1965eko hauteskunde presidentzialetara erasanda iritsi zelarik. Hauteskunde hauetan, De Gaullek ez zuen lortu lehen aldian irabaztea, botoen % 44 besterik ez baitzuen lortu, sei urte lehenago baino 34 puntu gutxiago. Egoera horren aurrean, De Gaulle bere hautagaitzari uko egitear eta politikatik erretiratzear egon zen, gaitzespena kontsideratzen baitzuen. Baina, azkenean, hautagaitzari eutsi zion eta %54arekin irabazi zuen, berriz ere Mitterrandek zuzentzen zuen Ezkerraren Federazioak lortutako %46aren aurrean.
Bere gobernuaren azken atapan, gatazka sozialaren gorakada bati aurre egin behar izan zion, 1968ko maiatza delakoan amaituko zena eta, urte horretan, ikasleen eta langileen matxinada batek Georges Pompidou lehen ministro gaullistaren gabinetearen erorketa bultzatu zuen. Gertakari horien ondoren, De Gaullek Frantziako eskualdeen gaineko erreferendum baterako deialdia egin zuen legitimitate handiagoa lortzeko xedean, baina galdu egin zuen. Etsita, dimisioa aurkeztu eta politikatik behin betiko aldendu zen. 1970eko azaroaren 9an hil zen aneurisma baten ondorioz, bere memoriak amaitu gabe utzirik.
De Gaullek ezabatu ezinezko arrastoa utzi zuen XX. mendeko zein XXI. mendeko politika frantsesean; izan ere, bere ideietako askok bizirik diraute gaur egungo Frantzian, gaullismo delako korrontearen eskutik. Bere omenez aldatu zuten L'Étoile plaza paristarraren izena (Parisko Garaipen Arkua kokatzen den lekua) eta Charles de Gaulle plaza izan zen izen berria.
Lanak
aldatu- Une mauvaise rencontre Montligeongo inprenta, 1906 (15 urte zituen idatzi zuenean)
- La Congrégation, Hors de France Collège de Antoing-eko aldizkaria (6. zenbakia) 1908
- Carnet de campagne d'un officier français Revue de Paris (6. zenbakia) 1920
- La Discorde chez l'ennemi Berger-Levrault 1924
- Le Flambeau (1ère et 2ème parties) Revue militaire (69 eta 70. zenbakiak) 1927
- La Défaite, question morale 1927-1928
- Philosophie du recrutement Revue de l'Infanterie (439. zenbakia) 1929
- La Condition des cadres dans l'armée 1930-1931
- Histoire des troupes du Levant Imprenta nationale 1931 (Yvon komandantea eta Mierry koronelarekin elkarlanean)
- Le fil de l'épée Berger-Levrault 1932
- Combats du Temps de paix Revue de l'Infanterie (n° 476) 1932
- Pour une politique de défense nationale Revue Bleue (n° 3) 1933
- Le soldat de l'Antiquité Revue de l'Infanterie 1933
- Forgeons une armée de métiers Revue des Vivants 1934
- Vers l'armée de métier Berger-Levrault 1934
- Le problème belge Revue Défense Nationale 1936
- La France et son Armée Plon 1938
- Trois études Berger-Levrault 1945 (Gotorlekuen garrantzi historikoa; Atzerriko mobilizazio ekonomikoa; Nola eraiki armada profesionala) eta ondorengo Mémorandum du 26 janvier 1940.
- Mémoires de guerre
- Mémoires d'espoir
- Discours et Messages
- Lettres, Notes et Carnets
- Tome 1 - 1905-1918 Plon 1980
- Tome 2 - 1919-1940ko ekaina Plon 1980
- Tome 3 - 1940ko ekaina-1941eko uztaila Plon 1981
- Tome 4 - 1941eko uztaila-1943ko maiatza Plon 1982
- Tome 5 - 1943ko ekaina-1945eko maiatza Plon 1983
- Tome 6 - 1945eko maiatza-1951ko ekaina Plon 1984
- Tome 7 - 1951ko ekaina-1958ko maiatza Plon 1985
- Tome 8 - 1958ko ekaina-1960ko abendua Plon 1985
- Tome 9 - 1961eko urtarrila-1963ko abendua Plon 1986
- Tome 10 - 1964ko urtarrila-1966ko ekaina Plon 1986
- Tome 11 - 1966ko uztaila-1969ko apirila Plon 1987
- Tome 12 - 1969ko maiatza-1970eko azaroa Plon 1988
- Tome 13 - 1924tik 1970.erako eranskinak Plon 1997
- Testu, hitzaldi, deklarazio eta oharrak. La Documentation française 216. alea (1967ko irailaren 25a)
Aurrekoa Philippe Pétain Frantziako Vichyko erregimenaren buruzagi (Frantziako Vichy) Albert Lebrun Frantziako presidente (1940) |
25px Frantziako Behin-behineko gobernuaren 1944–1946 |
Ondorengoa Félix Gouin |
Aurrekoa Philippe Pétain Ramón Iglesias i Navarri |
Andorrako koprintzeak Lehen erregealdia 1944–1946 Harekin batera Ramón Iglesias i Navarri |
Ondorengoa Félix Gouin Ramón Iglesias i Navarri |
Aurrekoa Pierre Pflimlin |
Frantziako lehen ministroa 1958–1959 |
Ondorengoa Michel Debré |
Aurrekoa Pierre de Chevigné |
Frantziako Defentsa Nazionaleko ministro 1958–1959 |
Ondorengoa Pierre Guillaumat |
Aurrekoa René Coty |
45px Frantziako presidente 1959–1969 |
Ondorengoa Georges Pompidou |
Aurrekoa René Coty Ramón Iglesias i Navarri |
Andorrako koprintzea Bigarren erregealdia 1959–1969 Harekin batera Ramón Iglesias i Navarri |
Ondorengoa Georges Pompidou Ramón Malla Call |
Ikus, gainera
aldatu
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Charles de Gaulle |
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012/1/9 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ (Gaztelaniaz)http://elpais.com/diario/2010/06/18/internacional/1276812007_850215.html
- ↑ (Gaztelaniaz)http://www.diariovasco.com/v/20100619/mundo/gaulle-acerca-londres-paris-20100619.html
- ↑ Martínez Rueda, Fernando; Aizpuru Murua, Mikel. (2011). Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 9788484383345..