Vangelis
Evangelos Odiseas Papathanasiu (grezieraz: Ευάγγελος Οδυσσέας Παπαθανασίου), Vangelis artista izenaz ezaguna (Volos, Grezia, 1943ko martxoaren 29a - Paris, 2022ko maiatzaren 17a) musika elektronikoko konposatzailea izan zen. Gehienbat film ospetsuen soinu bandak konposatzeagatik ezaguna da, adibidez: Chariots of Fire, Blade Runner, The Year of Living Dangerously, The Bounty, 1492: Conquest of Paradise edota Alexander. 1968an Demis Roussos, Loukas Sideras eta Anargyros "Silver" Koulouris musikariekin batera Aphrodite's Child rock taldea sortu zuen.
Bizitza
Gazte-gaztetatik teklatu-jotzaile gisa nabarmendu zen, eta kontzertuak eman zituen. 1960ko hamarraldiaren hasieran Formynx taldean jo zuen. Geroxeago, Demis Roussos kantariarekin eta Lucas Sideras bateria-jotzailearekin batera Aphrodite's Child taldea eratu zuen, eta ospe handia lortu zuten, Grezian ez ezik nazioartean ere.
1968an, koronelen estatu kolpeaz gero, hirukotea Frantziara erbesteratu zen. Talde horren disko aipagarrienak: Rain And Tears (1968), Aphrodite´s Child; It´s Five O´clock; 666 (1972).
Vangelisek 1970ean hasi zuen bere bakarkako lana, Aphrodite's Child desegin baino lehen, Dragon izeneko disko batekin. 1972an L'Apocalypse aes animaux (Animalien apokalipsia) filmeko soinu bandarako musika grabatu zuen, eta harrezkero film, antzezlan eta balleterako musika egiten hasi zen. Urtebete geroago Londresa joan zen, eta Nemo estudioak zabaldu zituen, sintetizadore eta teklatuetan espezializaturik. 1976an Heaven and Hell diskoa argitaratu zuen, eta beste film baterako musika ere bai: La fête sauvage. Disko hartan Yes taldeko kantari Jon Andersonek hartu zuen parte. Hurrengo urteetan Albedo 0.39 (1976), Spiral (1977) eta Beaubourg (1978) argitaratu zituen. 1980an Jon Andersonekin elkartu zen ostera ere, I Hear You Now kanturako eta Short Stories diskorako, arrakasta handiz, gainera.
1981ean Chariots of Fire filmaren soinu banda Ingalaterrako zerrendetako bosgarren tokira iritsi zen, eta urte horretan bertan postu berera iritsi zen The Friends of Mr. Cairo kantuarekin. 1982an Chariots of Fire diskoak lehen postua lortu zuen Ameriketako Estatu Batuetako zerrendetan hilabetez, musikako Oscar saria irabazi zuen, eta milioitik gora ale saldu zituen Estatu Batuetan. Urte horretan bertan Blade Runner filmerako musika idatzi zuen. 1983an, Jon Andersonekin batera, Private Collection argitaratu zuen, eta The Best of Jon and Vangelis, 1984an, bien arteko elkarlanaren amaiera gisa. Gero bakarkako lan bat egin zuen, Soil Activities, eta 1988an zuzeneko disko bat, Direct, Vangelis.
1990eko hamarraldian The City (1990), 1492: Conquest of Paradise (1992) filmetarako soinu banda, Voices (1995, Ahotsak), A Tribute to El Greco (1995), eta Oceanic (1996) lanik aipagarrienak izan zituen.
Bitxikeria
Vangelisen omenez jarri zion izena Nazioarteko Astronomia Elkarteak (6354) Vangelis asteroideari.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo loturak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Vangelis |
- Vangelisen webgunea (Ingelesez)
- Vangelisi buruzko webgunea (Gaztelaniaz)