Haumearen sateliteak

Haumearen sateliteei buruzko artikulua

Haumeak, gaur arte, bi satelite dituela egiaztatu da. Lehenengoa 2005eko urtarrilaren 26an aurkitu zen Keck teleskopioari esker eta bigarrena, 2005eko ekainaren 30ean aurkitu zen. Hasiera batean behin-behineko izendapen desberdinak jaso zituzten arren, gaur egun lehenengo aipatu dugun satelitea (136108) Haumea I Hi'iaka izenarekin ezagutzen da eta bigarrena, (136108) Haumea II Namaka izenarekin.

Hiʻiaka

aldatu
 

Hi'iaka, Haumea I izenarekin ere ezaguna, Haumea planeta nanoaren sateliterik urrunena eta handiena da. Bere izena Hula dantzarien, medikuntzaren, sorginkeriaren eta kantuaren jainko hawaiiarretik dator.

Hasiera batean S/2005 2003 EL61 1 behin-behineko izena jaso zuen. Lehen aipatu dugun bezala, Hi'iaka 2005eko urtarrilaren 26an aurkitu zen, Michael E. Brown astronomialariari esker.

Satelite txiki honek Haumearen distiraren %5,9a baino ez du eta planeta nanoaren masaren %0,5 edo %1 inguru. Bere albedoa biratzen duen argizagiaren antzekoa bada, 310 kilometro inguruko diametroa izango du. Bere itxurazko magnitudea 20,6-koa da, gutxi gorabehera. Haumearen inguruan mantentzen du bere orbita, 45 500 km ingurura, 41,12 egun behar ditu itzuli oso bat emateko.

Namaka

aldatu

Namaka, Haumea II izenarekin ere ezaguna, Haumea planeta nanoaren sateliterik txikiena eta planetatik gertuen dagoena da. Hasiera batean S/2005 2003 EL61 2 behin-behineko izena jaso zuen. Bere izena ere Hawaiiar mitologiatik dator, Haumea jainkoaren alaba hau olatuen jainkoa zen.

2005eko ekainaren 30ean aurkitu zen arren, Namakaren aurkikuntza ez zen publikoki aipatu urte horretako azaroaren 29ra arte, Michael E. Brown, David Rabinowitz eta Chad Trujillo astronomoek burutu zuten haren aurkikuntza.

Haumearen distiraren %1,5a baino ez du eta bere masa planetarena baino bi mila aldiz txikiagoa da, gutxi gorabehera. Bere albedoa Haumearenaren antzekoa bada, 170 km inguruko diametroa eduki beharko luke. Bere itxurazko magnitudea 21,9 ingurukoa dela esan dezakegu. Planeta nanoari itzuli oso bat emateko 18 egun behar ditu, beregandik 39.300 kilometro ingurura orbitatzen du.[1]

Erreferentziak

aldatu
  1. K. M Barkume, M. E. Brown, eta E. L. Schaller (2006). «Water Ice on the Satellite of Kuiper Belt Object 2003 EL61». The Astrophysical Journal 640: L87-L89. 2018ko uztailaren 17an kontsultatua. Preprint

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu