Bechstein saguzar
Bechstein saguzar | |
---|---|
Iraute egoera | |
Ia galzorian (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Chiroptera |
Familia | Vespertilionidae |
Generoa | Myotis |
Espeziea | Myotis bechsteinii Kuhl, 1817
|
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Zabalera | 27,5 cm |
Eguneko zikloa | gaueko |
Myotis bechsteinii (edo Bechstein saguzarra[1]) baso zaharrei loturiko saguzar espeziea da. Banaketa zabala izan arren, populazioak oso lokalizatuak dira eta egungo eskasia nabarmena da Pleistozenotik Neolitikorainoko erregistro fosilean behaturiko maiztasunarekin alderatuta. Zaurgarri kontsideraturiko espeziea da, eta baso zahar eta zuhaitz hilak mantentzea ezinbestekotzat jotzen da espezie honen biziraupena bermatzeko.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bechstein saguzarra tamaina ertaineko kiropteroa da, belarrien tamaina handiagatik generokideetatik erraz bereiz daitekeena. 23-26 mm.ko luzera izan ohi dute. Besaurreak 40,6-44,5 mm-ko luzera izaten du eta emeak estatistikoki apur bat handiagoak direla frogatu den arren, begibistaz dimorfismo sexuala ez da nabarmena. Pisua 7 eta 14 gramo bitartean mugitu ohi da.
Hortzeri-formula |
2.1.3.3 |
3.1.3.3 |
Bizkarraldea marroi kolorekoa da, sabelaldea baino askoz ere ilunagoa. Ileak kolore bikoitzekoak dira. Bizkarraldekoen oinarria marroi-beltz kolorekoa da eta punta apur bat argiagoa. Sabelaldeko ileen oinarria ere iluna da, baina punta askoz ere argiagoa izan ohi dute. Belarriek muxarradura txiki bat dute kanpo-ertzean, eta aipatu bezala, oso handiak dira. Aurrerantza tiraz gero, muturrerainoko distantzia halako bi inguru izaten dira. tragoa ere handia da, belarriaren luzeraren erdia, gutxi gorabehera. Hegoetako patagioa oineko kanpoko hatzaren oinarrian txertaturik dago. Hatz honen luzera tibiaren erdia da. ezproiak uropatagioaren atzeko ertzaren erdia inguru hartzen du. Tibian eta uropatagioaren ertz askean ez du apenas ilerik.
Gainerako generokideetatik bereizgarri egiten dituen ezaugarri asko ditu Bechstein saguzarrak. Myotis emarginatusen belarriak, esaterako, askoz ere txikiagoak dira, eta muxarradura askoz handiagoa. Myotis nattereriren kasuan ere, belarriak Bechsteiniiarenak baino txikiagoak dira, eta honez gain, uropatagioaren atzeko ertzean ileak izaten dituzte.
Ekokokapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Generokideek bezala, intentsitate baxuko frekuentzia modulatuko pultsuak emititzen ditu, eta ondorioz, irispen eskasekoak izaten dira. Energia maximoa 50 kHztan lortzen da eta luzera 1,2-1,3 mskoa izan ohi da. Pultsuen arteko batezbesteko denbora 2,2 ms-koa da. Ultrasoinu-detektoreekin gainerako Myotisekin erraz nahas daitekeen espeziea da.
Banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europa ia guztian eta Kaukaso inguruan ezagutzen den espeziea da. Iparraldeko muga Eskandinavia eta Britainia Handia hegoaldean du, eta hegoaldekoa Mediterrano itsasoak ezartzen du. Ekialdeko muga, aldiz, Kaukason eta Iran iparraldean du. Banaketa-eremu osoan espezie arraro eta bakana da[2].
Iberiar penintsulan oso leku gutxitan aurkitu den arren, banaketa eremu guztira zabaldu ohi da, askotariko lekuetan aurkitu baita, Kantauri isurialdetik hasi eta Andaluzia hegoalderaino. Banaketa zabala baina etena du[3].
Euskal Herrian Leitzako Tolarea mehazuloetan aipatu zen lehen aldiz espeziea, harik eta Aranzadi Zientzia Elkarteko bilduman gorde zen ale baten berrikuspenak datuak M. emarginatus¡¡ espezieari zegozkiela azaldu zuen arte. Egun, Karrantza iparraldeko Jorrios mendilerroan, Gorbeia inguruan, Araba Errioxan, Orgiko basoan eta Sakanan ezagutzen dira koloniak [4]. Hala ere, litekeena da populazio hauek aurkitu diren inguruetan antzeko guneetan kolonia gehiago izatea.
Habitata
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iberiar penintsulan baso hostoerorkorretan agertu ohi da, gimnospermo zein angiospermotan, baina normalean baso zaharrak izan ohi dira, zuhaitz zarpail eta arrakaladundunak. Gordelekuak kobazulo, mea, zuhaitzetako arrakala zein eraikuntzetan behatu izan dira, baina baso zaharretako zuhaitzen arrakalak eta zuloak atsegin dituzte, pago zein haritzak[5]. Itsas mailatik 1.300 metroko altueraraino behatu izan dira.
Elikadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hegaldi motel eta maniobragarrietan ehizatzen ditu intsektuak lurretik altuera handira. Normalean 1-5 metroko altueran jardun ohi da, nahiz eta 15 metroko altueran ere behatu izan diren aleak, zuhaitzen gainean ehizean. Hala ere, Europa erdialdean dietaren zati handiena intsektu ez-hegalariek osatzen duela ikusi da, eta beraz, landareen gainean pausaturiko intsektuez ere elikatzen da. Dieta osatzen duten intsektu-talde nagusiak koleopteroak, dipetroak eta lepidopteroak dira.
Bizimodua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Saguzar sedentariotzat kontsideraturik dago, lekualdatze ezagun luzeenak 35 km-koak izan baitira. Ingurune oso hotzetan hibernazioa lurpeko kobetan burutzen dute, sarreratik gertu, normalean. Tenperatura 3 eta 10 °C ingurukoa izan ohi da eta hezetasuna ere altua. Neguak oso gogorrak ez diren lekueta, ordea, badirudi zuhaitz zaharretako arrakala eta gangak nahiago izaten dituztela. Normalean bakarka edo talde txikitan hibernatzen dute baina badira talde handietan negua pasatzen duten animaliak ere. Kasu hauetan, maiz Myotis generoko beste hainbat animaliarekin batera hibernantzen dute. Hibernazio-garaia martxoa edo apirilean amaitzen da, neguaren laztasunaren arabera.
Ugalketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arraldia udazkenean hasten da eta parekatzeak udaberrira bitartean gerta daitezke. Emeek osatzen dituzten kumatze-koloniatan 30 ale inguru bildu ohi dira, nahiz eta ale bakartietatik 50 animaliak osaturiko taldeetara ere aurkitu izan diren. Ugal sasoian gordelekua behin baino gehiagotan aldatu ohi dute. Kumeen jaiotzak ekaina bukaeran eta uztaila hasieran gertatzen dira.
Kontserbazio egoera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Baso zahar eta konplexuei estuki loturiko espeziea denez, landaketen eta egurraren ustiaketaren ondorioz, egoera zailean aurkitzen da. Badirudi aldaketa klimatikoa eta deforestazioa direla espezie honen atzerakadaren eragile nagusiak[6].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Alberdi Estibaritz, Antton. Bechstein saguzarra (Myotis bechsteinii). EuskalNatura.net (CC-BY-SA-3.0 lizentzia) (Noiz kontsultatua: 2010-04-01).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Ryberg, O. 1947. Studies on bats and at parasites, especially with ragard to Sweden ant other neighbouring countries of the North. Svensk Naturvetenskap, Stockholm.
- ↑ Ibáñez, C. 1998. Los Quirópteros. Mamíferos de España. Editorial Planeta S.A., Barcelona. 114-218
- ↑ Aihartza, J. R. (2001). Quirópteros de Araba, Bizkaia y Gipuzkoa: Distribución, Ecología y Conservación. Tesis Doctoral, Leioa.
- ↑ Schober, W. & Grimbererr, E. 1987, Bats of Britain and Europe. London
- ↑ Corbet, G.B. & Harris, S. 1991. The Handbook of British Mammals. The Mammal Society by Blackwell Scientific Publications, Oxford. 81-145
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).