Doako laguntza juridikoa
Doako laguntza juridikoa, doako aholkularitza juridikoa edo doako justizia estatuek edo horretan diharduten gobernuz kanpoko erakundeek eskaintzen duten zerbitzua da. Zerbitzu hori herritarrei eskaintzen diete beren eskubideak asetzeko edo bermatzeko: batetik, babes judizialerako eskubidea, eta, bestetik, berdintasun eta askatasunaren bermeak izango dituen eta akusatu ororen defentsa eskubidea errespetatuko dituen prozesua izatekoa.
Honenbestez, baliabide ekonomikorik gabeko herritarren beharrak asetzea da zerbitzu honen helburua, beharra daukaten guztien benetako babes judizialerako eskubidea bermatzeko, espetxe-erregimenpean edo poliziaren ardurapean egonda ere. Ildo horretan, ofiziozko txandaren sistema edo tasen ordainketetako salbuespenak ere norabide berean emandako urratsak dira.
Eskubidearen oinarria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Doako laguntza juridikoak bermatzen du prozedura judizial batean pertsona guztiek beren interesak defendatzeko aukera izatea, nahiz eta prozedura horri aurre egiteko baliabide ekonomikorik ez izan. Horrela, laguntza horrek barne hartzen ditu abokatuaren, prokuradorearen eta perituen ordainsariak, aldizkari ofizialetan iragarkiak jartzea eta beste hainbat zerbitzu.
Doako justizia eskatzen duten pertsonek baliabide ekonomikorik ez dutela frogatu beharko dute eta, gainera, juridikoki bideragarriak izan beharko dira martxan jarriko diren prozedurak.
Doako Laguntza Juridikoari buruzko 1/1996 Legea da oinarri juridikoa, Espainiako Konstituzioaren 119. artikuluan [1] berariaz jasotako eskubidearen edukia eta prozedura garatzen duena.
« | Justizia doakoa izango da legeak hala xedatzen duenean eta, edozein kasutan, auzitara jotzeko baliabiderik aski ez dutela egiaztatzen dutenentzat | » |
Horretaz gain, defentsa gabeziaren debekua jasotzen duen Konstituzioaren 24.1 artikuluarekin lotuta dago doako laguntza juridikoa, baliabide ekonomikorik ez izateak defendatzeko aukera bertan behera utz baitezake.
« | Pertsona guztiek eskubidea dute epaileek eta auzitegiek benetan babes eman diezaieten beren eskubide eta interes legitimoen erabileran, eta ezein kasutan ezin gertatuko da defentsa-gabeziarik | » |
Aplikazio-eremu subjektiboa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 2. artikuluak zehazten du zeinek eska dezakeen zerbitzu hau.
Kontuan izan behar da artikulu honek zehazten duen eremua oso zabala dela; izan ere, artikuluak zerrendatzen dituen egoeretako batean dagoen edozein pertsona fisikok zein juridikok eskuratu ahalko du doako laguntza juridikoa: eskubide honen beharra duela frogatzen duenak, Gizarte Segurantzako erakunde kudeatzaileak eta zerbitzu komunak, eta Gizarte Segurantzako sistemaren langileak eta onuradunak.
Gainera, bigarren artikuluak berak zehazten du eskubide honen onuraduna (pertsona fisikoa edo juridikoa) espainiarra, Europar Batasuneko beste estaturen bateko herritarra edota eskubidea eskatzeko unean Espainian dagoen atzerritarra izan daitekeela, betiere auzitan aritzeko baliabide nahikorik ez duela frogatuz gero.
Oinarrizko eskakizunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legearen bigarren artikuluari erreparatuz, era askotako pertsona fisiko zein juridikoek daukate eskubide hau eskuratzeko aukera. Hala ere, zerbitzu hau lortu nahi duten horiek guztiek ezinbestean bete beharko dituzte baldintza batzuk: juridikoak zein ekonomikoak.
Baldintza juridikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Doako laguntza juridikoa eskatzeko, beharrezkoa izango da prozedura judizial bat hasita egotea edo, behintzat, hasteko moduan egotea. Gainera, nahitaezkoa izango da profesional baten −abokatua edota prokuradorea− esku hartzea.
Baldintza ekonomikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Doako laguntza juridikorako eskaera egiten den unean, familia-unitatearen diru-sarrera guztien zenbatekoa ezingo da lanbide arteko gutxieneko soldataren bikoitza baino handiagoa izan. Doako Laguntza Juridikoaren Legearen 3.1 artikuluak zehazten du hori: “Lanbide arteko gutxieneko soldataren bikoitza, betiere familia-unitatean hartuta”.
Espainiako Gobernuak ezartzen du gutxieneko soldata hori, urtero. Kontuan izan behar da gutxieneko soldatan diruz egindako ordainketak zein gauzazko ordainketak hartzen direla kontuan, eta soldata hori jarduera bakoitzaren legezko lan-jardunari dagokiola. Eguneko soldata izanez gero, ez da hartzen igande eta jai-egunen zati proportzionala, lanaldia egun osokoa ez den kasuetan proportzionalki kalkulatuko delako.
Beraz, irizpide horren arabera, doako laguntza juridikoa eskatzen duten pertsonek ezingo dute lanbide arteko gutxieneko soldataren bikoitza gainditu. Zenbateko hori kalkulatzeko, familia-unitatea hartzen da kontuan: familia horretako pertsona guztien irabaziak batuta.
Dena dela, hainbat kasutan posible da prozedura judiziala abiarazi nahi duenaren baliabide ekonomikoak soilik kontuan hartzea; elkarren aurkako familia-interesak daudenean, hain zuzen ere. Adibidez, ezkontide batek bestearen aurka aurkeztutako demanda denean (dibortzio kasuetan) edo demanda seme-alabetako batek guraso baten aurka aurkezten duenean. Horrelako kasuetan, ez dira kontuan izango familia-unitate osoaren diru-sarrerak, baizik eta soilik zerbitzua eskatzen duenarena.
Gainera, jada esan bezala, beharrezkoa da zerbitzu hau eskatzen duen pertsonak auzitan aritzeko nahikoa baliabiderik ez duela ziurtatzea. Hori dela eta, eskatzaileari ukatu egingo zaio doako laguntza juridikoa eskuratzeko eskubidea pertsona horrek frogatzen ez badu ez duela nahikoa baliabiderik eta, beraz, argi ikusten bada eskaera burutu duen pertsonak legeak ezarritako gutxieneko ahalmen ekonomikoa gainditzen duela.
Azkenik, kontuan izan behar dugu justizia doakoa izango dela bai legeak horrela xedatzen duen kasuetan eta bai auzitan aritzeko baliabide-urritasuna egiaztatzen dutenen kasuetan.
Arrazoi ekonomikoengatik baztertzeko arrazoiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Auzitan aritzeko baliabide ekonomikoen urritasuna egiaztatzeko edo begiratzeko, esan bezala, errentak eta bestelako ondare-ondasunak hartuko dira kontuan, eta, horretaz gain, benetako gaitasun ekonomikoa agerian jartzen duten zantzuak.
Hortaz, ukatu egingo da doako laguntza juridikorako eskubidea zantzu horiek modu nabarian agerian jartzen badute eskatzaileak legeak ezarritako mugak gainditzen dituela.
Hala, eskatzaileak ea ondare nahikorik duen egiaztatzeko, kontuan hartuko dira ondasun higiezinen titulartasuna, baldin eta ez badira beraren ohiko etxebizitza, eta, modu berean, kontuan hartuko dira kapital higigarritik eratorritako etekinak.
Hainbat dira gutxieneko ahalmen ekonomikoa edota auzitan aritzeko baliabide eza egiaztatzeko kontuan izango diren inguruabarrak. Errenta eta bestelako ondare patrimonialak ez ezik, bere gaitasun ekonomiko erreala egiaztatu ahal duten bestelako inguruabarrak ere izango dira kontuan, horrela pertsona horren gutxieneko ahalmen ekonomikoaren zenbateko erreala zein den jakiteko: etxebizitza-mota, autoa, inbertsioak... Hala ere, etxebizitzari dagokionez, ohiko etxebizitzaren jabea izateak ez du esan nahi pertsona horrek ez duenik doako laguntza juridikoa jasotzeko eskubiderik, kontuan hartzen dena ez baita ea pertsona horrek bere etxebizitza propioa duen edo ez, baizik eta etxebizitza horren nolakotasuna (adibidez, ea luxuzko etxebizitza bat den edo ez).
Salbuespen kasuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Badaude aipatzea merezi duten salbuespenezko zenbait kasu. Kasu berezi hauetan (legeak berak zehazten dituenak), ezarritako baldintza guztiak bete ez arren, doako laguntza juridikorako eskubidea dute:
- Doako laguntza juridikoa eskatzen duenak auzitan aritzeko dauzkan baliabideak kontuan izan gabe, berehala onartuko zaio eskubide hau eskatzailea genero indarkeriaren, terrorismoaren eta pertsonen trafikoaren biktima bada, baita abusu edo tratu txarren biktima den adingabe edo ezgaia bada ere. Gainera, biktima hiltzen den kasuetan, kausadunek edo hildakoaren ondorengoek zerbitzu hau jasotzeko eskubidea izango dute, betiere egitateen partaide izan ez badira .
- Nahiz eta auzitan aritzeko baliabide nahikoa izan, doako laguntza juridikorako eskubidea onartzen zaie istripu baten ondorioz beren lan eremuko edo eremu profesionaleko eginkizunak betetzeko ezintasuna egiaztatzen dutenei eta beren eguneroko funtsezko jarduerak gauzatzeko beste pertsona baten beharra egiaztatzen dutenei, betiere hasitako edo hasiko duen auziaren objektua pairatu dituen kalte pertsonal eta moralengatiko kalte-ordaina erreklamatzea denean.
- Auzitan aritzeko nahikoa baliabide izan arren, doako laguntza juridikorako eskubidea onartuko zaie terrorismoaren biktimen eskubideak sustatzea eta defendatzea helburu duten elkarteei.
Horretaz gain, doako laguntza juridikorako batzordeak doako laguntza juridikoa eskuratzeko aurreikusitako mugak gainditzen dituzten pertsonei eskubidea aitortzeko aukera izango du, betiere ez badute ondorio askotarako errenta-adierazle publikoak zehazten duen muga gainditzen. Gainera, salbuespen hori egin ahal izateko, hainbat kontu izaten dituzte kontuan:
- Eskatzailearen familiari dagokionez, seme-alaba kopurua edo bere kargu dituen familiako kideak izango ditu kontuan batzordeak, baita prozeduraren hasieratik eratorritako tasa judizial eta bestelako gastuak ere.
- Eskatzailearen osasunari eta ezgaiak diren pertsonei ere erreparatzen die, baita haren menpe dauden pertsonei ere −hauen izenean eta hauen interesean hasten badu prozesua−, betiere prozesu horren osasunaren edo ezgaitasunaren inguruabarrekin loturarik badauka.
Eratorritako gutxiegitasun ekonomikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Doako Laguntza Juridikoaren Legearen 8. artikuluak eratorritako gutxiegitasun ekonomikoa arautzen du. Zortzigarren artikuluaren arabera, demanda jarri ostean edo demandatuak erantzun ostean, ezingo zaio doako laguntza juridikorako eskubidea aitortu hala eskatzen duenari. Hala ere, doako laguntza juridikoaren batzordeari frogatzen badio demanda osteko inguruabar desberdinen ondoriozko beharra dela, salbuespenez onartu egingo zaio.
Probintzia bakoitzeko hiriburuan, Ceuta eta Melillan eta epai-barruti bat edo gehiago dituen uharte bakoitzean, doako laguntza juridikoaren batzordea eratuko dela zehazten du legearen 9. artikuluak, dagokion lurralde-eremuan. Halere, Autonomia Erkidego bakoitzean eskuduna den organoak batzordearentzat desberdina den beste esparru bat aukeratu dezake.
Eskubidearen edukia: zer barnebiltzen du doako laguntza juridikoak?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Doako laguntza juridikoaren eskubideak prestazio hauek barnebiltzen ditu:
- Prozesu aurreko aholkularitza eta orientazioa; eta, modu berean, bitartekaritza zein bestelako epaiketaz kanpoko bideetara jotzeko aukeren inguruko informazioa.
- Abokatuaren laguntza atxilotu, preso edo inputatuari.
- Kasu horretan, egoera horietan dagoen pertsonak abokaturik izendatu ezean, ofizizko abokatua izendatuko zaio edozein eginbidetarako, eta ez da beharrezkoa izango baliabide falta frogatzea. Hala ere, ondoren, doako laguntza juridikorako baldintza ekonomikoak betetzen ez baditu, abokatuaren ordainsaria berak ordaindu beharko du.
- Prozedura judizialetan, abokatuaren eta prokuradorearen defensa eta ordezkaritza, hurrenez hurren.
- Profesional horien esku-hartzea legez nahitaezkoa denean, edo, hala ez denean, baldintza hauetako bat betetzen denean:
- a) Beren esku-hartzea espresuki eskatu duenean epaile edo auzitegiak prozesuko alderdien berdintasuna bermatzeko.
- b) Delitu arinen kasuan, prozesuko inputatuak abokatuaren laguntza izateko eskubidea egikaritu duenean eta epaile edo auzitegiek eskaera hori onetsi dutenean.
- Profesional horien esku-hartzea legez nahitaezkoa denean, edo, hala ez denean, baldintza hauetako bat betetzen denean:
- Prozesuan zehar, aldizkari ofizialetan publikatu beharreko iragarki zein ediktuen doako argitaratzea.
- Tasa judizialen ordainketen eta errekurtsoak jartzeko beharrezko gordailuen salbuespena.
- Doako peritu-irizpen eta -txostenak.
- Kopia, lekukotza eta notario-aktak doan eskuratzeko aukera.
Eskubidearen hedadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Doako laguntza juridikoa auzialdi bereko izapide guztietara hedatzen da, exekuzioa barne; baina ezingo da beste prozesu batean aplikatu.
Modu berean, errekurtsoen epealdian eta ondorengo izapideetan ere mantenduko da eskubidea, baina, betiere, auzialdi berean mantenduz gero.
Eskaerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Non eskuratu daitezke eskaera-orriak?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Toki hauetan lortu daitezke doako laguntza juridikoa lortzeko aurkeztu beharreko inprimakiak:
- Abokatuen Elkargoetako Orientazio Juridikoko Zerbitzuetan, Justizia Sailaren eta Herri Administrazioaren Probintziako Ordezkaritzetan.
- Doako Laguntza Juridikoko Batzordeetan.
- Justizia-sail guztietan.
Noiz eskatu behar da doako laguntza juridikoaren eskubidea?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiru aukera edo kasu daude:
- Demanda jarri aurretik, eskubide hau egikaritzeko eskaera egin daiteke.
- Demanda erantzun aurretik, eskubide hau egikaritzeko eskaera egin dezake alderdi demandatuak.
- Demanda jarri ondoren edo demandari erantzun ostean, salbuespen modura, baldin eta eskubide hori eskuratzeko edo egikaritzeko beharrezko inguruabarrak edo baldintzak demanda jarri edo erantzun ondoren gertatu edo bete badira.
Azken kasu horretan, eskatzaileak Doako Laguntza Juridikoaren Batzordearen aurrean frogatu beharko ditu ondoren agertutako zioak. Hala ere, ezingo da eskubidearen eskaera egin prozesua ebazpen irmo baten bidez amaitu ostean, ebazpen horren exekuzioaren ingurukoa izan ezean.
Non aurkeztu behar dira eskaera-orriak?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Prozedura nagusiaz arduratuko den organo judiziala dagoen tokiko Abokatuen Elkargoan aurkeztu behar dira doako laguntza juridikoa jasotzeko eskabideak zein nahitaezko agiriak, zehazki Abokatuen Elkargoko Orientazio Juridikoko Zerbitzuetan.
Bestalde, eskatzailearen helbideari dagokion barruti judizialeko auzitegian ere aurkeztu daitezke, betiere behar bezala beteta egonez gero eskabideak. Azken kasu horretan, organo judizialak dagokion Orientazio Juridokoko Zerbitzuari (OJZ) igorriko dio eskabidea.
“Adibidez, Burgosen dagoen lursail baten erreklamazioa egin nahi izanez gero, Burgoseko Abokatuen Elkargoan edo eskatzailearen helbideari dagokion epaitegian aurkeztu beharko da doako laguntza juridikoaren eskaera-orria. Eskatzailea, esaterako, Getxon bizi bada, Getxoko Epaitegian aurkeztu dezake eskaera-orria, eta epaitegi horrek bidaliko du Burgoseko Abokatuen Elkargora”.
Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, OJZren bulegoak Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Justizia Jauregietan daude. Zehaztasun gehiagorekin:
Gizpukoako Abokatuen Elkargoko Orientazio Juridikoko Zerbitzua Donostian dago, helbide honetan: Teresa de Calcuta Plaza 1, 4. solairua. Zerbitzu horren telefonoa, aldiz, hau da: 943 00 43 56.
Bizkaikoaren helbidea, berriz, hau: Rampas de Uribitarte, 3; telefono honekin: 944356200.
Arabakoa: Fray Francisco de Vitoria pasealekua, 4. Telefonoa: 945366056.
Eskaera-orriarekin batera, zer aurkeztu behar da?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hauek dira doako laguntza juridikoaren onarpena lortzeko beharrezko inprimaki eta dokumentuak:
- Doako laguntza juridikoa eskatzeko inprimakia behar bezala beteta.
- Hala badagokio, Lurralde Historikotik kanpoko ondasun higiezinen aitorpenaren inprimakia.
- Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren, AIZren (Atzerritarren Identifikazio-Zenbakiaren) edo pasaportearen fotokopia.
- Eskatzailearen familia-erroldaren eta harekin bizi diren gainerako pertsonen erroldaren ziurtagiria.
- Defendatu nahi den auziaren egiaztagiriak.
- Lan-bizitza eguneratua.
- Ondasun higiezinen jabetza-tituluen fotokopia
- Zure titulartasuneko kontu, gordailu, epekako ezarpen eta antzeko guztietan azken lau hilabeteetan izandako banku-mugimenduak.
- Baldin badagokizu, banantzeari edo dibortzioari buruzko epaia eta hitzarmen arauemailea.
Langilea bazara, erregimenaren arabera:
- Besteren konturako langilea: azken lau nominak.
- Norberaren konturako langilea: Balio Erantsiaren gaineko Zergaren, Pertsona Fisikoaren Errentaren gaineko Zergaren edo Sozietateen hiru hileroko ordainketei dagozkien azken lau aitorpenak.
Pentsioduna, enplegugabea, langabea bazara, edo pentsio-, prestazio-, subsidio-motaren bat kobratuz gero, edo aldizkako edo noizbehinkako diru-sarrera motaren bat izanez gero:
- Pentsio publikoen (baliaezintasuna, alarguntasuna, etab.) onuraduna zarela edo ez zarela adierazten duen ziurtagiria, eta, hala badagokizu, jasotakoen ziurtagiria.
- Langabezia-aldiaren INEMen, Lanbideren edo kasuan kasuko Laneko Zerbitzu Publikoaren ziurtagiria, eta, hala dagokionean, sorospena jaso izanaren ziurtagiria.
- Gizarte-laguntzen onuradun zarela adierazten duen ziurtagiria, eta, hala badagokizu, jasotakoen ziurtagiria.
Ezkonduta bazaude edo norbaitekin bizi bazara:
- Familia-liburuaren fotokopia.
- Aurretiaz deskribatutako ezkontide edo bikotekideari buruz eskatzailearentzat derrigorrezkoak diren agiri guztiak, baita gerora harremandutakori buruzkoak ere, hala badagokio.
Egoera berezietan eskatuko diren agiriak:
- Banantze edo dibortzioa izapidetzeko, ezinbestekoa da ezkontideen azken egoitza zehaztea.
- Adingabea izanez gero, agiri guztiak gurasoei buruzkoak izan beharko dira.
- Tutoretzapeko adingabea izanez gero, berriz, agiriak tutoreari buruzkoak izango dira (foru-aldundiaren tutoretzapean egonez gero, aldundiak tutoretzari buruz emandako foru-agindua).
Prozedura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskaera aurkezten denean, Abokatuen Elkargoetako orientazio juridikoko zerbitzuek aurkeztutako dokumentuak aztertu beharko dituzte. Dokumentu horiek nahikoa ez direla baliosten badute edo eskaeran hutsuneak topatzen badituzte, 10 egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsak zuzentzeko.
Eskaera aztertzean, eta adierazitako akatsak zuzentzean (hala behar izanez gero), eskatzaileak beharrezko baldintza guztiak biltzen dituen erabaki beharko du Abokatuen Elkargoak.
- Eskubidea eskuratzeko ezarritako baldintzak betetzen dituela balioesten badu, eskaera jaso edo akatsak zuzendu eta 15 eguneko epean, abokatua behin-behinean izendatzeari ekingo dio, eta une berean Prokuradoreen Elkargoari jakinaraziko zaio hurrengo 3 egunetan prokuradorea izenda dezan, azken horren parte-hartzea nahitaezkoa izango balitz.
- Aldiz, Abokatuen Elkargoak eskatzaileak beharrezko baldintzak betetzen ez dituela edo eskaeraren auziak funtsik ez duela balioesten badu, eskatzaileari abokatua behin-behinean izendatu ez dela jakinaraziko dio 5 eguneko epean, eta, era berean, Doako Laguntza Juridikoko Batzordeari eramango dio eskaera berak erabaki dezan.
Abokatuen Elkargoak 15 eguneko epe horretan abokatua behin-behinean izendatzen ez badu, eskatzaileak berriro aurkeztu ahalko du eskaera dagokion Doako Laguntza Juridikoko Batzordean.
Doako Laguntza Juridikoko Batzordea denean doako laguntza juridikoaren inguruko erabakia hartu behar duena, egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egin ondoren, doako laguntza juridikoa onartu edo ukatuko du espedientea jaso eta 30 eguneko epean.
- Eskaera ontzat ematen bada, eskatzaileak zein laguntza jasotzeko eskubidea duen zehaztuko da ebazpenean. Izendapenik egongo ez balitz, Doako Laguntza Juridikoko Batzordeak elkargoei eskatuko die abokatua berehala izendatzeko eta, behar izanez gero, prokuradorea.
- Eskaera ontzat ematen ez bada, indarrik gabe geratuko dira Lanbide Elkargoek aurrez egindako izendapenak. Beraz, eskatzaileak berak aukeratu beharko ditu abokatua eta prokuradorea.
Aurrekoarekin jarraituz, espediente osoa jaso eta 30 eguneko epean ebazpenik ez balego, eskaera onetsitzat joko litzateke. Beraz, Abokatuen Elkargoak behin-behineko abokatuak izendatu izan balitu, izendapena berretsita geratuko litzateke eta baita prokuradorearena ere (hala balegokio). Elkargoak izendapenari buruzko erabakirik hartuko ez balu, berriz, interesdunak hala eskatuta, prozesua ezagutzen duen epaileak abokatuaren −eta prokuradorearena, hala balegokio− izendapena eskatuko lioke langile-elkargoari.
Eskubidea onartzen edo ukatzen duten doako laguntza juridikoko batzordearen ebazpenen aurka egiteko, 5 eguneko epea egongo da, eta horretarako, batzordearen idazkaritzan idatzizko arrazoiak aurkeztu beharko dira.
Araudia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]EAEko probintzien kasuan, Estatuko zein Euskal Autonomia Erkidegoko arauek eraentzen dute doako laguntza juridikoaren eskubidea eta Orientazio Juridikoko Zerbitzua.
Estatuko araudia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1/1996 Legea, urtarrilaren 10ekoa, Doako Laguntza Juridikoari buruzkoa. (1996ko urtarrilaren 12an EAOn argitaratua). Doako Laguntza Juridikoaren Araudia, irailaren 20ko 2103/1996 Errege Dekretu bidez onartua (1996ko 9 irailaren 24an EAOn argitaratua). [2]
- 3476/2000 Errege Dekretua, abenduaren 29koa, 2001. urterako lanbide arteko gutxieneko soldata finkatzen duena (2000ko abenduaren 30an EAOn argitaratua). [3]
- 1997ko ekainaren 3ko Agindua, doako laguntza teknikoko zerbitzuak egiteko beharrezko gutxieneko prestakuntza eta espezializazioko baldintza orokorrak ezartzen dituena (1997ko ekainaren 17an EAOn argitaratua).
Autonomia-erkidegoko araudia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 210/1996 Dekretua, uztailaren 30ekoa, doako laguntza juridikoari buruzkoa (1996ko irailaren 5ean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Ofizialean argitaratua).
- AGINDUA, 2000ko uztailaren 17koa, atxilotuarentzako laguntza letradunaren lanbide-jardunerako eta doako defentsa eta ordezkaritzaren lanbide-jardunerako ordainsarien modulu eta oinarriak eguneratzen dituena, 2001-1etik aurrerako ondorioetarako (2000ko irailaren 8an Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Ofizialean argitaratua).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ {{euskara | gaztelania}} .[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ {{{gaztelania}}} .
- ↑ {{{gaztelania}}} .
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- https://web.archive.org/web/20121227183543/http://www.justiciagratuita.es/pjg/home.do
- http://www.mjusticia.gob.es/cs/Satellite/Portal/eu/servicios-ciudadano/tramites-gesti[Betiko hautsitako esteka]ones-personales/asistencia-juridica-gratuita[Betiko hautsitako esteka]
- https://www.justizia.eus/albisteak/zer-da-doako-justizia-2
- https://ehu.on.worldcat.org/oclc/432906960
- https://ehu.on.worldcat.org/oclc/626948990