Edukira joan

Gizako nekropolia

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Koordenatuak: 29°58′34″N 31°07′58″E / 29.97611°N 31.13278°E / 29.97611; 31.13278
Wikipedia, Entziklopedia askea

Menfis eta bere Nekropolia - Piramideen Eremua Gizatik Dahshurrera1
UNESCOren gizateriaren ondarea

Mota Kulturala
Irizpideak i, iii, vi
Erreferentzia 86
Kokalekua  Egipto
Eskualdea2 Estatu arabiarrak
Izen ematea 1979 (III. bilkura)
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua)
2 UNESCOren sailkapena

Gizako nekropolia Gizako ordokian dagoen piramide eta hilobi multzoa da, Giza hiriaren mendebaldean, Egiptoko hiriburu den Kairotik hogei kilometro ingurura.

Piramide Handia eta Kefrenena Egiptoko piramideen artean handienak dira eta munduan eraiki diren egitura handienen artean daude[1]. Historian zehar Antzinako Egiptoren ikur izan dira Mendebaldearen imaginarioan[2]. Ospea hartu zuten garai helenistikoan, non Antipatro Sidongoak munduko zazpi mirarien artean sartu zuen Piramide Handia. Mirari zaharrena da eta egun zutik dirauen bakarra.

1979an, Menfisek bere nekropoli eta piramide zelaiekin (Giza, Abusir, Saqqara eta Dahshur) eratzen zuen multzoa, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen, Menfis eta bere Nekropolia - Piramideen eremua Gizatik Dahshurrera izenarekin. Mota kulturalekoa bezala katalogatuta dago, i, iii eta vi irizpideekin eta 86 identifikazio zenbakiarekin[3].

Gizako piramideak. 1893. Egipto; heliograbatua jatorrizko ikuspegitik (Brooklyn Museum)

Antzinako Egiptoko nekropoli honetan, Gizako Piramide Handia edo Keopsena, Kefrenen piramidea eta Mizerinoren piramidea eraiki ziren, alboko piramide txikiagoekin, hil tenpluekin, haraneko ontziralekudun tenplu eta prozesio galtzadekin batera, eta eguzki txalupa zeremonialak bertan uzteko hobiak zulatu ziren. Bertan, Gizako Esfinge Handia ere zizelkatu zen.

Errege monumentu hauekin loturik, mastaba ugari dago, faraoiak bere gortetarrei emanak, baita arbasoen gurtzarekin zerikusia duten beranduagoko garaietako monumentu batzuk ere.

Hiru piramide nagusietatik, bere erdigunea bakarrik kontserbatzen da, kareharrizko blokeez osatua, baina bere estaldurari dagokionez, kareharri landua edo granito arrosakoa, arrasto batzuk baino ez dira geratzen, bloke hauek, gertu dagoen Kairon eraikinak eraikitzeko erabili baitziren.

Kefrenen piramideak dirudi handiena, baina hori, ordokiko toki garaiago batean eraiki zelako da. Benetan, Keopsena da garaiena eta bolumen handienekoa. Keopsen piramidea, antzinatean, Mundu Zazpi Mirarietako bat zen, eta zazpi horietatik, zutik dirauen bakarra da.

Gizako piramide multzoa da Egiptoko piramideen artean ikusgarriena eta ezagunena, hantxe iritsi baitzuten perfekzioa Inperio Zaharreko arkitektoek.

Keopsen ehorzte-multzoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Khufu edo Keopsen nekopoliaren oinplanoa:
- horiz: piramide handia eta erreginenak
- arrosaz: mendebaldeko hilerria
- urdinez: hegoaldeko hilerria
- berdez: ekialdeko hilerria

Khufu edo Keopsen (K.a. 2589-2566) multzoak eraikuntza hauek ditu bere baitan: beheko tenplua, galtzada bat, hileta tenplua, piramidea bera, satelite piramide bat, erreginen hiru piramide eta bost txalupa-hobi[4]. Inguruan, ehorzketa gune edo hilerriak daude, hiru multzotan banatuak.

Piramidea da, segur aski, historia guztian harriz eraikitako monumenturik handiena. Aldera dakiokeen bakarra Txinako Harresi Handia da, askoz geroagoko obra, bestalde.

Keopsen piramidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Gizako Piramide Handia»

Piramide Handiaren oina karratu ia perfektu bat da, 230 metroko aldea duena (440 egiptoar besabete). Zorua berriz ia erabat horizontala da, gehieneko desnibela 0,0021 m besterik ez baita. Oineko karratuaren aldeak lau puntu kardinalekiko guztiz perpendikularrak dira[5]. Eraikuntzak 146,59 metroko garaiera zuen amaitu zutenean (280 besabete), baina gaur egun ez da 138,75era baizik heltzen. Kareharrizko 2.300.000 bloke handiz egina dago, milimetro erdi eskaseko igeltsuzko geruza tartean dutela. Blokeen batez besteko garaiera 0,69 metrokoa da, eta pisua 2,5 tonakoa, baina badira 1,5 m altu direnak eta 15 tonako pisua dutenak ere. Eraikin eskerga honen guztizko bolumena 2.600.000 m3-koa da eta 6.000.000 tona pisatzen du, gutxi gorabehera. Gainazala estaltzen zuten harriak oinarriak ageri dira oraindik. Apaindurako harri hauek kareharri fin zuriak ziren, inguruetako harrobietatik atereak[6].

Piramide arruntek baino barrualde konplexuagoa du, 3 hilobi ganbera baititu, maila desberdinetan. Hirugarren hilobira 8,46 m garai den korridore batetik heltzen da: Galeria Handia esaten zaio.

Herodotok egotzi zion tirano fama beltza gorabehera, lurralde aberatsa eta baketsua utzi zuen Khufu faraoiak heriotzak eraman zuenean. Hala, haren ondorengoek baliabide ugari izan zuten eskura piramide gehiago eraikitzeko.

Erreginen piramideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Keopsek beste hiru piramide eraikiarazi zituen, erreginen momiak gorde behar zituztenak. Piramide handiaren ekialdean eraiki ziren. Egiptologian, eraikin hauek GIa, GIb eta GIc izendapenekin ezagutzen dira: Giza "G", Keops piramidearen "I" eta "a, b, c", iparraldetik hegoaldera dauden ordenaren arabera. Bere oinarriak angeluzuzenak dira. Neurriei dagokienez, haien ertzak Keopsenaren bostenak dira eta malda 52°. Barruko nukleoa mailakatua zen, maila kopuru ezberdinekoak hiruak. Hiru piramideek estalduraren hondakinak dituzte, kareharri leunduzkoak, eta guztiek, barneko pasabide bat dute, erdiko ardatzetik gertu, hil-ganberara sartzeko. Beste ehorzte-eraikuntza bat ere nabarmendu behar da: Hetepheres I.aren hilobia.

Mendebaldeko hilerria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendebaldekoa, nekropoliko hilerri handiena da, eta IV. dinastiatik VI.era datatutako mastaba ugari ditu. Hiru zatitan banatuta, arkeologoek honako hauek bereizten dituzte:

  • "Mailakatua" izeneko hilerria, piramidearen ondoan dagoena eta, nagusiki, ehorzte-gurtzaz arduratzen ziren apaizen hilobiez osatua.
  • "Mastaben herria" izeneko gunea, non eraikirik onena dagoen, Khufu Hemiunu-ren tjaty-arena (G4000), eta guztietatik handiena, G2000.
  • Azkenik, mastaba txikien gune bat dago mendebaldeko muturrean.

Hegoaldeko hilerria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Keopsen Piramide Handiaren hegoaldean kokatua, bederatzi mastaba handi ditu, horietako batzuk Menkaureren erregealdiko pertsonaiei eman zaizkienak. Hilobi hauen artean, V. eta VI. dinastiakoak ere badaude. Hilerri honen hego-ekialdean, Sexemnefer IV.aren mastaba ikusgarria dago, V. dinastiako tjaty-a. Sarrera, alboetan bi obelisko dituen arrapala baten bidez egiten da, eta sarrerak bi zutabe ditu[7].

Ekialdeko hilerria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekropoliaren zati hau, errege-familiakoen hilobietarako erreserbatuta zegoen, eta erreginen piramideen ondoan dago. Mastaben artean daude Keopsen semeenak, besteak beste: Kauab (G7120 eta G7110), Dyedefhor (G7220 eta G7210) eta KhufuKhaf (G7140 eta G7130). G7340 mastaban kareharrizko sarkofago bat aurkitu zen, jauregiko fatxada motiboekin apaindua. Ankhaf eta bere emazte Hetepheresen mastaba (G7510) da handiena, eta nekropoliaren ekialdeko muturra menderatzen du. Bere indusketan, Ankhafen bustoa aurkitu zen, kareharri margotua, Antzinako Inperioko estatuagintzaren maisulantzat hartzen dena.

Kefrenen ehorzte-multzoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Piramidea eta Esfinge Handia, haraneko tenpluaren ondoan.

Khaefre edo Kefrenen (K.a. 2558-2532) multzoa Keopsena baino askoz hobeto kontserbatua dago, eta Asuango granito arrosaz estalitako tenplu eder bat barne hartzen du, haraneko tenpluarekin lotua 495 m luzeko galtzada harlauzadun baten bidez[8]. Eraikuntza hauek ditu bere baitan: beheko tenplua, Esfingearen tenplua, galtzada bat, hileta-tenplua, piramidea bera, piramide osagarri bat serdab batekin eta bost txalupa-hobi[4].

Kefrenen piramidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Kefrenen piramidea»

Piramidea Khufurena baino zertxobait txikiagoa da : 215,25 metroko aldeak ditu eta 143,50 metroko garaiera. Hortaz, hiruki sakratuaren proportzio doiak ditu : 3-4-5, garaiera = 4 dela. Egoera onean daude oraindik Kefrenen beheko tenplua eta piramidera heltzeko galtzada. Piramide honen gailurrean jatorrizko harrizko estaldura du, kareharri zurizkoa[6].

Tenpluaren ondoan Esfinge Handia dago, harkaitzean landutako esfinge baten estatua, erdi lehoi erdi gizaki. Munduko eskultura monolitiko handiena da[9], 14 m zabal, 73,5 m luze eta 20,22m garai. Khufuren garaikoa da Esfingea, eta beraz, Khaefreren tenplua baino antzinagokoa.

Mizerinoren piramidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mizerinoren Piramidea.
Sakontzeko, irakurri: «Mizerinoren piramidea»

Gizako piramideetan berriena Menkaure edo Mizerinorena (K.a. 2532-2504) da eta multzoak eraikuntza hauek ditu bere baitan: beheko tenplua, galtzada bat, hileta-tenplua, piramidea bera eta erreginen hiru piramide[4]. Piramideak beste bien aldean txikia ematen du, 105 metroko aldea eta 66ko garaiera baizik ez baitu. Egiptoar hiruki angelu-zuzenaren proportzioak errespetatzen ditu : h=5, b=4.

Piramidearen tamaina txikiagoa bada ere, inguruko tenpluak handiagoak eta aberatsagoak dira proportzioan. Beste hiru piramide txiki ere eraiki zituzten Menkaureren piramidearen ondoan, faraoiaren emazteen hilobitarako. Piramideen inguruko eraikinetan egindako lan horien guztien ondorioz, eraikuntza lanak pixka bat arrazionalizatu egin ziren eta, hala, V. dinastiatik aurrera, kareharrizko bloke txiki eta irregularrez eraiki ziren piramideak. Kanpoko geruza baizik ez zen egiten kareharri landuz[6]. ; alabaina geruza horrek, eraikin guztiz trinkoaren itxura ematen zion. Teknika berri horri esker askoz lehenago amaitu zituzten eraikinak, baina behin kanpoko blokeak kenduz gero (Erdi Aroko harginek guztiz gogoko zituzten), berehalaxe hondatu ziren.

Khentkaus I.a erreginaren hilobia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Khentkaus I.a Gizan hilobiratu zuten. Haren hilobia (LG 100 eta G 8400) Erdiko Zelaian kokatua dago, Mizerinoren beheko tenplutik hurbil. Multzoan honako eraikinak ditu bere baitan : piramidea, txalupa-hobi bat, beheko tenplua eta piramide herria[4].

Beste eraikinak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

V. eta VI. dinastiako faraoiek metodo berria erabiliz eraiki zituzten Abusir eta Sakkarako piramideak. Ia denak sartzen dira triangelu sakratuaren proportzio doietan, eta aurrekoak baino txikiagoak dira. V. dinastiako azkeneko erregea izan zen Unasen (K.a. 2375-2345) piramidetik aurrera, zeina Sakkaran baitago, sarkofagoa zegoen ganbaran piramideetako testuak idatzi ziren, ezagutzen diren erlijio testu antzinakoenak. Ganbararen sabaia ere apaintzen zen: izar zuriak irudikatzen zituzten atze urdin ilunaren gainean.

Hileta eraikin multzoak ez ezik, V. dinastiako faraoiek Ra jainkoari eskainitako tenpluak ere eraiki zituzten. Eguzkiari eskainitako tenplu hauek atari bat zuten aurrean, eta berorretatik piramideetakoen antzeko aldapa bat igotzen zen tenpluraino.

Eguzki ontzi bat irudikatzen zuen adreiluzko patio karratu bat izaten zen tenplua bera, eta patioaren barruan obelisko bat egoten zen idulki baten gainean ezarria.

Gizarte maila garaiko pertsonak, zerbitzatu zuten faraoiaren zenotafioaren ondoan eraikitako mastabetan hobiratzen ziren. Era horretan, Ra beraren kide bihurtzen ziren, jainko harekin identifikatzen baitzen faraoia hil ondoan.

Nekropoliko eraikinak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizako ordokiko nekropoliko eraikin nagusien zerrenda:

Gizako ordokiko mapa
  1. Gizako Piramide Handia edo Keopsena
  2. Kefrenen piramidea
  3. Mizerinoren piramidea
  4. Kefrenen hil tenplua
  5. Keops eta Mizerinoren hil tenplua
  6. Keopsen alboko piramidea
  7. Kefrenen haraneko tenplua
  8. Mizerinoren haraneko tenplua
  9. Hetepheres erreginaren hilobiak
  10. Khentkaus I.a erreginaren mastaba
  11. Mizerinoren erreginen piramideak
  12. Kefrenen gortetarren mastabak
  13. Gizako Esfinge Handia
  14. Esfingeko tenplua
  15. Hemonen mastaba
  16. Mendebaldeko mastabak
  17. Sarrera kontrola (gaur egungoa)
  18. Eguzki txalupen hobiak (Keopsen eguzki txalupa)
  19. Sarrera errepidea (gaur egungoa)
  20. Hipogeo hilobiak
  21. Artisauaren biltegiak
  22. Sarrera errepidea (gaur egungoa)
  23. Nazlet el-Samman
  24. Prozesio galtzadak
  25. Mizerinoren harrobia
  26. Hilerria (gaur egungoa)
  27. Hegoaldeko hipogeo hilobiak
  28. Perimetroko harresiak
  29. Mastabak eta hipogeo hilobiak
  30. Mendebaldeko mastaba hilerria
  31. Ekialdeko mastaba hilerria

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Watkin, David. (2005). A History of Western Architecture. , 14 or. ISBN 978-1-85669-459-9.
    Aipua: «The Great Pyramid...is still one of the largest structures ever raised by man, its plan twice the size of St. Peter's in Rome»
    .
  2. Pedro Tafur, Andanças e viajes.
  3. UNESCOren fitxa
  4. a b c d Bertha Porter eta Rosalind Moss, Topographical Bibliography of Ancient Egyptian Hieroglyphic Texts, Reliefs, and Paintings. Volume III, Memphis. Part I, Abû Rawâsh to Abûṣîr. 2nd edition, revised and augmented by Jaromir Málek, The Clarendon Press, Oxford 1974, PDF from The Giza Archives, 29,5 MB Retrieved February 10, 2017.
  5. «Eraikin zerutiarrak» Elhuyar aldizkaria 2001/10/03.
  6. a b c Miroslav Verner, The Pyramids: The Mystery, Culture, and Science of Egypt's Great Monuments, Grove Press. 2001 (1997), ISBN 0-8021-3935-3
  7. Aufrère, Golvin eta Goyo: op. cit., 36 or.
  8. Maragioglio eta Rinaldi: op. cit., 5 or.
  9. (Ingelesez) J. C. Vintner. (2011). Ancient Earth Mysteries. .
  • Badawy, Alexandre. A history of egyptian architecture - Volume I - From the earliest times to the end of Old Kingdom (en anglès). Caire: A. Badawy, 1954.
  • DDAA. Egipto. Dioses, templos y faraones. Volum I (en castellà). Madrid: Ediciones Prado, 1992. ISBN 84-7838-162-7.
  • DDAA. Egipto. Dioses, templos y faraones. Volum II (en castellà). Madrid: Ediciones Prado, 1992. ISBN 84-7838-162-7.
  • Dieter, Arnold; Strudwick, Nigel;Strudwick, Helen. The encyclopaedia of ancient Egyptian architecture (en anglès). I.B. Tauris, 2002. ISBN 978-1-86064-465-8..
  • Edwards, Iorwerth Eiddon Stephen. Les Pyramides d'Égypte (en francès). Reader's Digest, 1992.
  • Hawass, Zahi. Trésors des pyramides (en francès). Reader's Digest, 2003. ISBN 2709814641.
  • Langer, Kurt; Hirmer, Max. Egipto (en castellà). Mexico D.F.: Editorial Herrero, 1962.
  • Lehner, Mark. Todo sobre las Pirámides (en castellà). Barcelona: Destino, 2003. ISBN 84-233-3556-9.
  • Lehner, Mark. The Complete Pyramids (en anglès). Thames & Hudson, 1997. ISBN 0-500-05084-8.
  • Manley, Bill. The Seventy Great Mysteries of Ancient Egypt (en anglès). Barcelona: Thames & Hudson, 1997. ISBN 0-500-05123-2.
  • Manuelian, Peter. Egypt: The World of the Pharaohs (en anglès). Cologne Germany: Könemann Verlagsgesellschaft mbH, 1998. ISBN 3-89508-913-3.
  • National Geographic Society: Mysteries of Egypt, 1999. ISBN 0-7922-9752-0
  • Sureda, Joan. Historia Universal del Arte:Las primeras civilizaciones Volum I (en castellà). Barcelona: Editorial Planeta, 1988. ISBN 84-320-6681-8.
  • Vandier, Jacques. Manuel d'archéologie égyptienne, tome II (en francès), 1976. ISBN 2-7084-0020-7.
  • Verner, Miroslav. The Pyramids: The Mystery, Culture, and Science of Egypt's Great Monuments (en anglès). Nova York: Grove Press, 2001. ISBN 0-8021-3935-3.
  • Wildung, Dietrich. Egipto de la prehistoria a los romanos (en castellà). Còlonia: Taschen, 1998. ISBN 3-8228-7562-7.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
29°58′34″N 31°07′58″E / 29.97611°N 31.13278°E / 29.97611; 31.13278