Israelgo historia
Israelgo historia honek Israelgo Estatuaren historia garaikidea aztertzen du, hots, 1948an estatua sortu zenetik gaur arte.
Historiaurrea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Israel modernoko gizaki goiztiarren ebidentziarik antzinakoena, duela 1,5 milioi urtekoa, Ubeidiyan aurkitu zen, Galileako itsasotik gertu[1]. Yironen suharriz egindako tresnak aurkitu dira, Afrikatik kanpo aurkitutako harrizko tresnarik zaharrenak. Beste talde batzuen artean, 1,4 milioi urteko industria acheul aldikoa, Bizat Ruhama taldea eta Gesher Bnot Yaakov daude[2].
Karmel mendian, el-Tabunen, eta Es Skhulen[3], giza hondakin neandertalak eta moderno goiztiarrak aurkitu ziren, eskualdeko historia estratigrafikorik luzeena erakutsiz, 600.000 urteko giza jarduera[4], Behe Paleolitotik gaur egunera arte, gutxi gorabehera milioi bat urteko giza eboluzioa irudikatuz[5]. Paleolitoko beste leku aipagarri batzuk Qesem eta Manot kobazuloak dira. Afrikatik kanpo aurkitutako gizaki anatomikoki modernoen fosilik zaharrenak Skhul eta Qafzeh hominidoak dira, duela 120.000 urte Israel iparraldean bizi zirenak[6]. K.a. 10. milurtekoaren inguruan, Natufiako kultura zegoen[7].
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]K. a. XII. mendean Jakoben ondorengoak garai hartako Kanaanen ezarri ziren, Egiptoko esklabotzatik irten ondoren. Daviden garaian tribuak monarkiaren baitan batu ziren (c. k.a. 1000 urtean), baina Salomonen erregetzaren ostean bitan banatu ziren:Israelgo Erresuma eta Judeako Erresuma. Ordutik aurrera, israeldarrek botere politikoa galdu zuten, eta Babiloniaren, Persiaren, Mazedoniaren eta Erromaren mende izan ziren.
Asiriarrek hartu zuten Judea k.a. 722an, eta babiloniarrek Israel k.a. 587an. Haien ondotik persiarrak, greziarrak eta erromatarrak iritsi ziren; K.o. 70. urtean, matxinada baten ostean, Erromatar Inperioak juduak erbesteratu zituen. Halaxe hasi zen juduen diaspora. Hurrengo mendeetan beste herri askok hartu zuten Palestina: bizantziarrek, persiarrek, arabiarrek, gurutzadetako soldaduek, mamelukoek´... 1516tik aurrera, Otomandar Inperioaren mende egon zen zen lurraldea.
Bien bitartean, mundu osoan zehar sakabanaturik zeuden juduek galdutako lurraldera itzultzea izan zuten helburu nagusi. Judu elkarte asko, beren ohiturak eta sinesmenak gorde bazituzten ere, bizi ziren tokietan integratzen saiatu ziren. Hala, XIX. mendean, mendebaldeko Europako juduak onartuak izan ziren bitartean, Errusian, aldiz, bertakoetatik bereizirik bizi ziren. XIX. mendean, Moses Hessen eta, batez ere, Theodor Herzlen eraginez, sionismoa deritzon ideologia sortu zen. Ideologia horrek zioenez, juduek Palestinara itzuli behar zuten beren estatua sortu eta antisemitismotik libre bizi ahal izateko.
Hebrear estatua sortzeko ahaleginak egin ziren, eta judu guztiak batera Palestinara emigratzeko eta estatu berri bat sortzeko asmoa gero eta gehiago sendotu zen. Mugimendu sionista zen ideia horien sustatzaile nagusia, eta Errusiako juduak izan ziren lehenak asmo hori betetzen. Hala ere, judu guztiak ez ziren sionismoaren jarraitzaile: batzuek bizi ziren herrialdean integratzea proposatzen zuten, eta beste batzuek, aldiz, Palestinara itzultzea, Jainkoaren gidaritzapean.
« | 28 Liztortzarrak bidaliko dizkizuet aurretik, hibiar, kanaandar eta hititak uxa ditzaten. 29 «Ez ditut, hala ere, urte bakar batean botako, herrialde haiek eremu bihurtu eta basapiztiak ugal ez daitezen zuen kalterako. 30 Ezari-ezarian botako ditut zuen aurretik, lurralde hartaz jabetzeko adina zuek ugaldu arte. 31 «Zuen lurraldea Itsaso Gorritik Mediterraneoraino hedatuko dut, eta Sinai basamortutik Eufrates ibairaino. Lurralde hartako biztanleak eskumende jarriko dizkizuet, eta zuek bota egingo dituzue. 32 Ez egin hitzarmenik haiekin, ezta haien jainkoekin ere. 33 Ez utzi haiei zuen lurraldean bizitzen, nire aurka bekatu egitera eraman ez zaitzaten; bada, haien jainkoak gurtuko zenituzkete zeuen galbiderako». |
» |
—Elizen Arteko Biblia. 2008. Irteera. (23. ataleko azken bertsetak). |
Britainiar agintea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen Mundu Gerraren ostean, Palestina Britainia Handiaren eskuetara igaro zen. Estatu horrek zalantzak zituen, juduei Palestinan kokatzen lagundu edo ez. Hala ere, 1917an Balfourren deklarazioa onartu zuen, juduei Palestinan beren nazioaren egoitza eraikitzeko eskubidea ematen ziena; haatik, zaila zen juduei laguntzea arabiarrak gaitzitu gabe.
1922an, Nazio Ligak lurraldea gobernatzeko eskubidea onartu zion Britainia Handiari, burujabetza lortu bitartean. Britainiarrek laguntza eman zieten Palestinara joan nahi zuten juduei, baldin eta han bizi ziren arabiarren eskubideak babesten baziren. Izan ere, artean, Palestinako biztanle gehienak arabiarrak ziren. 1923-1939 bitartean, ahaleginak egin ziren lurraldea bi estatutan (hebrearra eta arabiarra) banatzeko, baina etnia bakoitzak beretzat nahi zuen lurralde osoa. Bien bitartean, arabiarren eta juduen arteko lehen gerra piztu zen 1936an.
1939ko agiri ofizial batean arabiarrei laguntzeko eta juduen immigrazioa murrizteko eta hedapena mugatzeko agindua eman zen. Baina, Bigarren Mundu Gerran naziek Europa harturik juduei esetsi zietenean (sei bat milioi hil zituzten), juduek oldeka ihes egin zuten, eta britainiarrek Palestinan ezarri zizkieten mugak igaro zituzten. Mugimendu sionista banatu egin zen, eta britainiarren kontra matxinatu ziren muturreko talde armatuak sortu ziren.
1947ko otsailaren 14an, Britainia Handiko gobernuak Embarrass Operazioa jarri zuen abian. Helburua zen Europatik Palestinara Holokaustoaren biktimak eraman behar zituzten ontziak portuetan bonbardatzea eta saboteatzea, ondoren, arabiarrei egozteko erasoak. Bigarren Mundu Gerra bukatu berria zen eta agintariek MI6 zerbitzu sekretuari eskatu zioten errefuxiatuen fluxua gerarazteko. Guztira bost ontziri egin zioten eraso.[8]
1947an, Bigarren Mundu Gerra amaituta, Britainia Handiak argi ikusi zuen ezin zituela juduak eta arabiarrak adiskidetu, eta 1948ko udarako handik alde egin nahi zuela adierazi zuen. Horren aurrean, Nazio Batuen Erakundeak Palestina bitan banatzeko plana onartu zuen: hebrear estatua batetik, eta arabiar estatua bestetik, Jerusalem eta haren inguruak nazioarteko erregimen berezi baten baitan utzita. Arabiar Ligak zatiketa hori gaitzetsi egin zuen.
Independentzia eta arabiar-israeldar gerrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1948ko maiatzaren 14an, britainiarrek Palestinan zuten agintaldia amaiturik, Israelen independentzia aldarrikatu zuten juduek. Israelen mugan zeuden arabiar herriak lurraldearen ekialdean eta hegoaldean sartu ziren handik gutxira, eta lehenbizikoarabiar-israeldarra gerra piztu zen; gerra horretan Israel atera zen garaile. Izan ere, 1949an su-etenak sinatuagatik, israeldarrek gerran irabazi zituzten lurraldeak eurentzat gorde zituzten: zatiketa planean Israeli egokitu zitzaion lurraldeari beste % 26 gehitu zion. Jordaniak Zisjordania eta Jerusalemgo alde zaharra konkistatu zituen, eta Egiptok Gazako zerrenda.
Gerra garaian eta bukaeran, Israelek konkistatutako lurraldeetatik hainbat arabiarrek alde egin behar izan zuten (kalkuluen arabera, 600.000 eta 900.000 artean). Gehienbat inguruko estatuetara erbesteratu ziren, eta horrela sortu zen palestinar iheslarien arazoa, Israelen eta bere auzokideen arteko gatazkan osagai garrantzitsua dena. Arabiar herrien iritziz, israeldarrak arrotzak ziren, eta palestinarren ustetan, berriz, beren lurraldetik kanpora egotzi zituzten etsaiak. Hurrengo urteetan, palestinarren kontrako gudak eta arabiar herrien boikotak izan ziren.
Suezko krisia (1956)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1956an Israelek Frantzia eta Erresuma Batuarekin batera Egipto erasotu zuen. Frantziak eta 1956an, Israelek, Frantzia eta Erresuma Batuarekin batera, Egiptori eraso egin zion (Suezko Gerra. Frantziak eta Erresuma Batuak Suezko kanalaren nazionalizazioa eragotzi nahi zuten eta Israelek, aldiz, Egiptotik eraso egiten zioten palestinarren baseei eraso nahi zien. Israelentzat, Suezko Gerra garaipen argia izan zen (Gaza eta Sinai ia osoa bereganatu zituen), baina Frantzia eta Erresuma Batuarentzat, erabateko porrota, han nazioartean ordura arte izandako hegemonia galdu baitzuten.[9][10]
Nahiz eta gerra ondoren Israel Sinaitik eta Gazako zerrendatik erretiratu behar izan zen, Egiptoko mugan segurtasuna lortu zuen, gerraondoan han jarri ziren Nazio Batuen Erakundeko begiraleei esker. Hala ere, bake egoera badaezpadakoa zen oso. Suezko Gerratik aurrera, Ekialde Hurbila munduko gune gatazkatsuenetakoa bihurtu zen.
Sei Eguneko gerra (1967)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egipto, Siria eta Jordaniako armadek egindako mugimenduek Israelen susmoak piztu zituzten, eta estatuok erasotzea pentsatu zuen, geroko erasoren bat saihesteko. Armada arbiarren arabera, beraien mugimenduak Israelek Sinaiko penintsula konkistatzeko eginiko aproben erantzuna izan ziren.
Gerra honetan zehar, Israelek Sinaiko penintsula konkistatzea lortu zuen, Suezko kanaleraino. Ordura arte Jordaniaren esku egondako Zisjordania eta Jerusalem ekialdea ere bereganatu zituen, eta Siriaren esku zeuden Golango gainak ere hartu zituen.
Lurralde hauek duten arabiar jatorriko populazio handia dela eta, Israelek ez ditu inoiz anexionatu, okupazio militarpean eduki baizik. Lurralde hauek bere menpe edukitzea Israelen indargune garrantzitsuena izan da bere auzokideekin eduki dituen negoziazio eta gatazketan.
1968an Nazio Batuen Erakundeak alde biei konpromiso zehatzak eskatu zizkieten: Israeli gerra aurreko mugetara itzultzea eta herrialde arabiarrei Israel onartzea. Hala ere, garai hartan alde batek ere ez zuen agindutakoa bete.
1967ko gerraren ondorio garrantzitsuena palestinar nazionalismoaren sorrera izan zen, Arafat bezalako liderren eskutik. Gertaera honek arabiar eta Israeldarren arteko gatazka aldatu zuen erabat; ordundik aurrera, gatazka ez da estatuen artekoa, estatu baten eta berak okupatuta dituen lurraldeetako biztanleen artekoa baizik.
Yom Kippur gerra (1973)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1973ko urriaren 6an (judutarrentzat Yom Kippur penitentziako jaia) Egiptok eta Siriak Israel erasotu zuten ustegabean. Israelek uko egiten zion bake segurua lortu arte okupatutako lurraldeetatik alde egiteari. Garai hartan, gainera, Ameriketako Estatu Batuen laguntza jasotzen hasi zen era erregularrean. Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak aldiz, arabiarren aldeko jarrera hartu zuen, bereziki Egiptori laguntza militarra eskainiz.
Israelek lortu zuen egun gutxitan Sinaiko penintsulatik eta Golanetik jasotako erasoei aurre egitea, eta gerra amaitu zenean lurralde okupatuak bere menpe jarraitu zuten. Hala ere, gerra honek krisi ekonomiko sakona ekarri zuen herrialde kapitalistetara, petrolioaren prezioak ikaragarri igo baitziren arabiarren boikoten ondorioz.
Egiptorekin bakea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egiptoko buruzagi Anwar al-Sadatek, Israelgo lehen ministro Menachem Beginen gonbiteari erantzunez, Jerusalem bisitatu zuen 1977an. Sadatek Israelen izateko eskubidea onartu eta Knesset edo parlamentuan hitzaldi garrantzitsua egin zuen, bakea eta adiskidetzea eskatuz. Hala ere, Israelek Sinai, Zisjordania, Gaza eta Golan konkistatzea gaitzetsi zuen.
1978ko irailean Jimmy Carter AEBetako lehendakariak Egipto eta Israelen arteko bake plana adostu zuen Begin lehen ministroarekin. Era berean, akordio hori gainerako estatu arabiarrengana zabaltzea pentsatu zen, behin hauek Israelen izaera onartu ondoren.
Akordio hori Begin eta Sadatek izenpetu zuten Camp Daviden (AEB). Horren ondorioz, 1982an Israelek Sinaiko penintsula itzuli zion Egiptori, eta herrialde bien arteko harreman diplomatikoak ezarri ziren.
Arabiar Ligak akordio hau erabat gaitzetsi zuen. Hori dela eta Egipto erakundetik kanpo bota zuten eta herrialde honen kontrako boikota hasi zuten. Sadat presidentea ere, desfile militar batean zegoela, tirokatu eta hil egin zuten.
Libanoko Gerra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1948ko gerraren ondoren (Lehen gerra arabiar-israeldarra) Israel eta Libanoren arteko muga nahiko segurua zen. Hala ere, 1970ean Jordaniak errefuxiaturik zituen hainbat ekintzaile kanporatu zituen, eta hauek Libano hegoaldean ezarri ziren. Hortik, Israelgo iparraldea erasotzen zuten sarri. 1978an Israel Libanoko hegoaldean sartu zen terrorista palestinarren aurka eraso egiteko. Hala ere, Nazio Batuen Erakundeak hartutako erabaki bati jarraituz, Israel Libanotik erretiratu zen.
Hala ere, Palestinaren Askapenerako Fronteak Israel erasotzen eta Libanoko armada kristauaren aurkako ekintzak egiten jarraitu zuen. 1982an Israel berriro sartu zen Libanon, PAFko gerrilak deusezteko asmoz. Gerra honek Israelen bertan ere krisi gogorra eragin zuen, hildako asko izan baitzituen armadak.
1982an PAFa Libanotik erretiratu zen, eta AEBen bitartekaritzaz Israel eta Libano akordio batera iritsi ziren. Nahiz eta Siriaren eraginez Libanok ez zuen ituna berretsi, Israelek tropak erretiratu zituen 2000. urtean, Ehud Barak lehen ministroaren aginduz.
XXI. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2000ko uztailean, Camp Davideko goi bilera egin zen, Ehud Barak Israelgo lehen ministroaren eta Jassir Arafat Palestinako Aginteko lehendakariaren artean, Bill Clinton Estatu Batuetako lehendakariaren eraginez. Bilera hartan, Barakek plan bat eskaini zion Arafati palestinar estatu bat sortzeko, baina Arafatek uko egin zion. Bilerak ez zuen emaitzarik eman, eta hura bertan behera gelditu zenean, Bigarren Intifada hasi zen lurralde okupatuetan.[11]
2001eko hauteskunde berezietan, Ariel Sharon izendatu zuten lehen ministro. Bere agintaldian, Sharonek Gazako zerrendatik erretiratzeko asmoa bete zuen eta, bestalde, Zisjordania zeharkatzen duen harresia eraikiarazi zuen. Harresi hori oso eztabaidatua izan zen; batzuentzat, beharrezkoa zuen Israelek palestinar atentatugileengandik babesteko; beste batzuentzat, ordea, harresi hori palestinar lurralde zati bat bereganatzeko aitzakia besterik ez zen, eta bakarturik eta inkomunikaturik utzi zituen palestinarrak.
2006an, garuneko jario baten ondorioz, Sharon koma egoeran gelditu zen, eta Ehud Olmertek hartu zituen lehen ministroaren ardurak. Urte hartako udan, Libanoko Bigarren Gerra hasi zen. Hezbolako ekintzaile batzuek koheteak bota zituzten Israelgo iparraldera, eta israeldar soldadu batzuk hil eta haietako bat bahitu zuten. Ekintza horri erantzunez, Israelek Libano inbaditu zuen, borroka handiak izan ziren israeldar armadaren eta Hezbolaren artean, eta Israelek bonbardaketa gogorrez zanpatu zuen Libano. Zibil asko hil zituzten, eta eraikin eta azpiegitura asko porrokatu. Handik hilabetera bukatu zen gerra.
2007an, israeldar lehen ministro Ehud Olmert eta palestinar lehendakari Mahmoud Abbas hizketan hasi ziren berriz, konponbide bat aurkitu nahian. 2008. urtearen amaieran, Hamasen eta Israelgo estatuaren arteko su-etena hautsi egin zen, Gazako zerrendatik Israela Hamasek koheteak bota zituenean. Israelek aurrena Gaza hegazkinez bonbardatuz eta gero Gaza lurrez inbadituz erantzun zuen (2008/2009ko Gazako bonbardaketak). Sekulako sarraskia eragin zuen zibilen artean, eta hondamen ia erabatekoan utzi zuen Gaza. 2009ko urtarrilean amaitu ziren eraso horiek.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Tchernov, Eitan. (1988). «The Age of 'Ubeidiya Formation (Jordan Valley, Israel) and the Earliest Hominids in the Levant» Paléorient 14 (2): 63–65. doi: . (Noiz kontsultatua: 2023-02-10).
- ↑ (Ingelesez) Ronen, Avraham. (2006-01-01). «The oldest human groups in the Levant» Comptes Rendus Palevol 5 (1): 343–351. doi: . ISSN 1631-0683. (Noiz kontsultatua: 2023-02-10).
- ↑ «Athena Review 2,4: Timeline in the understanding of Neanderthals» web.archive.org 2007-09-27 (Noiz kontsultatua: 2023-02-10).
- ↑ «Pamela Jane Smith, Department of Archaeology, University of Cambridge» web.archive.org 2009-02-28 (Noiz kontsultatua: 2023-02-10).
- ↑ «The Zinman Institute of Archaeology - Excavations and Surveys» web.archive.org 2013-03-13 (Noiz kontsultatua: 2023-02-10).
- ↑ (Ingelesez) «Fossil teeth place humans in Asia '20,000 years early'» BBC News 2015-10-14 (Noiz kontsultatua: 2023-02-10).
- ↑ Bar‐Yosef, Ofer (1998). "The Natufian culture in the Levant, threshold to the origins of agriculture". Evolutionary Anthropology: Issues, News, and Reviews. 6 (5): 159–177. doi:10.1002/(SICI)1520-6505(1998)6:5<159::AID-EVAN4>3.0.CO;2-7. S2CID 35814375
- ↑ https://www.argia.eus/efemerideen-kanala/britainia-handiko-gobernuak-embarrass-operazioa-jarri-zuen-abian
- ↑ Cash, Damien, "Suez crisis, The Oxford Companion to Australian History. Graeme Davison, John Hirst & Stuart Macintyre. Oxford University Press, 2001.
- ↑ Owen, Roger, "Suez Crisis", The Oxford Companion to the Politics of the World. Joel Krieger, Oxford University Press Inc. 2001.
- ↑ Agintarien batzarretik at, enfrentamendu gogorrak berriz ere Gazan eta Zisjordanian. Euskaldunon Egunkaria, 2000ko urriak 17, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-3-21).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea](Gaztelaniaz) Israelgo historiari buruzko web-orria