Jane Goodall
Valerie Jane Goodall PhD, DBE, jaiotzaz Valerie Jane Morris-Goodall (Londres, Ingalaterra, 1934ko apirilaren 3a) primatologo, naturalista, aktibista eta antropologo bat da.[1][2] Txinpantzeetan aditu handienetako bat da, 60 urtez txinpantze basatien interakzio sozialak eta familiarrak aztertzen aritu ondoren. 1960an, Goodall Tanzaniako Gombe Streameko Parke Nazionalera joan zen lehen aldiz, eta han gizakien antzeko portaerak ikusi zituen txinpantzeen artean, gatazkak barne.[3]
Jane Goodall Institutuaren eta Roots & Shoots programaren sortzailea da. Eskubideen Ez Gizatiarren Proiektuaren batzordeko kidea da, 1996an sortu zenetik.[4] 2022ko apirilean, NBEren bake mezulari izendatu zuten.[1]
Etologian doktorea da Cambridgeko Unibertsitatean eta honoris causa doktorea munduko 45 unibertsitate baino gehiagotan. Nazioarteko 100 sari baino gehiago lortu ditu.[5]
Gaztaroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1934ko apirilaren 3an jaio zen Londresen. Aita Mortimer Herbert Morris-Goodall (1907-2001) negozio-gizona izan zuen, eta ama Margaret Myfanwe Joseph (1906-2000), Pembrokeshireko nobelagile bat, Vanne Morris-Goodall goitizenarekin idatzi zuena.[6][7][1]
Txikia zela, Goodallen aitak peluxezko txinpantze bat oparitu zion, Jubilee izenekoa, peluxezko hartza bat izan ordez. Horrek animalienganako maitasuna piztu zion. Berak honela azaltzen du: «amaren lagunak izututa zeuden jostailu harekin, beldur izango nintzelakoan eta amesgaiztoak egingo zizkidalakoan». Goodallek Londresen duen etxean dago Jubilee oraindik.[8]
Afrika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaztetatik animaliekiko eta Afrikarekiko interesa zuelarik, lagun baten etxaldera joan zen 1957an Kenyara.[9] Lana aurkitzeko lagun baten aholkuari jarraituz, Louis Leakey Kenyako antropologo eta paleontologoari deitu zion, animaliei buruz hitz egiteko bilera bat eskatuz.[10] Garai hartan, Leakey txinpantzeen ikertzaile baten bila zebilen, nahiz eta hasiera batean ez zion esan, uste baitzuen tximino handien azterketak eman zezakeela lehen hominidoen portaeraren aztarnarik.[11] Goodalli proposatu zion idazkari gisa beretzat lan egiteko.
1958an, Leakeyk Londresera bidali zuen Goodall, primateen portaera ikertzeko Osman Hillekin eta primateen anatomia aztertzeko John Napierrekin.[12] Leakeyk dirua bildu zuen, eta 1960ko uztailaren 14an Goodallekin elkartu zen txinpantzeak aztertzeko Tanzaniako Gombe Stream Parke Nazionalean. Goodallek amaren laguntza behar izan zuen, amaren presentzia beharrezkotzat jotzen baitzuen David Anstey arduradun nagusiak, Goodallen segurtasuna bermatu ahal izateko. Goodallek aitortu zuen amari esker animatu zela primatologiako karrera jarraitzera, 1950eko hamarkadan gizonezkoak besterik ez zen eremu bat.[13]
Leakeyk finantziazio handiagoa lortu zuen 1962an, Goodall, oraindik titulurik ez zuena, Cambridgeko Unibertsitatera ikastera joan ahal izateko. Han, 1964an, natura zientzietako lizentziatura lortu zuen, eta etologiako filosofiako doktoretza bat.[14][15][9][16][17] Lizentziaturarik lortu gabe doktoretza baterako ikasten utzi zioten zortzigarren pertsona izan zen.[1] Bere tesia 1966an osatu zen, Robert Hindek gainbegiratuta, bizitza libreko txinpantzeen portaerari buruz,[15] Gombeko Erreserban egin zituen lehen bost urteak barne hartzen zituena.[1][16]
Txinpantzeei buruzko azterketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Primate hauei buruzko ikerketak izaera zientifiko zorrotzekoak dira, baina, aldi berean, asmo hezitzaile argia dute: bizitza basatia zaintzea eta babestea, eta giza portaeraren eta kulturaren sustraiak publiko zabalari erakustea.
Bere irmotasunari esker, Tanzaniako gobernuak Gombe Streameko Ehiza Erreserbaren estatusa aldatzea lortu zuen, eta parke nazional bihurtu zuen. Parke horretan, txinpantzeak taldean aztertzen dira, eta horrek aukera ematen du haien arteko sozializazioa modu naturalean ikusteko.
1977an, Jane Goodall Institute for Wildlife Research, Education and Conservation erakundea sortu zuen Estatu Batuetan, Afrikako eta mundu osoko txinpantzeei buruzko ikerketa, kontserbazioa eta heziera bultzatzeko xedez. Institutu horrek ikerketa eta kontserbazio proiektuak ditu Tanzanian, Kongon, Hegoafrikan eta Senegalen.[18] Kongon, Tchimpoungako Txinpantzeen Errehabilitazio Zentroa sortu zen, institutuaren barruan, Afrikako handiena. Ezkutuko ehiztariei eta legez kanpoko merkatariei konfiskatutako txinpantze umezurtzak zaindu eta babesten dira bertan.
Sariak eta aitorpenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2002ko apirilean, Kofi Annan idazkari nagusiak Nazio Batuen Erakundearen bake mezulari izendatu zuen.[19]
Ingurumenaren eta zientziaren esparruan Goodallek jasotako sarien artean daude Kyoto saria (1990),[20] Tyler ingurumen saria (1997)[21] eta Gandhi-King saria (2001).[22]
Britainiar Inperioko Ordenaren dama izendatuan izan zen 2004an[23] eta Frantziako Ohorezko Legioa (2006).[24]
2015ean Katalunia Nazioarteko Saria jaso zuen.[25]
Jane Goodall Institutua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1977an, Goodallek Jane Goodall Institutua sortu zuen, Gombeko ikerketetan laguntzeko xedez, eta mundu osora zabaltzeko txinpantzeak eta haien habitatak babesteko ahalegina. Mundu osoan hemeretzi bulego ditu, eta aitorpen handi bat du Afrikara bideratutako ingurumen kontserbazio eta garapen programengatik. Gazteentzako Roots & Shoots izeneko programa orokorra 1991n hasi zen, bertako 16 nerabe Goodallekin elkartu zirenean, Dar es Salaameko (Tanzaniako) etxe atzeko ataripean, lehen eskuko esperientziaz ezagutzen zituzten zenbait arazo kezkagarri aipatzeko. Erakundeak 10.000 talde baino gehiago ditu orain, 100 herrialdetan baino gehiagotan.[26]
1992an, Goodallek txinpantzeak babesteko Tchimpoungako zentroa sortu zuen, Kongoko Errepublikan, legez kanpoko merkataritzaren ondorioz txinpantze umezurtzak zaintzeko. Zentroak ehun txinpantze baino gehiago zaintzen ditu, hiru uharteetan banatuta.[27]
1994an, Goodallek Tanganyika lakuaren arroaren baso berritze eta hezkuntza proiektu pilotua sortu zuen,(TACARE edo Take Care), txinpantzeen habitata deforestaziotik babesteko, Gombe inguruko muinoak basoberrituz eta, aldi berean, inguruko komunitateak iraunkortasunari eta nekazaritzako prestakuntzari buruz hezteko. TACARE proiektuak neska gazteei ere laguntzen die, ugalketa osasunean hezteko aukera emanez eta unibertsitateko matrikula finantzatzeko beken bidez.[28]
Dar es Salaamen Goodallen etxean hainbeste argazki, datu eta eskuizkribu pilatu zitzaizkionez, 1990eko hamarkadaren erdialdean Primateei buruzko Ikasketa Zentroa sortzea erabaki zuen Minnesotako Unibertsitatean, Jane Goodall Institutuaren parte, dokumentazio hori guztia bildu eta antolatzeko. Gaur egun, Jane Goodallen jatorrizko fitxategi guztiak digitalizatu, analizatu eta kokatu dira lineako datu base batean.[29] 2011n, Duke Unibertsitatera lekualdatu zen artxiboa.[30]
2018an eta 2020an, Michael Cammarata lagun eta enpresariarekin elkartu zen Goodall, Schmidt's Naturals eta Neptune Wellness Solutions produktu naturalak sortzeko. Salmenta bakoitzaren ehuneko bost Jane Goodall Institutuarentzat da.[31][32][33]
2004tik aurrera, Goodallek txinpantzeak eta ingurumena babesten ematen du ia denbora guztia, eta urtean ia 300 egun ematen ditu bidaiatzen.[34][35] Goodall aholkulari da, baita ere, Afrikatik kanpoko txinpantze zentro handienean, Save the Chimps, Fort Piercen (Florida).[36]
Jane Goodall Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jane Goodall Euskal Herrian izan zen 2010ean, Tolosako Naturaldia jardunaldian parte hartzen.[37]
Irudi galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e (Ingelesez) «Jane Goodall Biography» Biography.com (web.archive.org) 2010-08-10 (Noiz kontsultatua: 2024-05-31).
- ↑ (Ingelesez) «Jane Goodall» National Geographic (web.archive.org) 2024-03-23 (Noiz kontsultatua: 2024-05-31).
- ↑ (Ingelesez) Quammen, David. (2003). «Jane in the forest again» National Geographic (web.archive.org) 203. bol, 4. zk.: 90. ISSN 0027-9358. (Noiz kontsultatua: 2024-05-31).
- ↑ (Ingelesez) «About Us: The Nonhuman Rights Project» web.archive.org 2012-06-26 (Noiz kontsultatua: 2024-05-31).
- ↑ «Jane Goodall: «Nire bizitzaren amaieran, geratzen zaidan denboran gau8za gehiago lortu behar ditudala sentitzen dut»» www.bizkaia21.eus (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2020-09-18).
- ↑ (Ingelesez) «Morris-Goodall, Valerie J», Register of Births for Hampstead Registration District, volume 1a (1934), 748. or.
- ↑ (Ingelesez) England & Wales, Civil Registration Death Index, 1916-2007.
- ↑ (Ingelesez) Goodall, Jane; Berman, Phillip. (1999-12-08). Reason for Hope: A Spiritual Journey. Grand Central Publishing ISBN 978-0446930420. OCLC .57640310 (Noiz kontsultatua: 2024-05-31).
- ↑ a b (Ingelesez) «About Jane» Jane Goodall Institute USA (web.archive.org) 2024-03-18 (Noiz kontsultatua: 2024-05-31).
- ↑ (Ingelesez) «Dame Jane Goodall» American Academy of Achievement (web.archive.org) 2024-02-21 (Noiz kontsultatua: 2024-05-31).
- ↑ (Ingelesez) «Jane Goodall: How humans and animals can live together» TED Talk (web.archive.org) 2007ko ekaina (Noiz kontsultatua: 2024-05-31).
- ↑ (Ingelesez) Morell, Virginia. (1995). Ancestral passions: the Leakey family and the quest for humankind's beginnings. New York: Simon & Schuster ISBN 978-0684801926. (Noiz kontsultatua: 2024-05-31).
- ↑ (Ingelesez) Morgen, Brett. (2017-11-24). Jane. IMBd - National Geographic Studios, Public Road Productions (Noiz kontsultatua: 2024-05-31).
- ↑ (Ingelesez) «Honorary Fellows – Jane Goodall (2019)» Newnham College (web.archive.org) 2024-03-24 (Noiz kontsultatua: 2024-05-31).
- ↑ a b (Ingelesez) Goodall, Jane. (1966). Behaviour of free-living chimpanzees. Cambrigde: University of Cambridge OCLC .1063634333.
- ↑ a b (Ingelesez) «Curriculum Vitae Jane Goodall, Ph.D., DBE» Jane Goodall Institute (web.archive.org).
- ↑ (Ingelesez) Peterson, Dale. (2008). Jane Goodall: the woman who redefined man. Boston: Houghton Mifflin ISBN 978-0547525792. OCLC .895867965.
- ↑ (Ingelesez) «Projects» Jane Goodall Institute USA (web.archive.org) 2024-03-14 (Noiz kontsultatua: 2024-05-31).
- ↑ (Ingelesez) «Jane Goodall: Messenger of Peace | संयुक्त राष्ट्र» United Nations (web.archive.org) 2024-06-01 (Noiz kontsultatua: 2024-06-01).
- ↑ (Ingelesez) «Laureates by Years» Kyoto Prize (web.archive.org) 2024-02-22 (Noiz kontsultatua: 2024-06-01).
- ↑ (Ingelesez) «Past Laureates» Tyler Prize for Environmental Achievement (web.archive.org) 2024-03-02 (Noiz kontsultatua: 2024-06-01).
- ↑ «The World Council of Religious Leaders» web.archive.org 2023-04-21 (Noiz kontsultatua: 2024-06-01).
- ↑ (Ingelesez) «Jane Goodall | Biography, Awards, Institute, Books, & Facts» Encyclopaedia Britannica (www.britannica.com) 2024-05-09 (Noiz kontsultatua: 2024-06-01).
- ↑ (Frantsesez) Barthélémy, Pierre. (2006-01-17). «Jane Goodall, la dame aux chimpanzés» Le Monde (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-01).
- ↑ (Katalanez) «La primatòloga Jane Goodall, Premi Internacional Catalunya 2015 - VilaWeb» web.archive.org 2015-05-18 (Noiz kontsultatua: 2024-06-01).
- ↑ (Ingelesez) «History Fair» Roots & Shoots (web.archive.org) 2023-02-06 (Noiz kontsultatua: 2024-06-01).
- ↑ (Ingelesez) Westoll, Andrew. (2011-11-16). «In an African sanctuary, help and hope for orphaned chimps» The Globe and Mail (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-01).
- ↑ (Ingelesez) Kral, Allison. (2019-07-09). «Esri, Jane Goodall Institute partner to protect ecosystems» GPS World (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-01).
- ↑ (Ingelesez) «Gombe Stream Research Center» The Jane Goodall Institute (web.archive.org) 2011-02-10 (Noiz kontsultatua: 2024-06-01).
- ↑ (Ingelesez) «Goodall papers headed to Duke» Winston-Salem Journal (web.archive.org).
- ↑ (Ingelesez) «Schmidt’s Naturals, Jane Goodall Institute partner on deodorants» Drug Store News (web.archive.org) 2018-08-29 (Noiz kontsultatua: 2024-06-01).
- ↑ (Ingelesez) Roth, Jaclyn. (2020-09-18). «Neptune Wellness Solutions Announces Launch of Jane Goodall Product» OK News (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-01).
- ↑ (Ingelesez) «Jane Goodall Co-Develops Natural Product Line With Neptune Wellness & IFF» Beauty Packaging (web.archive.org) 2022-09-22 (Noiz kontsultatua: 2024-06-01).
- ↑ (Ingelesez) Bender, Kristin. (2009-10-02). «Goodall promotes peace, youth empowerment at talk in Berkeley» East Bay Times (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-01).
- ↑ (Ingelesez) Coward, Ros. (2004-10-10). «New mission for chimps' champion | Jane Goodall» The Guardian (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-01).
- ↑ (Ingelesez) «Staff Category: Advisory Council» Save the Chimps (web.archive.org) 2023-02-06 (Noiz kontsultatua: 2024-06-01).
- ↑ «Jane Goodall Euskadin izan da lehen aldiz, Tolosako Naturaldian» EiTB (web.archive.org) 2010-11-09 (Noiz kontsultatua: 2024-06-01).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Jane Goodall: Zientzialari izan nahi duten neskentzako mezua. (bideoa)