Lo-belar
Lo-belar | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Ranunculales |
Familia | Papaveraceae |
Generoa | Papaver |
Espeziea | Papaver somniferum |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | poppy seed (en) , Opio eta poppyseed oil (en) |
Genomaren kokapena | plants.ensembl.org… |
Lo-belarra edo opio-belarra (Papaver somniferum) landare espezie bat da, mitxoletaren familiakoa, hainbat droga ekoizteko erabiltzen dena. Lo-belarretik sortzen dira opioa eta horren eratorriak: heroina, morfina, tebaina, kodeina, papaberina eta noskapina. Haziak jateko onak dira eta olio osasungarriak ekoizteko erabiltzen dira.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lo-belarra urteroko landarea da. Zurtoina 1,5 m luze izatera irits daiteke eta lore zuri handia du, baina lila kolorekoa ere izan daiteke eta erdialdea morea ere izan dezake. Kapsula handia eta biribila ekoizten du haziak gordetzeko.
Erabilera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Loreak apaingarri gisa erabiltzen dira.
Haziak sukaldaritzan erabiltzen dira, batez ere Europa ekialdean, ogiari eta opilei usaina emateko.
Ohiko sendabelarra da landatzen den herrialdeetan, batez ere bere eragin somniferoa dela-eta.
Heldu gabeko kapsulak ebakitzean lika esnekara jariatzen du. Lika edo latex hau opioa ekoizteko erabiltzen da, batez ere heroina moduan hartzeko. Opioak alkaloide ugari du, aktiboenak morfina eta kodeina izanik.
Ekoizpena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Badirudi antzinakoa dela mitxoletaren familiako espezie honen ekoizpena, Neolito garaitik herrixken inguruan landatzen baitzen. Belarraren eta haren eratorrien merkaturatze eta ekoizpena nazioartean arautua dago, 1921ean lehen aldiz opioaren nazioarteko biltzarrean eta 1961an drogei buruzko biltzarrean.
Afganistan bilakatu da munduko opio ekoizlerik handiena, talibanen erregimena erori ondoren, Ameriketako Estatu Batuek eta hauen aliatuak egindako gerrari esker. 2004an estatu horrek munduko kontsumoaren % 75 hornitzen zuen. Lo-belarraren landaketa da lurralde txiro eta urrutikoetako nekazariek lortu dezaketen ogibide onuragarri bakarrenetakoa, ur gutxi eta zainketa urri behar baititu.
Ekoizpena Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herriari dagokionez, lo-belarra Arabako eta Trebiñuko hainbat tokitan landatzen hasi zen XXI. mendearen hasieran, eta ekoizpena handitzen ari da. 2013. urtean Gasteizko udalerriaz gain, Trebiñu, Berantevilla, Langraiz Oka, Erriberabeitia, Armiñon eta Zanbranan lantzen zen[1].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Mina arintzen duten loreak. Berria (Noiz kontsultatua: 2014-07-01).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Mitxoleta (Papaver rhoeas)