Olmekar eremu nuklear
Olmekar eremu nuklearra olmeka kultura sortu zen lurraldea izendatzen duen izen arkeologikoa da. Kolonaurreko kultura hau Erdialdeko Amerika gehienean hedatu zen (mendebaldeko zatian izan ezik). Kultura honen ebidentziarik argienak aurkitu diren lurraldeetako bat Mexikoko Golkoko kostaldeko lautadaren hegoaldeko zatia da, Papaloapan eta Grijalva ibaien artean dagoena, Tehuantepec istmoaren iparraldeko zatia dena.
Gaur egun, eremu hau Veracruz estatuaren hegoekialdeari eta Tabasco estatuaren mendebaldeari dagokio, biak Mexikon. Klima bero eta oso hezeko eremu bat da, ziuraski olmeken okupazioaren kolonaurreko garaian ere ziuraski izan zituen baldintzak.
Kultura eta estiloa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]"Olmeka" hitzak hulearen eskualdeko biztanleak esan nahi du, eta mexikek, mendeetan zehar Veracruz eta Tabascoko lurraldeak okupatu zituzten etniko eta linguistikoki ezberdinak ziren zenbait herri izendatzeko erabili zuten. Olmeka deitzen ditugunek euren buruari ematen zioten izena ez da ezagutzen. Kultura honek zazpi mende iraun zuen eta Erdialdeko Amerikako iraganaren garai aurreklasikoari dagokio (K. a. 500-200).
"Olmeka" izenpean bi errealitate bildu dira: Mexikoko Golko inguruko herri bat eta arte estilo bat. Olmeka estiloa Erdialdeko Amerika guztian barreiatuta dauden haitz, kobazulo, eskultura handi eta txiki eta buztinezko objektuetan ikus daiteke. Jaliscotik hasi eta Costa Ricaraino, Oaxaca, Guerrero, Chiapas, Erdiko Goi-Ordokia eta Golkoko kostaldetik pasatuz, olmeka artearen haur-jaguarren irudiak eta beste ezaugarri propio batzuk aurkitu dira. Uste denez, arte estilo honen hedapena Golkoko herriek urruneko beste herri batzuekin elkartrukaketa sare zabal bat sortu zelako izan zen. Honela, ikur eta forma olmekak Erdialdeko Amerikako beste toki batzuetako arte espresioetara batu ziren.
Era berean, olmeka izendatzen da Erdialdeko Amerikako "kultura ama", lehen gizarte hauetan Erdialdeko Amerikako kulturan erabat barneratu ziren kultura praktikaren batzuk abiarazi baitziren, finkapeneko hiri plangintzaren erabilera eta gizarte teokratiko baten ezarpena kasu, beste batzuen artean.
Eremuaren ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Olmekar eremu nuklearra Oaxacako Sierra Madretik eta Ekialdeko Sierra Madretik jeisten diren ibai emaritsuek bustitzen dute, Coatzacoalcos ibaia, San Juan ibaia eta Tonalá ibaia kasu. Inguruaren eta ibai hauen iturrien hezetasunaren ondorioz, urtaro hezean korronteek gainezka egitea ohikoa da.
Flora eta fauna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mexikoko eskualde honetako landaretza gizakiaren ekintzaren ondorioz nabarmen eraldatua izan den arren, antzina oihan tropikal trinko batek estaltzen zuen, XXI. mendean mexikar lurraldean desagertzeko arriskuan dauden espezie ugariren habitata zena, horien artean jaguarra, quetzala eta guakamaioak bezalako luma ikusgarridun hegaztiak, zenbait espezietako narrastiak eta tapirra eta basurdea bezalako ugaztunena kasu.
Mineralak eta lurzoruak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eremu honek humusean oso aberatsak diren sendoera handiko lurzoruak ditu. Petrolio gordina lurraren mailan jariatzen da landaretzaren artean. Alabaina, ez ditu eremu honetan eta Erdialdeko Amerikako beste toki batzuetan aurkitutako olmeka estiloaren ezaugarriak diren materialetako asko. Horien artean obsidiana, jadea, serpentina edo zinabrioa. Harri solidoa material bezala lortzeko, eskualde honetako biztanleek Santa Martako edo San Andresko mendilerroa bezala ere ezagutzen den Tuxtletako mendilerroko harrobiez baliatu ziren, eraikuntzan eta eskulturan erabili zituzten basaltoz eta beste arroka bolkaniko batzuz doitu zituztenak. Alabaina, harri materialen iturri hauek San Lorenzo eta La Venta bezalako tokietatik ehun kilometro baino gehiagoko distantziara daude, honek, karga animaliarik gabe eta lurzoru zingiratsu baten gainean, hamarnaka tona pisatzen duten monolito horiek olmeka kulturaren gune politikoetara eramateko behar izan zen antolaketa mailaren ideia bat eman dezakeena.