Edukira joan

Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
Союз Советских Социалистических Республик
(Sojuz Sovetskikh Sotsialistitxeskikh Respublik)
1922 – 1991
Federazioa
Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko bandera

Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko armarria


Ereserkia
Internazionala (1922−1944)


Sobietar Batasuneko Ereserkia (1944-1991)

Goiburua
Пролетарии всех стран, соединяйтесь!
(Munduko langileok, elkartu!)
Geografia
HiriburuaMosku
Biztanleria293.047.571
Azalera22.402.200 km²
Ordu eremua+2 > +13
Domeinua.su
Ekonomia
DiruaSobietar errubloa (SUR)
Kultura
Hizkuntza(k)Ez zuen (Errusiera de facto)
ErlijioaAteoa (ofizialki)
Historia
Aldarrikatua1922 abenduaren 30
Onartua1924 otsailaren 1
Ezeztapena1991 abenduaren 24
Aurrekoak
Errusiako SESF
Transkaukasia SESF
Ukrainako SES
Bielorrusiako SES
Estonia
Letonia
Lituania
Ondorengoak
Armenia
Azerbaijan
Bielorrusia
Errusia
Estonia
Georgia
Kazakhstan
Kirgizistan
Letonia
Lituania
Moldavia
Uzbekistan
Tadjikistan
Turkmenistan
Ukraina

Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna[1] edo Sobietar Batasuna (errusieraz: Советский Союз, Sovietski Soyuz) Europa eta Asiako estatu burujabe sozialista izan zen, 1922an sortua eta 1991n desegina[2]. Errusiar Inperioa osatzen zuten lurraldeak hartzen zituen. 1991tik aurrera haren parterik handienaz Estatu Burujabeen Erkidegoa moldatu zen. Bigarren Mundu Gerraz geroztik 15 errepublika federatuk osatua zen: Armenia, Azerbaijan, Bielorrusia, Errusia, Estonia, Georgia, Kaszakhstan, Kirgizistan, Letonia, Lituania, Moldavia, Tajikistan, Turkmenistan, Ukraina eta Uzbekistan.[3] Errusia zen Batasuneko errepublika handiena, bai hedaduraren bai biztanle kopuruaren aldetik, eta politikoki eta ekonomikoki agintzen zuen.[4]

1990. urtean 22.400.000 km² zituen, eta 292.000.000 biztanle. Mendebaldean Itsaso Baltikoa eta Itsaso Beltza zituen muga, eta ekialdean Ozeano Barea. Biztanleak sobietarrak ziren, eta hiriburua Mosku zen.

Sobietar Batasunak historia, politika eta ekonomia alorrean izan duen garrantzia ulertzeko haren neurriak eta baliabide handiak hartu behar dira kontuan; garrantzi hori are handiagoa baita berak gidatzen zituen ideologia marxistako herrialdeek osaturiko blokeari erreparatuz gero. Ezaugarri ia feudalak zituen inperio zahar haren egitura politikoak, administratiboak, ekonomikoak eta sozialak erabat aldatu zituen 1917ko iraultza boltxebikeak. Horrek eragin erabakigarria izan zuen ondorengo nazioarteko historiaren bilakaeran: 1922tik jadanik mendebaleko estatuek neurri bereziak hartu zituzten iraultza hark kutsa ez zitzan; Bigarren Mundu Gerraren etenaren ondoren, Sobietar Batasunaren irudiko erregimenak ezarri ziren Europako ekialdean eta Gerra Hotza sortu zen, hogeita bost urtez mundu osoaren egoeran eragin handia izan zuena.

1981eko ospakizuneko sobietar txanpona, non CCCP idazkuna ikus daitekeen Sobietar Batasuneko Armarriaren ondoan eta Juri Gagarinen kaskoan.

Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren akronimoa errusieraz CCCP da, Союз Советских Социалистических Республик, hau da, Sojuz Sobetskih Sotzialistitxeskih Respublik. Letra latindarrekin idazten da, modu teknikoki zuzena CCCP den arren, alfabeto zirilikoaz. Errusierazko gutxi gorabeherako ahoskera "ez ez ez err" da. Batzuetan, SSSR bezala transliteratua da, alfabeto zirilikoko C letra latindar alfabetoko esearen baliokidea baita, eta P letra, berriz, errearena.

Sigla horiek, SESBetik kanpo, ezaguna egin ziren kirolarien jantzietan, nazioarteko kirol lehiaketetan emaitza nabarmenak lortu baitzituzten, zein sobietar astronauten kaskoan.

22.402.200 km2 luze-zabal zen (10.000 km mendebaldetik ekialdera eta 5.000 km ipar-hego). Eremuaren % 11 landa lurrak ziren, % 16 belardiak, % 41 basoak, eta % 32 bestelakoak (tundra, besteak beste).

Hainbat klima mota zituen: kontinentala, subtropikala, subartikoa eta polarra.

Sakontzeko, irakurri: «Sobietar Batasuneko historia»

1917an Errusiako Iraultzak Errusiako Sobietar Errepublika Sozialistaren sorrera ekarri zuen. Iraultzak tsarraren irudian oinarritutako sistema ordezkatu zuen. Bi garai bereiz daitezke Iraultzan. Lehenengoa 1917ko Otsaileko Iraultza izan zen, Errusiako Nikolas II.a tsarraren autokraziarekin bukatu zuena eta errepublika liberala ezarri zuena. Bigarren fasea Urriko Iraultza izan zen, eta bertan Boltxebikeek boterea kendu zioten behin-behineko gobernuari. Azaroaren 8an Lenin herri-komisarien kontseiluko buru aukeratua izan zen.

1918an Alemaniak eta Errusiak bakea sinatu zuten. Brest-Litovsk itunaren arabera Errusiak Finlandia, Estonia, Letonia, Lituania eta Polonia galdu zituen. 1918 eta 1923 artean Armada Gorria (komunistak) eta Armada Zuria (iraultzaren aurkakoak) Errusiako Gerra Zibilean borrokatu ziren.

1922an Errusiako, Ukrainako, Bielorrusiako eta Transkaukasiako (Georgia, Azerbaijan eta Armenia) errepublikek lehenengo konstituzioa sinatu zuten, SESB sortuz .

Stalinen aroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Stalin 1942an

1924an, Leninen heriotzaren ondoren, Stalin jabetu zen SESBeko botereaz. Trotsky, Zinóviev eta Kámenev baztertu eta estalinismoari hasiera eman zion. Stalinek ekonomia sozialista garatu nahi izan zuen. Estatuak, bost urteko planen bitartez, ekonomia zuzentzen zuen. Jabetza pribatua debekatu zen eta Estatua herrialdeko lur eta enpresa guztiez jabetu zen. Baserri pribatuak ezabatu eta landetxe kolektiboak (kolkhozak) herrialde osoan ezarri zituen. Errepresioa bortitza izan zen: polizia politikoak erregimenaren alde ez zeuden biztanleak deportatu, lan gogorreko esparruetara (gulagetara) bidali edo hil egiten zituen.

Stalinen agintaldiko gertaera garrantzitsuena, ordea, Bigarren Mundu Gerra izan zen. 1939an Sobietar Batasunak eta Alemania naziak Molotov-Ribbentrop ituna sinatu zuten, elkar ez erasotzeko. Besteak beste, Polonia banatzea erabaki zuten: ekialdea Sobietar Batasunarentzat eta mendebaldea Alemaniarentzat. Baina Hitlerrek ez zuen hitzarmen hori bete, eta 1941ean Polonia eta SEBSeko parte bat inbaditu zuen eta Mosku, Leningrad eta Stalingraderaino iritsi. Stalingradeko batailan[5] (1942 bukaera – 1943 hasiera), armada naziak atzera egin behar izan zuen. Sobietarren erasoaldiak Ekialdeko Europako herrialde guztietatik egotzi zituen alemaniarrak. 1945eko apirilean, Armada Gorria Berlinen sartu zen.[6]

Gerran 27 milioi sobietar hil ziren eta herrialdeak galera ekonomiko izugarriak izan zituen, baina Teherango, Jaltako eta Potsdamgo batzarretan onura politiko handiak lortu zituen eta Aliatuek ekialdeko Europa SESBren menpeko zonaldea izatea onartu zuten.[7]

Guda eta gero, AEBrekin batera, SESB munduko potentzia handiena bilakatu zen. Laster AEBak Sobietar Batasunaren hedapena geldiarazteko beharra ikusi zuen. Truman doktrinak Gerra Hotzari hasiera eman zion, 1947ko apirilaren 12an.

Stalinen ondoren

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Nikita Khrustxevek blokeen arteko «bakezko koexistentzia» aldarrikatu zuen. Argazki honetan, AEBetako presidente John Fitzgerald Kennedyrekin dago.

Stalin 1953ko martxoaren 5ean hil zen. Haren ondorengoa izateko, Lavrenti Beria, Viatxeslav Molotov, Georgi Malenkov eta Nikita Khrustxev lehiatu ziren. Azkenean Nikita Khrustxevek Alderdi Komunistaren idazkari nagusi (1953tik aurrera) eta Sobietar Batasuneko presidente (1958tik aurrera) izatea lortu zuen.[8]

Aro honetan, Estatu Batuekin batera SESB zen zientzian eta teknologian gehien ikertzen zuen herrialdea. Bi herrialde horiek Lehia espaziala izeneko norgehiagoka egin zuten. Aurreneko garaipenak Sobietar Batasunak lortu zituen: lehenengo satelite artifiziala bidali zuten espaziora (Sputnik 1), lehenengo izaki biziduna (Laika) eta geroago lehenengo astronauta (Juri Gagarin). Valentina Terexkova lehenengo emakume astronauta izan zen, eta Aleksei Leonovek espazioko lehenbiziko ibilaldia egin zuen.

Khrustxev 1964an erretiratu zen. Hurrengo lehendakaria Leonid Brezhnev izan zen. 1970eko hamarkadan Sobietar Batasunaren indar militarra handitu zuen. 1979an Afganistango gatazkan esku hartu zuen, aurreko urtean estatu kolpe batez boterea bereganatua zuen Afganistango gobernu komunistak eskatuta, gehienbat islamiar ultrakontserbadoreak ziren matxinatuen aurka borrokatzeko; halaxe abiatu zen Afganistango gerra (1979-1989). Gerra hori galtzeak asko ahuldu zuen Sobietar Batasuna.[9] Urte askoan SESB AEBen parean izan zen teknologia militarrean; baina, egoera ekonomiko larria zela eta, Sobietar Batasuna atzean geldituz joan zen. Hurrengo urteetan ekonomiak hobera egin zuen pixkanaka, baina nekazaritzak itota segitzen zuen eta, horren ondorioz, hainbat biztanle hil ziren, eguneroko elikagaien faltagatik.[10]

SESBen desagerpena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Sobietar Batasunaren gainbehera»

1985eko martxoaren 11n Mikhail Gorbatxov alderdi komunistaren idazkari orokorra izendatu zuten. Handik aurrera hainbat aldaketa egin zituen politikan eta ekonomian.

1986ko apirilaren 26an Txernobylgo hondamendia gertatu zen Ukrainako Txernobyl hirian. Historiako istripu nuklearrik larriena izan zen: INES (International Nuclear Event Scale) eskalan, 7. mailan kokatzen da (denetan handiena).

1980ko hamarkadaren bukaeran, sobietar errepublika batzuetan mugimenduak hasi ziren, independentzia eskatuz.

1990an, Lituaniak independentzia aldarrikatu zuen eta hurrengo urtean, Letoniak eta Estoniak.

1991ko martxoaren 17an SESBren iraupenari buruzko erreferenduma egin zen. Hamabost errepubliketatik seik erreferenduma boikotatu zuten, independentzia nahi zutelako. Beste bederatziek Sobiet Batasunaren erreforma onartu zuten.

1991ko abuztuaren 18an Gorbatxoven kontrako estatu kolpe saiakera izan zen, baino porrot egin zuen.

1991ko abenduaren 8an, Errusiako, Ukrainako, eta Bielorrusiako lehendakariek bildu eta Beloveshko Ituna sinatu zuten. Estatu Burujabeen Erkidegoaren sorrera izan zen eta SESBaren deuseztatze ofiziala.[11]

Estatuaren antolakuntza eta administrazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1922ko abenduaren 30ean Sobieten Kongresuak Sobietar Batasuna sortu zuen, Errusia, Ukraina, Bielorrusia eta Transkaukasia (Georgia, Armenia, Azerbaijan) barne hartzen zituela. Gerora gainerako errepublikak erantsi zitzaizkion: Uzbekistan eta Turkmenistan (1924); Tajikistan (1929); Estonia, Letonia, Lituania eta Moldavia (1940).

Estatua, beraz, nazio askotarikoa zen, eta egitura federalekoa. Halaber, nazionalitateen eta arrazen berdintasun printzipioari men eginez, zenbait errepublika federaturen barne etnia edo talde nazionalei zegozkien errepublika autonomoak (20), oblast edo probintziak (8), okrug edo barruti autonomoak (10) eta lurralde zein probintzia asko bereizten ziren. Modu horretara 100dik gorako talde etnolinguistikoek beren kultura eta hizkuntza gorde edo garatu ahal izan zuten. Errepublika federatuak eskubidez berdinak eta burujabeak ziren eta, konstituzioaren arabera, autonomia nazionala zuten (politikoa, militarra, linguistikoa, kulturala).

Nolanahi ere, eskubide horiek formalak ziren gehienbat, zeren eta haietaz baliatzeko egokieraz alderdi komunistak ez bestek erabaki baitzezakeen. Legegintzari dagokionez, estatuaren aginpide-organo nagusia Sobiet Gorena zen, bi kamarez osatua –Batasunaren Sobieta eta Nazionalitateen Sobieta–, eta sufragio unibertsalez lau urtean behin hautatzen zena. Organo horretatik Sobiet Goreneko Presidium delakoa –estatu-buru kolegiatuaren zeregina betetzen zuena– eta Ministro Kontseilua irteten ziren. Sobiet Gorenari eta haren batzordeei administrazio federalaren kontrola zegokien; errepublika federatuen edo errepublika autonomoen administrazioa sobieten esku zeuden eta, hala berean, beheragoko mailetan. Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistak, bere aldetik, eginkizun erabakigarria zuen Sobietetarako hautagaiak aukeratzeko prozeduran.

Sobietar Batasuna 1962an.

Politikoki 15 sobietar errepublika sozialistetan (SES) banatua egon zen 1940tik 1991ra bitartean:

Alderdi Komunista

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bakarra, zentralizatua eta Leninen ideien arabera moldatua, haren aginpide-eginkizuna guztizkoa zen, errepublika guztietan eratua zegoelarik. Alderdiak, beraz, gizarte bizitzaren maila guztietara zabaltzen du bere ideologia eta politika: ekonomia, kultura, hezkuntza, zientzia, artea, armada. Alderdiko Kongresuak Batzorde Zentrala izendatzen zuen eta hark, berriz, alderdiaren zuzendaritza organoa, Politburo edo Bulego Politikoa, aukeratzen zuen, eta bulego politikoak alderdiko idazkari nagusia hautatzen zuen, estatuaren egiazko agintari gorena, alegia.

Agintari gorenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

SESBeko buru edo agintari gorenak hauek izan ziren:

Agintari horiek bete zuten kargu ofiziala ez zen bakarra izan. Batzuek alderdiko idazkari postua bete zuten SESBeko buru ziren bitartean; beste batzuek gobernuburu titulua izan zuten beren agintaritza garaian; azkenik, izan zen hainbat kargu ofizial konbinatu edo txandakatu zituenik, estatuko buruzagia izan zen bitartean. Izan ere, SESBak iraun zuen zazpi hamarkadetan ez zen agintari gorena izendatzeko titulu formal finko eta iraunkorrik egon (konparaziorako, beste herrialde batzuetan, agintari goren postua argiro lotuta dago titulu eta kargu ofizial jakin bati, adibidez AEBko agintari gorena presidentea da, eta EAEkoa lehendakaria, baina SESBeko buruaren titulua ez zen gisa berean finkoa izan).

Ekonomia eta gizartea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1953 Sobietar Batasunaren gune ekonomiko garrantzitsuenak.[12]

Sobietar Batasunak ekonomia planifikatua eta zentralizatua garatu zuen; produkzio baliabide (lurrak, fabrikak, garraiabideak, merkataritza…) guztien jabetza estatuari edo kooperatibei zegokien. Gosplan izeneko organismoak bost urteko planak –zentralizatuak eta ezinbestean bete beharrekoak– antolatzen zituen. 1950 arte industria azpiegiturak eta industria astunak beretu zuten halako planen lehentasuna; handik aurrera, nekazaritzak eta kontsumorako produktuek hartu zuten lehentasuna. Nekazaritzak langileriaren % 15-20 hartzen zuen eta, ongarriz, makinaz eta biltegiz urri izanik ere, munduko lehen ekoizlea zen zenbait produktutan (patata, azukre kanabera, garagarra, zekalea) eta aurrenetarikoa beste batzuetan (artoa, oloa, kotoia, artilea).

Hala eta guztiz ere, zenbait labore inportatu behar zituen eta nahiz eta behi zein ardi aziendaren ekoizpena handia izan, ez zen nahikoa barneko beharrak asetzeko. Produkzio kolektiboa kolkhozei (kooperatibak) eta sovkhozei (estatuko etxaldeak) zegokien; horien ondoan, jabego pribatuko etxalde txikiak ziren, biztanleen eguneroko beharrak asetzen zituztenak hein handi batean.

Industria Sobietar Batasunaren indarraren oinarria izan da. Langileriaren % 40 inguruk hartan ziharduten. Mea eta energia baliabideen ustiakuntzak munduko lehen edo bigarren mailan jarri zuen hainbat gairi dagokionez: ikatza, petrolioa, gas naturala, elektrizitatea, burdina, bauxita, manganesoa… Europako Errusiako erreserbak agortzeko bidean jarri zirenean Siberia lehen hornitzailea bihurtu zen.

Industria astuna munduko lehenetarikoa zen, hala nola mea arro handietako siderurgia eta kimika. Industria arina, ordea, ez zen hain garrantzitsua. Distantziak hain handiak izanik, komunikabideak ekonomia sobietarraren arazo handia ziren. Hegazkin eta espazio industriak indar handia zuen. Nazioarteko merkataritza harremanak ez ziren hain garrantzitsuak eta gehienbat Comeconeko herrialde komunistekin egiten ziren.

Gizarte segurantza eta dohaineko osasun zerbitzuak biztanle guztiengana iristen ziren. Hezkuntza nahitaezkoa zen 7-17 urte bitartean.

Ekonomia SESBen azkenengo urteetan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1988tik 1989ra bitartean, ekonomia berregituratzeko ahaleginari ekin zitzaion. Hain zuzen, enpresak, kooperatibak eta nekazaritza erreformatzeari ekin zioten.

1987ko ekainaren 30eko Estatuko Enpresei buruzko Legeak enpresen finantza-autonomia eta deszentralizazio-maila areagotzeko helburua zuen, baina ez zuen lortu SESBeko ekonomia dinamizatzea, plan ahalguztiduen eskumenak mugatu ez zutelako, ministerio sektorialak ezabatu ez zituztelako, eta ondasunen handizkako merkatua librea, Estatuko enpresak hornitzeko, sortu ezin izan zutelako.

1988an ere, jarduera kooperatiboa bultzatzea erabaki zen, eta horretarako mota horretako enpresen kopurua ugaritu zuten. Urtebete geroago, beste 133.000 ondasun -eta zerbitzu- kooperatuba sortu ziren. Nahiz et harrera ona izan, biztanleriak produktu horiek merkatu beltzean erosteko ohitura zuenez, kooperatiba horietako prezioak denda ofizialetako prezioak halako 3 edo 4 ere izan zitezkeen.

Oinarrizo beste arazo batzuk ere konpontzeke zeuden; esaterako, nekazaritza-ondasunen jabetza eta nekazaritza-prezioen erreforma. Horrek argi eta garbi adierazten du ez zela pizgarri handirik sortu lurraren banakako ustiaketa bultzatzeko.

Ekoizpena ahuldu egin zen, eta banaketa-sistemek, berriz, okerrera egin zuten.

Aldi berean, Enpresa Mistoak Sortzeko Legea erreformatu eta malgutu egin zen, eta mota horretako ehunka enpresa eratu ziren aitaren batean: 1989ko amaieran, 1.300 sozietate misto zeuden Sobietar Batasunean. Hala ere, gehienek ezin izan zuten jardun, SESBen oraindik indarrean zegoen burokraziak geldiarazita.

Maksim Gorki.

Sobietar kulturak hainbat etapa igaro zituen bere bizitzako 70 urteetan. Iraultzaren lehen hamaika urteetan (1918-1929), askatasun erlatibo bat egon zen, eta artistek hainbat estilo desberdinekin esperimentatu zuten, estilo artistiko sobietar bereizgarri bat aurkitzeko ahaleginean. Leninek artea herri sobietarrarentzat eskuragarria izatea nahi zuen. Bestalde, intelektual, idazle eta artista asko erbesteratuak edo exekutatuak izan ziren, eta haien lanak debekatuak. Bi adibide aipatuko ditugu: Nikolai Gumiliov (Gobernu boltxebikearen aurka konspiratzeagatik exekutatua) eta Jevgueni Zamiatin (debekatua).

Gobernuak joera ugari bultzatu zituen. Artean eta literaturan, eskola ugari, batzuk tradizionalak eta beste batzuk erabat esperimentalak, ugaritu egin ziren. Garai horretan Maksim Gorki eta Vladimir Maiakovski poeta aktiboak izan ziren garai horretan. Sobietar zinemak Estatuaren babesa jaso zuen; Sergei Eisenstein zinematografoaren lan onenetako asko garai honetakoak dira.

Geroago, Stalinen Gobernuan, sobietar kulturaren ezaugarria izan zen errealismo sozialistaren goraldia eta estiloaren nagusitasuna. Beste joera guztiak hertsiki erreprimituak izan ziren, salbuespen bakan batzuekin, hala nola Mikhail Bulgakoven lanak. Idazle asko espetxeratu eta hil zituzten.[13]

1950eko eta 1960ko hamarkadetan Nikita Khrustxoven urtzearen ondoren, zentsurak behera egin zuen. Arte formetan esperimentazio handiagoa egitea berriro baimendu zen, eta, ondorioz, lan sofistikatuagoak eta kritikoagoak ekoizten hasi ziren. Gobernuak errealismo sozialistan lehen jarri zuen arreta jaitsi egin zen; hala, adibidez, Yuri Trifonov egilearen eleberrietako protagonista asko beren buruez eta eguneroko bizitzako arazoez arduratzen ziren, sozialismoaren eraikuntzarekin egin beharrean. Literatura disidente klandestinoa, samizdat izenaz ezaguna, azken aldi horretan garatu zen, aldi berean.

Jrushchoven garaian, arkitektura sobietarra diseinu funtzionalean zentratu zen nagusiki, Stalinen garaiko estilo apainduari kontrajarrita.

1980ko hamarkadaren bigarren erdian, perestroikaren eta glasnostaren Gorbatxoveko politikek adierazpen-askatasuna nabarmen zabaldu zuten komunikabideetan eta prentsan.[14]

Garaipenaren Eguna Bigarren Mundu Gerran ospatzen Donetskeko Herri Errepublikan, 2018an.

Sobietar Batasunarekiko nostalgia fenomeno arrunta da Errusian eta Sobietar Batasunaren ondorengo Estatu Burujabeen Erkidegoan, baita Sobietar Batasunean jaiotako atzerriko errusiar herritarren artean ere. Nostalgia hori sistema politikoan, gizartean, gizarte-segurantzan, kulturan edo estetikan adierazten da, baita haurtzaroko eta gaztaroko oroitzapenetan ere. Fenomeno hori eztabaidagarria da, eta iritzi-sorta zabala biltzen du. Errusiarren ia bi herenak ( % 62) Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren (SESB) desegitea deitoratzen zuen 2021ean, Fundación Ortega-Marañón iritzi publikoko zentroak argitaratutako inkesta baten arabera.[15][16] Errusian ez dago hiri bakar bat ere, Leninen plaza bat eta Leninen eskultura handi bat ez duenik. Moskuko Plaza Gorrian Leninen gorpu baltsamatua bisitatzen dute egunero milaka turistek.[17]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. (Ingelesez) «Sobietar Batasuna» hmn.wiki (Noiz kontsultatua: 2022-10-14).
  3. https://www.euskadi.eus/web01-a2lurhiz/es/contenidos/termino/_c05432/eu_s_2519/s2519.html
  4. https://artsandculture.google.com/entity/sobietar-errepublika-sozialisten-batasuna/m05vz3zq?hl=eu
  5. (Ingelesez) Robertson, William Glenn; Yates, Lawrence A.. (2003). Block by Block: The Challenges of Urban Operations. U.S. Army Command and General Staff College Press ISBN 978-1-78039-671-2. (Noiz kontsultatua: 2022-10-13).
  6. (Ingelesez) Trotsky, Leon. (2019-07-02). Stalin. Haymarket Books ISBN 978-1-60846-772-3. (Noiz kontsultatua: 2022-10-13).
  7. Geoffrey A. Hosking (2006). Rulers and victims: the Russians in the Soviet Union. Harvard University Press. 242 or. ISBN 978-0-674-02178-5.[1]
  8. (Ingelesez) Glazov, Yuri. (2012-12-06). The Russian Mind Since Stalin’s Death. Springer Science & Business Media ISBN 978-94-009-5341-3. (Noiz kontsultatua: 2022-10-13).
  9. (Ingelesez) REUVENY, RAFAEL; PRAKASH, ASEEM (1999). «The Afghanistan war and the breakdown of the Soviet Union»(PDF). Review of International Studies. 25: 693–708.
  10. (Ingelesez) Solomon, Peter H.. (1996-10-28). Soviet Criminal Justice Under Stalin. Cambridge University Press ISBN 978-0-521-56451-9. (Noiz kontsultatua: 2022-10-13).
  11. http://www1.euskadi.net/harluxet/hiztegia1.asp?sarrera=SobietarErrepublikaSozialistenBatasuna
  12. Martínez Rueda, Fernando; Aizpuru Murua, Mikel. (2011). Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 9788484383345..
  13. Ignacio Vidal-Folch, «Recordar el horror», Revista de Libros, 161, 2010eko maiatza, 29.or.
  14. https://web.archive.org/web/20071218133116/http://www.britannica.com/eb/article-9037405
  15. https://www.elconfidencial.com/mundo/europa/2021-12-22/urss-nostalgia-sovietica-rusia-caida-60-por-ciento-rusos_3346180/
  16. https://elpais.com/internacional/2018/12/19/actualidad/1545228653_659406.html
  17. https://www.berria.eus/mundua/garai-berriak-baina-nostalgia-apur-batekin_1193503_102.html

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • [2] Manex Garaio: "Sobietar Batasuna oraindik bizirik", Sarean .eus ingurune digitalean.
  • (Ingelesez):[3] Sovietika.ru webgunea.
  • (Ingelesez):[4] Sobietar Batasunaren irudiak Getti Images webgunean.
  • (Gaztelaniaz):[5] Sobietar Batasunaren hamar irudi enblematikoak, BBC News webgunean.


Mikhail GorbatxevKonstantin TxernenkoYuri AndropovLeonid BrezhnevNikita KhrustxevStalinLenin