Somalia
Somalia[1] (somalieraz: Soomaaliya; arabieraz: الصومال aṣ-Ṣūmāl), ofizialki Somaliako Errepublika Federala (somalieraz: Jamhuuriyadda Federaalka Soomaaliya, arabieraz: جمهورية الصومال الفدرالية Jumhūrīyat aṣ-Ṣūmāl al-Fidirālīyah) ipar-ekialdeko Afrikako estatua da, Afrikako Adarrean kokatua. Hego-mendebaldean Kenya du, Etiopia mendebaldean, Djibuti ipar-mendebaldean, Adengo golkoa iparraldean, eta Indiako Ozeanoa ekialdean. 637.657 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 10.816.143 biztanle zituen 2014an[2] Hiriburua Muqdisho da.
Huts egindako estatuen eredutzat hartzen da Somalia, 1990eko hamarkadaren hasieratik ez baitu herrialdeak gutxieneko egonkortasunik aurkitu, alde batetik militar iparramerikarrak eta inguruko herrialdeetakoak –Kenya, Etiopia...– lehenik trantsizioko gobernua eta orain gobernu federala sostengatu nahian, bestetik lekuko leinuetako armada txikiak eta Al-Qaedari edo Estatu Islamiarrari lotutako gerrillariak[3]. Estatu batasuna ere galdu du, zenbait lurraldek independentzia aldarrikatu baitute, atzerriko inongo gobernuk onartu ez dituen arren[4].
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Somalia Afrikako Adarrean dago, Ekialdeko Afrikan, 2°S eta 12°N latitudeen, eta 41° eta 52°E longitudeen artean. Mugakide ditu Kenya eta Etiopia mendebaldean, eta Djibuti ipar-mendebaldean. Ekialdean Indiako Ozeanoa dauka eta iparraldean Adengo golkoa; 3.025 kilometroko itsasertzarekin, Afrikan kostalde luzeena duen herrialdea da.
Erliebea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Somaliaren iparraldean, Adengo golkoko kostaldearen aurrez-aurre, Gubango itsasbazter laua dago, berdin samarra, erdi-idorra, sastraka motako landaredi urri batez estalia, euri gutxi eta klima bero hezea dituena. Itsasbazterraren atzealdean, mendilerro luze bat dago, Etiopiarekin muga egiten duen ipar-mendebaldetik ekialdeko Afrikako Adarraren muturreraino doana, eta 2.000 m inguruko mendi batzuk dituena (Surud Ad, 2.048 metro). Mendialdetik hegoaldera dagoen gainerako guztia ordoki erdi-mortu eta zabal-zabala da, kostaldea baino hotzagoa eta idorragoa.
Hidrografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Somaliako ibai nagusiak Etiopiako mendietan jaio eta Indiako Ozeanora isurtzen diren Juba eta Xebeli dira. Iparraldean, Nugaal ibaia agortua izaten da denbora luzean.
Klima eta landaredia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Somaliak oso klima bero lehorra du. Urtean zehar, eguneko bero handiena 30-40 °C bitartekoa izaten da, eta hotzena 18-27 °C bitartekoa. Euri gutxi egiten du, gehiago hegoaldean eta mendebaldean (330-550 mm), iparraldean (53 mm) baino. Horrenbestez, landaredi urria du. Lursailek Somaliako eremuaren %2 baino ez dute hartzen, baina lurraldearen erdia gutxi gorabehera larrea da. Mendialdean baso txikiak daude.
-
Xebeli ibaia
-
Iparraldeko basamortua
-
Indiako Ozeanoaren ertza, Muqdishotik gertu
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzinako Egipton Somalia Punt izenarekin ezagutzen zen, eta bere biztanleak berebere beltzak zirela esaten da. Bost mendetan zehar, II.etik V. mendera, eskualde gehienak Etiopian zegoen Axumeko Erresumaren mende egon ziren. VII. mendean arabiar tribuek bizilekuak jarri zituzten, batez ere Adengo golkoaren ertzean komertzioa bultzatzeko bertako herri kuxitekin. Hortik aurrera, mende batzuetan Somalia herri islamiar bilakatu zen. XIV. mendean, arabiar itsasgizonek Muqdisho aukeratu zuten jai-leku garrantzitsu moduan. Komertzio handia zegoen Oromo, Afar eta gaur egungo Eritrean bizi ziren herriekin. Herri musulmana izan arren, Etiopia kristauarekin oso harreman onak izan zituen, nahiz eta Jihadak garai hartan indar handia eduki.
Etorkizuneko Somalian Portugalek presentzia txikia eta komertziala izan zuen. 1516an, portugaldarrak Zeilara iritsi ziren, baina otomandarrek garaitu zituzten eta bertatik kanporatu. 1698an, Omaneko sultanak Portugal azpiratu zuen, eta Afrikako kostalde osoa haren esku geratu zen. 1729an, Obbia Omanen mendekoa bilakatu zen guztiz. Al-Busaid dinastiak kolonizazio prozesu horrekin jarraitu zuen 1741tik aurrera. Garai hartan, Muqdishoko Errepublikak (non sultan baten antza zuen gobernadorea zegoen), Obbiako sultanak eta Majertingo sultanak Omango sultanaren boterea onartu zuten. 1803an, azken hau Ingalaterrarekin aliatu zen wahabbiten aurka. 1840an, Sayyid Said sultanak hiriburua Zanzibarrera aldatu zuen eta, horrela, Somaliako lurraldeen gaineko kontrola handiagoa izan zen.
Kolonizazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIX. mendearen hasieran iritsi ziren lehen europarrak. 1839an, britainiarrak Adenen kokatu ziren, eta 1884an protektoratu bat sortu zuten iparraldean (Somalilandia Britainiarra). Leonce Lagarde Obockeko gobernadore izendatu zuten. Somalilandia Britainiarra Indiatik kudeatu zen 1898ra arte, Londrestik ondoren, eta 1905ean bertan ezarri zela bulego koloniala. 1940an Italiak okupatu zuen, baina 1941ean Britania Handiak berriro konkistatu zuen. 1960ko ekainaren 26an Somalilandia izenarekin independizatu zen, eta lau egun geroago Italiar Somaliarekin batu zen, Somalia sortuz.
Benadir (arabieraz: بنادر, somalieraz: Banaadir) konpainia pribatu batek kudeatutako gaur egungo Somaliako lurrek hartu zuten izena izan zen. Italiak lur horiek erosi eta Italiar Somaliaren parte bilakatu zuten. Somaliaren hegoaldea hartzen zuen, Juba ibaiaraino. 1905eko martxoaren 16an bilakatu zen Italiar Somaliaren parte. Kolonia sortzean bertako sultanerriak (Gueladi, Obbia eta Majertin) ezabatuak izan ziren. Lehen Mundu Gerraren ondoren, Italiak Somaliako hegoaldea hartu zuen, eta 1935eko urrian, Italia faxista, Somaliatik abiatuta, Etiopian sartu zen. Italiak, Etiopia eta Somalia batuta, Ekialdeko Afrikako Inperioa osatu zuen. Bigarren Mundu Gerran, ordea, italiarren Somalia britainiarren mendean geratu zen, harik eta 1950ean, berriz ere Nazio Batuek Italiaren gain utzi zuten arte, hamar urteren buruan lurraldeari burujabetasuna emateko eginkizunarekin. 1960ko uztailaren 1ean, britainiarren eta italiarren lurraldeak bat eginik, Somaliako errepublika osatu zuten.
Somalia burujabea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1969an, estatu kolpe baten bidez, Iraultza Batzorde Gorenaren (IBG) buru zen Mohamed Barre, jeneralak aginpidea hartu zuen. Barrek Ogaden, Kenyako ipar-ekialdea eta gaur egungo Djibutiko parte bat eskatu zituen Somaliarentzat. Bestalde, oso harreman estuak izan zituen Sobietar Batasunarekin. 1976an, Somaliako Alderdi Sozialista Iraultzaileak hartu zuen IBGren tokia. 1977an, Somaliak Etiopiaren aurkako gerra hasi zuen, Ogaden lurraldea eskuratzeko; Etiopiak Sobietar Batasunaren laguntza izan zuen, eta Somalia galtzaile atera zen (bakea ez zen 1988 arte izenpetu). Somaliak Sobietar Batasunarekiko harremanak hautsi zituen, eta harrezkero, Estatu Batuetara jo zuen laguntza eske. Bien bitartean, ehunka mila erbesteratu iritsi ziren Somaliara, Ogadenetik ihesi. Gobernuak ezin izan zuen halako jendetzaren mantenua bere gain hartu eta, kanpoko laguntza izan bazuen ere, oinarrizko gaien murrizketak egin behar izan zituen.
Gerrak, erbesteratuak, autoritarismoak, lehorteak, murrizketak, goseak… Siyad Barreren aurkakotasuna areagotu zuten, eta oposizioko taldeek bat egin zuten erregimena deusezteko. Hala, 1991n, oposizioko gerrillariek Muqdisho hartu zuten. Barre aginpidetik kendu ondoren, Mohamed Farrah Aidid jeneralaren aldekoen eta Ali Mahdi Mohamed behin-behineko presidentearen aldekoen arteko gerra hasi zen, aginpidea lortzeko ia herrialde osora hedatu zena. 1991ko maiatzean, Iparraldeko Somalia Somaliatik banandu zen (Somaliland).
1992ko abenduan, Nazio Batuen aginduz, gehienbat Estatu Batuetako soldaduez osatutako gudaroste bat joan zen Somaliara, giza laguntza bideratzera eta janaria banatzera. 1993ko martxoan, aurkariek bakea bideratzeko hitzarmen bat egin zuten, behin-behinekotasun egoeratik ateratzeko batzorde bat osatzea aurrikusten zuena. Maiatzean, Nazio Batuetako gudarosteak (Pakistan, India eta beste herrialde batzuetakoak) Estatu Batuetakoaren tokia hartu zuen. 1994. urte hasieran, Nazio Batuetako begiraleen bitartekaritzaz, su-etena izenpetu zen Nairobin. Hitzarmen hartan, bestalde, adiskidetze biltzar bat osatzea erabaki zen, presidentea hautatzeko eta gobernu berria antolatzeko. Hala, atzerriko gudarosteak Somalia utzi zuen eta NBEko soldadu gutxi batzuk besterik ez ziren gelditu. Zenbait eskualdetako borrokek bere horretan jarraitu bazuten ere, borroka horiek ez ziren herrialde osora zabaldu eta ekonomia martxan jarri zen berriz ere.
Herrialde osoan sakabanaturik zeuden taldeak bi erakunderen inguruan biltzen joan ziren 1995. urtean zehar: batetik, Somaliaren Salbaziorako Aliantza, Ali Mahdi Mohamed buru zela, eta bestetik, Mohamed Farrah Aididek agintzen zuen alderdia. Bi bandoek gobernutzat hartu zuten beren burua. Farah Aidid 1996an hil zen, eta bere seme Hussein Farrah Aidid izan zen ondorengoa. Farrah-ren laguntzaile izandakoak, Osman Hassan Alik («Ato»), indar berri bat osatu zuen, baina Ali Mahdi-ri elkartuta. 1997an, Somaliaren Salbaziorako Aliantzari elkartutako 26 buruzagik eta Afrikaren Batasunaren Organizazioak erabaki zuten Nazio Salbazioko Biltzar bat osatzea, trantsizioko gobernu bat antolatzeko ahalmena izango zuena. Hussein Aidid-ek eta Mohamed Ibrahim Egalek ez zuten erabaki hori onartu. 1997. urte bukaerako euriteek 230.000 somaliar utzi zituzten hegoaldeko lurraldeetan bakarturik. NBEk laguntza programa bat jarri zuten berriz ere abian.
1998an, beste bilera bat egin zen Nairobin, eta han Ali Mahdi Mohamed, Hussein Aidid, Osman Hassan Ali eta Mohamed Kanyere buruzagi militarrek bake konpromiso bat hitzartu zuten. Bien bitartean, Somaliako ekonomiak beste zartada bat jasan izan behar zuen, Saudi Arabiak Somaliako abereak inportatzea debekatu baitzuen. 2000ko uztailean, Adiskidetze Bilkura bat egin zen lege nazional bat egiteko, hura izan zedin hurrengo hiru urteetan Somaliako behin behineko konstituzioa. Lege berri horrek adierazpen eta elkartasun askatasuna eta giza eskubideak ez urratzea ziurtatzen zien somaliarrei eta botereen bereizkuntza eta independentzia ziurtatzen zuen. Trantsizio aldi horretan, Somaliako Errepublikak gobernu federal bat izan zuen, eskualdeko 18 administrazioekin.
Baina 2006ko maiatzean, Muqdishoko Bigarren Gudua hasi zen gobernuaren aldeko ARPCT taldearen eta milizia islamiarren artean; ekainaren hasierako, 350 lagun hil ziren. Abdullahi Yusuf Ahmed lehendakariaren trantsizioko gobernuak NBEn bake indar baten esku hartzea onartu zuen. 2006ko ekainean, islamiarrek Muqdisho hartu zuten. Handik gutxira, behin behineko gobernuak Etiopiaren laguntza izan zuen, Etiopiako armadak hainbat eraso egin baitzizkion islamiar miliziari.
Beraz, liskar eta borroka horien guztien ondorioz, azken urteetan Somalia erabat zatitua gelditu da, eta talde armatu asko daude, eta zeinek bere lurraldean aginpidea du; «Gerrako Jauntxo» horiek sekulako sarraskia eragin dute eta milaka lagun hil eta beste milaka asko erbesteratzera behartu dituzte. Gainera, talde armatu horietako asko piraterian dabiltza Somaliako kostaldean eta mendebaldeko arrantzontziak eta merkataritza ontziak bahitzea irabazpide erraza suertatu zaie eta, hala, larridura handia sortu dute nazioarteko gobernu askorengan.
Gobernua eta administrazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errepublika federal parlamentarioa da. Presidentea da estatuburua eta armadaburua, eta lehen ministroa da gobernuburua. Parlamentua da organo legegilea; bi ganbera ditu: Senatua (54 kide) eta Herriaren Ganbera (275 kide)[5].
Somalia Batzar Islamikoko Erakundearen sortzailea izan zen, eta Nazio Batuetako eta Lerrokatu Gabeko Mugimenduko kidea da.
Banaketa administratiboa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Somalia 18 eskualdetan (gobolka) banaturika dago:
|
Gatazkak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Somalia barruan, zenbait lurraldek independentzia aldarrikatu dute, baina Nazioarteak ez ditu onartu: Somalilandia (ipar-mendebaldean, 1991tik aurrera), Puntlandia (ipar-ekialdean, 1998tik aurrera), Jubalandia (1998tik aurrera) eta Hego-Mendebaldeko Somalia (2002tik aurrera)[4].
Bestalde, lurralde gatazkak ditu bere mugakideekin.
- Etiopiarekin, gehiengo somaliarra duen Ogadenengatik. Ogadenek Etiopiako Somaliako Estatua osatzen du batez ere.
- Kenyarekin, shiftek erasotzen duten iparraldeko eskualdeagatik, bertan gehiengoa somaliarra baita.
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biztanleria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Somaliak 10.816.143 biztanle zituen 2014an[2], 16 biztanle kilometro koadroko dentsitatearekin. Herrialdea gerran egon da 1991z geroztik, eta milaka lagunek ihes egin dute. 2016an, 1,1 milioi somaliar errefusiatu zeuden eskualdeko estatuetan, batez ere Kenya, Yemen, Egipto, Etiopia, Djibuti eta Ugandan, eta beste 1,1 milioi barne-lekualdatuak ziren[5].
XXI. mende hasieran, Somaliako biztanleen bi heren abeltzain ibiltariak ziren; gainerakoak nekazariak eta arrantzaleak ziren, eta gutxi batzuk hirietako biztanleak. Baina azken urteotan gora egin du hirietako biztanleriak; %39,6 zen 2015ean[5]. Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %43,4, 15-24 urte bitartekoak %18,9, 25-54 urte bitartekoak %31,5, 55-64 urte bitartekoak %4 eta 65 urtetik gorakoak %2,2[5]. Bizi itxaropena 52,4 urtekoa da, 50,3 urtekoa gizonezkoena eta 54,5 urtekoa emakumezkoena (2016ko zenbatespenak)[5].
Banaketa etnikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biztanle gehienak (%85) somaliar etniakoak dira, kusita jatorriko herria, hizkuntza, erlijio eta kultura berekoak, baina klan egitura zorrotz baten arabera banatuak. Bantuak dira gutxiengo etnikorik garrantzitsuena; arabiar trafikatzaileek eramandako esklaboen ondorengoak dira[6].
Hizkuntzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ia herritar guztiek somaliera hitz egiten dute, hizkuntza ofiziala. Somaliera batua Mudugeko dialektoen baturaz osatua dago. Bajuni herriak kibajuni hizkuntza hitz egiten du, eta Barawa herriak tximweeinieraz. Bi hauek swahiliaren dialektoak dira. Maay dialektoa Rahanweyn herriak hitz egiten du. 1973an egin ziren lehenengo idazketak, latindar alfabetoa erabiliz. Gaur egun dauden eskola urrietan somaliera irakasten da. Arabiera eta ingelesa nahiko erabiltzen dira helburu administratiboetarako.
Erlijioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biztanleen %99,8 musulman sunitak dira[5].
Hiri nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Somalia: biztanle gehien duten udalerriak . | |||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Post. | Izena | Eskualdea | Biztanleak | Post. | Izena | Eskualdea | Biztanleak | ||
Muqdisho Hargeisa |
1 | Muqdisho | Banaadir | 2.120.000[7] | 11 | Afgooye | Shabeellaha Hoose | 79.400[8] | Bosaso Galkayo |
2 | Hargeisa | Woqooyi Galbeed | 1.200.000[9] | 12 | Beledweyne | Hiiraan | 67.200[8] | ||
3 | Bosaso | Bari | 700.000[10] | 13 | Qoryoley | Shabeellaha Hoose | 62.700[8] | ||
4 | Galkayo | Mudug | 545.000[11] | 14 | Garowe | Nugaal | 57.300[8] | ||
5 | Borama | Awdal | 415.616 | 15 | Jowhar | Shabeellaha Dhexe | 57.100[8] | ||
6 | Merca | Shabeellaha Hoose | 230.100[8] | 16 | Bardera | Gedo | 51.300[8] | ||
7 | Jamame | Jubbada Hoose | 224.700[8] | 17 | Qardho | Bari | 47.400[8] | ||
8 | Kismayo | Jubbada Hoose | 183.300[8] | 18 | Erigavo | Sanaag | 41.000[8] | ||
9 | Baidoa | Bay | 157.500[8] | 19 | Luuq | Gedo | 41.000[8] | ||
10 | Burao | Togdheer | 120.400[8] |
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1990. urteaz geroztik, nazioarteko elkarteek gutxi gorabeherako datuak dituzte Somaliako ekonomiari buruz, hondamendian baitago erabat. Biztanleko BPG Afrikako apalenetako bat da (400 dolar, 2014an). Abelzaintza, diru-transferentzia konpainiak eta telekomunikazioak dira ekonomiaren oinarriak[5]. Gerra zibil ugari pairatu, eta desegonkortasun politiko handia izan arren, merkatu-ekonomia edukitzea lortu du, Afrikako beste herrialde batzuk gainditzeraino[12]. Zenbait lekutan garatu den merkatu-ekonomia anarkokapitalismoaren eredutzat hartua izan da[13]. Kanpo-zorra oso handia handia da, Barne Produktu Gordinaren %93 2014an[5].
Nekazaritza eta, batez ere, abere hazkuntza dira ekonomiaren jarduera sendoenak. Lantzen diren gai nagusiak artoa, basartoa, azukre kanabera, kotoia eta bananak dira. Behiak, gameluak, ardiak eta ahuntzak hazten dira. Oso industria txikia du, eta lurraldeko lehengaiak eraldatzera bideratua dago gehienbat: janari industria (haragia eta arraina), ehungintza eta larrugintza; petrolio findegi bat ere bada. Muqdishon internet eta telefono entrepresak daude, hiri mailan lan egiten dutenak. Atzerriko herrialdeekin duen zorra handia da, 1980an 660 milioi dolarrekoa zen, bi mila milioikoa 1995ean, eta hiru mila milioikoa 2013an[5].
Somaliaren parte handi bat basamortua da, eta lehorte ugari jasan ditu. 1991-1992 urteen bitartean gosea izan zen nagusi, eta ondoren, 1997an, eurite izugarriak izan ziren. 2011 eta 2017an ere izan ziren lehorte ete gosete handiak[14].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2017/5/30 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ a b UNFPA Somali Population Survey 2014. somalia.unfpa.org (Noiz kontsultatua: 2017-05-30).
- ↑ Zubiria Kamino, Pello. AEBak Somalian ari dira probatzen ezkutuko gerra inperial berria. argia.eus, 2017-04-18, CC-BY-SA lizentzia (Noiz kontsultatua: 2017-05-30).
- ↑ a b Estilo liburua: Somalia. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2017-05-30).
- ↑ a b c d e f g h i CIA - World Factbook: Somalia, cia.gov
- ↑ Our History. Somali Bantu Community Association of Maine, sbcmala.org (Noiz kontsultatua: 2017-6-1).
- ↑ Demographia World Urban Areas. demographia.com (Noiz kontsultatua: 2017-5-31).
- ↑ a b c d e f g h i j k l m n Somalia City & Town Population Geography Population Map cities coordinates location. tageo.com (Noiz kontsultatua: 2017-5-31).
- ↑ Somalia Population (2016) – World Population Review. worldpopulationreview.com (Noiz kontsultatua: 2017-5-31).
- ↑ Bosaso Municipality – Districts, bosasomunicipality.com
- ↑ Gaalkacyo, jubba-airways.com.
- ↑ "Somalia economy stronger than others in Africa, UN-backed meeting says", un.org
- ↑ The Only Anarcho-Capitalist City in the World. utopiaorbust.wordpress.com (Noiz kontsultatua: 2017-6-1).
- ↑ Acnur alerta de “muertes masivas” por hambrunas en el Cuerno de África, Nigeria y Yemen. internacional.elpais.com (Noiz kontsultatua: 2017-6-1).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.