Turkiako Gerra Handia
Turkiako Gerra Handia | |
---|---|
Vienako gudua irudikatzen duen koadroa, 1683 | |
Data | 1683ko uztailaren 14a - 1699ko urtarrilaren 26a |
Turkiako Gerra Handia (turkieraz: Kutsal İttifak Savaşları) da Erromatar Inperio Santuaren, Bi Nazioen Errepublika, Veneziako Errepublika, Espainiar Inperioa eta Errusiako Tsarerria-ren aurka Otomandar Inperioa eta bere aliatuak Krimeako tatariarrak, Zaporozhiko kosakoak eta Moldavia, Valakia eta Transilvania estatu basailuak izan zituzten gatazkak ezagutzen diren izena. Gerra ezberdin horiek, Turkiako Gerra Handia izenarekin bilduak, otomandar boterea berreskuratzearen ondorioa izan ziren, eta turkiarren Europan zehar hedatzeko azken saiakera adierazten dute. Bi fase bereiz daitezke: lehenengoan (1645etik 1683ra), otomandarrek eta haien aliatuek segidan, eta banan-banan, eraso egiten diete estatu kristauei. Bigarren fasean (1684-1699), erreinu kristauek bat egiten dute Liga Santua osatzeko. Azkenik, Liga Santuaren konkistek otomandarren erretiratzeari hasiera ematen dion Karlowitzeko Ituna sinatzera behartu zituen.
Otomandarren boterea berreskuratzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XVII. mendearen hasieran, Otomandar Inperioak aurreko mendeko borrokarako grina galdu zuen behin eta berriz izan zuten matxinaden ondorioz. Osman II.ak, estatuak premiazko erreformak behar dituela jakitun den gazte kementsuak, kargutik kentzen du Mustafa I.a, baina, jenizaroak berrantolatu nahi dituenean, matxinada bat eragiten du; preso hartu, eta itotzen dute 1622ko maiatzean. Mustafa I.a boterera itzultzen da, baina, 1623an, hil egiten da[1].
Haren oinordekoa Murad IV.a da, 12 urte besterik ez dituena, eta horrek legegabetasuna areagotzen du. Bisir Handiek ez daukate autoritaterik; tropak matxinatzen dira; Anatolian, gerra zibila hasten da, eta Safavida Inperioak Mesopotamia inbaditu, eta Bagdaden sartzen da. 1632an, sultanak gobernuaren ardura pertsonala hartu zuen; matxinadak zapaldu, armadari bere borondatea ezarri, eta safavidarrak garaitu zituen, Tabriz eta Bagdad berreskuratuz[2]. Murad IV.a 1640an hil zen; haren oinordekoak, Ibrahim I.a, ero anker eta libertinoak, 1648an eraila izan aurretik, bere aurrekoaren lan guztiak arriskuan jarri zituen[2].
Mehmed IV.ak ordezkatu zuen, eta, harekin, anarkia gorenera iristen da. Hala ere, 1665ean, Mehmed Köprülüren Bisir Handia izatera igotzeak Otomandar Inperioa indarberritzea ekarri zuen, eta zipaio eta jenizaroarren matxinadekin amaitu zuen, probintziako gobernadore errebeldeak menderatuz[3].
Bai bere agintaldian, bai bere seme Fazil Ahmed-en garaian, Otomandar Inperioak bere borrokaldi grina berreskuratu zuen, berriro ere Europako lurretan hedatu nahian.
Kandiako gerra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kandiako Gerra 1645ean hasi zen, Veneziako boterepean zegoen Kandiara, aterpe hartzera joan zen Maltako itsasontzi batek turkiar ontzi bat harrapatu zuelako. Orduan, Mehmed IV.ak gerra deklaratu zion Veneziako Errepublikari[4].
1645eko apirilaren 30ean, otomandar armada, 50.000 gizonez osatua eta Yussuf Paxak aginduta, Kaneara abiatu zen, eta ekainaren 25ean setiatu zuten. Hiria setio baterako prestatuta ez zegoenez eta berrogeita hamar egun setiopean egon ondoren, amore eman zuen[5].
Hurrengo urtean, otomandarrek Rethymno[6] hiria hartu zuten berrogei eguneko setioaren ostean. Orduan, Kandia hiria setiatu zuten.
1647an, Ali-Beyren agintearen mendeko 20.000 gizoneko otomandar armada batek Dalmaziako veneziarrei eraso zieten, baina espedizio horrek porrota suposatu zuen[6].
1649an, Foceako guduan, Veneziako flota batek setioko tropak indartzera Kandiarantz zihoan otomandar armada garaitu zuen. Otomandar tropa horiek matxinatu, eta setio-operazioak geldiarazi zituzten zapatzaileak eta hornigaiak bidaltzeko eskatuz. Matxinadak bi hilabete iraun zuen, 1649ko abuztuaren 30era arte[7].
Veneziako armadak Dardaneloen mendatea blokeatzea erabaki zuen errefortzuen etorrera eragozteko.
1653ko maiatzaren 13an, kapudan-pasha Murad-eko otomandar armadak, Parosko itsas guduan veneziar eskuadroiaren aurka irabazita, veneziarrek jartzen zieten blokeoa hausteko aukera izan zuen. Borrokan, otomandarrek 500 gizon galdu zituzten, baina veneziarrek 4.000 hildako izan zituzten[8].
1656ko ekainaren 26an, Veneziako flotak Dardaneloetako Hirugarren Itsas Gudua irabazi zuen, non otomandarrek 70 ontzi eta 370 gizon galdu zituzten[9]. Dagoeneko Mehmed Köprülü Bisir Handia zela, gerrak otomandarren garaipenekin (Tenedosen konkista eta Lemnosen konkista) eta Veneziako itsas garaipenekin (Miloko itsas gudua) txandakatuz jarraitzen du.
Fazil Ahmedek bere aitaren lekua hartu zuen agintean, eta Kandiaren kapitulazioa lortu zuen 1669ko otsailaren 27an, hogeita bat urteko setioaren ostean. Bake itunaren bidez, kristau guztiei hiritik ateratzeko baimena eman zitzaien berekin eraman zezaketen guztiarekin. Horrez gain, Veneziak hiru gotorleku (Grambusa, Souda eta Spinalonga) uharteak eta veneziarrek ekialderako ibilbidean itsasontziak utz zezaketen babestutako portu naturalen jabetza gorde zuen, eta Kretaren galera Dalmaziarako hedapen batek konpentsatu zuen[10].
Inperio Santuaren aurkako gerra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gerra hasi zen Otomandar Inperioak Transilvaniako tronua Migel Apafi I.aren esku uzteko asmoa adierazi zuenean eta ez zuela Leopoldo I.a Habsburgokoaren esku hartzea onartuko[11].
Gatazkaren hasieran, otomandarrek Gran-eko gudua irabazi zuten Forgacs kondeak zuzendutako Austriako armada baten aurka. 1663ko irailaren 28an, Neuhausel hartu zuten, eta, handik gutxira, Neutra, Novi Grad eta Lewenz otomandarren esku erori ziren[12].
Gerrak berdintsu jarraitu zuen 1644ko kanpainan, abuztuaren 1ean Raimondo Montecuccolik, San Gotardoko guduan (1664), garaipena lortu zuen arte[13]. Porrot hori izan arren, Vasvár-eko bakean, Miguel Apafi I. Transilvaniako printze bezala onartu zuten, eta otomandar konkistak onartu ziren[14].
Polonia-Turkia Gerra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Polonia-Turkia Gerra (1672-1676) hasi zen Otomandar Inperioa iparraldera joan zenean Pedro Doroxenko buru zuen Zaporozhiako kosakoei laguntzeko, zeinak Polonia-Lituaniako Mankomunitatearen eta Errusiako tsarraren artean sinatutako Andrusovoko Ituna onartu ez zutenean Poloniaren aurka matxinatu baitziren.
1671ko abenduan, Mehmed IV.a sultanak Turkiako kosakoen gaineko burujabetzaren berri eman zion Poloniako gorteari, eta Ukrainako Mankomunitateko armada erretiratzeko eskatu zuen.
Otomandar armadak Kamianets-Podilski erraz bereganatu zuen, eta Lvivera abiatu zen. Hiria etsipenez defendatu zen, baina nagusitasun otomandarra izugarria zen, eta Sobieskik tartaroen aurka lortutako garaipenek ez zuten lagundu setioa askatzen. Barne-distentsioak zirela eta, Mankomunitateak, 1672ko urriaren 18an, Buczacz-eko Ituna sinatu zuen[15]; Ukraina eta Kamianets-Podilski galdu zituen, eta sultanari zerga bat ordaintzeko konpromisoa hartu zuen.
Poloniako Parlamentuak[15] ez zuen ituna berretsi, eta poloniarrak gerrara itzuli ziren Joan III.a Sobieski buru zutela.
1673ko azaroaren 11n, Joan Sobieskiren gidaritzapean, askoz txikiagoa zen Poloniako armada batez garaituak izan ziren turkiarrak Txozimeko guduan[16]. Garaipen horrek Poloniako tronua eman zion Joan III.a Sobieskiri.
1675ean, Joan III.a Sobieskik turko-tartaro armada bat garaitu zuen Lviveko guduan[17].
1676ko urrian, Zorawnoko guduan, beste inbasio bat uxatzen zuen[17]. Gudu horren ostean, turkiarrek bakea sinatu zuten. Zorawnoko Ituna sinatzean (1676ko urrian), Poloniaren Ukraina itzultzea adostu zuten, baina Podolia eusten jarraitu zuten[17].
Errusia-Turkia Gerra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1676an, Doroxenkok Txigirín hiria (Errusiaren Ukrainako hiriburua) hartu zuen. Errusiako tsarerriak hiria berreskuratuko zuen armada bidali zuen. Doroxenko indar horiei amore eman, eta Moskura eraman zuten.
Kara Mustafak Fazil Ahmed ordeztu zuen 1676an.
Bisir Handi horrek bere tropak jarri zituen martxan Errusiako tsarerriaren aurka. Bere lehen helburua Txigirin izan zen; 1678an, Ibraham Pasha buru zuen armada handi batekin abiatu zen bertarantz, baina errusiar-kosako indarrek garaitu zuten Txigirineko guduan; bere armadak 20.000 hildako zenbatu, eta setioa altxatu behar izan zuen.
Hurrengo urtean, beste otomandar armada batek, Kara Mustafaren agindupean, hiria setiatu zuen, eta errusiar garnizioak hustu, eta erre behar izan zuen.
1679an, errusiar-kosakoen indarrek erasoak egin zituzten otomandar lurretan; hainbat hiri suntsitu zituzten, eta biztanleak Errusiako boterearen mendean zegoen Dnieper ibaiaren ekialdeko ertzera mugitzera behartu.
Gerrak ez zuen inolako aurrerapen handirik izan, harik eta 1681eko urtarrilean, tartaroen khanen bitartekaritzari esker, hogei urteko su-etena sinatu zen arte[18].
Vienako bigarren setioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Otomandarren Hungariako lurraldean tropa inperialek egindako erasoaldi batzuek, izan ere, sultanari Erromatar Inperio Santuaren aurkako espedizio militar bat proposatzeko aitzakia eman zion Kara Mustafari[19].
1683ko apirilean, otomandar armada martxan jarri zen. Belgraden, Valakia, Transilvania eta Moldavia estatu basailuetako tropak elkartu zitzaien, baita kontingente tartaroak ere. Borrokalari kopurua 125.000 soldadu izatera iritsi zen[19].
Ekainaren 25ean[19], Viena erasotzeko asmoa iragarri zuen, eta, uztailaren 25ean[19], otomandar armada Vienako harresien aurrean agertu zen. Erromatar Inperio Santuaren indarrak Danubio ibaiaren iparraldeko ertzera erretiratu ziren Karlos V.a Lorenakoak zuzenduta, eta Ernst Rüdiger von Starhemberg-en agindupean zegoen Vienan geratu zen garnizioa[20].
Leopoldo I.a Habsburgokoak ez zuen turkiarrei aurre egiteko troparik, baina, Inozentzio XI.a Aita Santuaren bitartekaritzari esker, Inperioko eta Erdialdeko Europako Estatu ia guztiak Enperadorearekin bat egin zuten. Poloniak ere bat egin zuen, eta tropak bidali ezin zituzten Europako herrialdeek dirua bidali zuten. Azken herrialde horien artean, Espainia, Portugal eta Italiako Estatuak zeuden[20].
Kristau armadak 85.000 soldadu zituen, horietatik 30.000 poloniarrak[21], eta Juan III.a Sobieskiren agindupean jarri ziren.
1683ko irailaren 12an[20], tropa kristauek turkiarrak garaitu zituzten Kahlenbergeko guduan, Viena hiria askatuz.
Juan III.a Sobieski atzera egiten ari ziren otomandarren atzetik joan zen, eta, 1683ko urriaren 6an[22], eraso egin zien; atzera bota zuten erasoa hildako askorekin. Bi egun geroago, berriro eraso zien otomandarrei Parkaniko guduan; garaitu, eta Hungaria mendebaldetik erretiratzera behartu zituen.
Porrotaren ostean, Kara Mustafa Belgradera erretiratu zen, eta, han, sultanaren mandatariek ito egin zuten.
Liga Santuaren Gerra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1684ko martxoan, Austria, Venezia, Polonia, Toscana eta Malta Liga Santu batean sartu ziren, eta, geroago, Errusia ere sartuko zen. Otomandar Inperioa, hainbat puntutatik erasoz gero, ez zela defendatzeko moduan egongo espero zuten aliatuek.
1684an, Karlos V.a Lorenakoak Buda eraso zuen, baina, bai turkiarrek zeukaten defentsako artilleria indartsuak, bai gaixotasunek eta hornidura eskasek, setioa zaildu zuten, eta, azkenean, bertan behera utzi behar izan zuten[23].
Francesco Morosini veneziarren kapitain jeneralak Santa Maura uhartea mendean hartu zuen. Hilabete geroago, Veneziako armada batek Prevesako gaztelua kapitularazi zuen[24].
Joan III.a Sobieski ez zen Kamianets-Podilskyi setiatzera ausartu, baina Jaslowieck-eko gotorlekua hartu zuen.
Aleksander Jan Jabłonowskik turkiarrak garaitu zituen Bocovine basoan 1685eko urriaren 9an[25]. 1685eko abuztuaren 18an, Neuhausel kendu zieten turkiarrei.
Urte horretan bertan, Bosnia inbaditzen saiatu zen Venezia, baina porrotarekin amaitu zuen. Hala ere, Veneziako indarrek arrakasta handiagoa izan zuten Morean. Otomandarren aurkako matxinada bat aprobetxatuz, 1685 eta 1686 artean, Koron, Kalamata, Navarino, Modon eta Nauplia hartu zituzten.
1686ko irailaren 3an, Buda hiria Austriaren esku geratu zen. Ondorengo erasoaldietan, austriarrek Hungaria ia osoa hartu zuten mendean[23].
Austriarrak Buda hartzen ari zirela, Joan III.a Sobieskik Moldavia eta Valakia eraso zuen[26].
1687ko abuztuaren 12an[23], Karlos Lorenakoak otomandarrak garaitu zituen Berg Harsan-eko guduan, eta, ondoren, Osijek erori zen.
Veneziarrak Atenasen aurka jo —non partenoian zegoen bolborategi turkiar bat lehertzen den, bere suntsipen partziala eraginez—, eta hartzen dute. Patras eta Lepanto ere veneziarren esku geratu ziren, Korinto eta Mizista bezala, eta, turkiarren eskuetan, Malvoisia baino ez zen geratu Morean.
Iparraldean, errusiarrek porrot egin zuten Krimea inbaditzeko lehen saiakeran.
Otomandar porroten ondoren, Palatinoko matxinada batek tronutik kendu zuen Mehmed IV.a.[23].
Carlos Lorenakoa Transilvanian sartu zen, eta gotorleku nagusiak okupatu zituen.
1688ko irailean, Maximiliano II.a Emanuel Bavariakoak Belgrad konkistatu zuen. 1689an, Luis Guillermo Baden-Badengoak, 24.000 gizoneko armada batekin, Belgraden hegoaldean turkiarrak garaitu zituen, eta Nisraino aurreratu zuen[23].
Bazirudien Otomandar Inperioa Balkanetako lurralde gehienetatik urrundua izango zela, baina Bederatzi Urteko Gerra piztu izanak Austriaren erasoa geldiarazi, eta frontea egonkortu zuen.
1689an, errusiarrek berriro porrot egin zuten Krimean. Errusiako Pedro I.ak porrot hori aprobetxatu zuen bere arreba Sofía Alekseievna Romanova prestigioa galarazteko eta komentu batean espetxeratzeko[27].
Suleiman II.a sultan berriak Konstantinoplan zegoen matxinada zapaldu zuen, eta, Fazil Mustafa Bisir Handiaren laguntzarekin, ordena berrezarri zuen armadan.
1690ean, Transilvaniako matxinada baten ondoren, Austriako tropa gehienek erretiratu behar izan zuten Frantziari aurre egiteko. 1690eko uztailean, Fazil Mustafak zuzendutako kontraeraso batek Nis, Smederevo eta Belgrad berreskuratu zituen[23].
Dena den, otomandar susperraldi hori gelditu egin zen hurrengo urtean Slankamen-go guduko porrotaren ostean, eta Austriako armadari —tropen heren bat—[28] biktima handiak eragin arren, otomandar porrota eta Mustafa Fazilen heriotzarekin bukatu zen.
Veneziarrek Kretan porrot egiten zuten bitartean, austriarrek Grosswardein konkistatu zuten 1692an. 1693an, austriarrak Belgradeko setioa altxatzera behartuak izan ziren.
1694an, Francesco Morosini hil ondoren, Veneziako armaden agintea Antonio Zenoren eskuetara pasatu zen, eta Kios konkistatzea lortu zuen, baina bere agintearen populartasun ezak altxamendu bat eragin zuen, eta, hurrengo urtean, kanporatua izan zen uhartetik[29].
1695ean, Mustafa II.a Turkiako tronura igo zen. Sultanak Lippa bereganatu, eta Timisoarari lagundu zion. Errusiak, berriz, porrot egin zuen Azov okupatzerakoan[28].
1696an, Pedro I.a Errusiakoak Azov eskuratzea lortu zuen aurreko urteko baino armada handiagoarekin eta itsas laguntza izan ostean[30]. Leopoldo I.ak tropak bidali zituen Hungariara Eugenio Savoiakoaren agindutara. 1697an, Eugeniok Mustafa II.a eraso zuen Zentako guduan garaipena lortuz, otomandarrek, bertan, 30.000 gizon galdu zituztelarik[28]. Garaipen horren ostean, Bosnia eraso zuen, Sarajevo arpilatuz, baina urtea aurreratua zelarik ezin izan zuen Timisoara edo Belgrad erasotzeko aurrera egin.
Baldintza horietan, Otomandar Inperioak Ingalaterra eta Probintzia Batuen bitartekaritza onartu zuen, eta, 1699ko urtarrilaren 26an, Karlowitzeko Ituna sinatu zuen[31].
Karlowitzeko ituna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Itun horren bidez, Otomandar Inperioak Hungariako erresuma (Timisoara Banatoa izan ezik) eta Transilvania enperadorearen esku utzi zituen; Veneziak Morea eta Dalmaziako kostaren zati bat gorde zituen; Errusiak Itsaso Beltzerako irteera lortu zuen Azovetik; Poloniak Podolia eta Ukraina berreskuratu zituen[31]. Itun horrekin amaitu zen Turkia Europan zabaltzeko azken saiakera, eta politika oldarkorra zabaldu zuen azken aldia izan zen. Karlowitzeko Ituna sinatu zenetik, otomandarren atzera egitea ez zen gelditu.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ El mundo moderno, 563 or.
- ↑ a b El mundo moderno, 564 or.
- ↑ National Geographic, 98 or.
- ↑ Historia de Turquía, 247 or.
- ↑ Historia de Turquía, 248 or.
- ↑ a b Historia de Turquía, 249 or.
- ↑ Historia de Turquía, 254 or.
- ↑ Historia de Turquía, 259 or.
- ↑ Historia de Turquía, 262 or.
- ↑ Historia de Turquía, 278 or.
- ↑ Historia de Turquía, 271. or.
- ↑ Turkiako Historia, 271-272 or.
- ↑ Turkiako Historia, 273. or.
- ↑ Turkiako Historia, 274. or.
- ↑ a b The Polish-Lithuanian State, 1386–1795, 236. or.
- ↑ Dictionary of Wars, 419. or.
- ↑ a b c Dictionary of Wars, 420. or.↑
- ↑ Historia de Turquía, 288. or.
- ↑ a b c d National Geographic, 98. or.
- ↑ a b c Historia de Austria, 82. or.
- ↑ National Geographic, 102. or.
- ↑ Grandes líderes militares y sus campañas 149. or.
- ↑ a b c d e f Atlas ilustrado Akal, 94. or.
- ↑ Historia de la República de Venecia, 468. or.
- ↑ Los héroes y las grandezas..., 277–278. or. ↑
- ↑ Los héroes y las grandezas..., 278. or.
- ↑ Grandes líderes militares y sus campañas, 152. or.
- ↑ a b c Atlas ilustrado Akal, 96. or.
- ↑ Historia de la República de Venecia, 473. or.
- ↑ Grandes líderes militares y sus campañas, 153. or.
- ↑ a b El mundo moderno, 565. or.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Jeremy Black. XVIII. mendeko Europa: 1700–1789 . AKAL Edizioak, 1997.
- Pedro Molas Ribalta. Historia Modernoaren Eskuliburua . Ariel editoriala, 1993.
- Jeremy Black. Akal Atlas ilustratua: Gerra: Errenazimentutik iraultzara, 1492–1792 . AKAL Edizioak, 2003.
- Bennassar, M. Jacquart, J. Lebrun, F. Denis, M. Blayau, N. Mundu modernoa . Akal Testuak, 2005.
- Jesus Villanueva Lopez. «Vienako setioa. The Last Ottoman Invasion', National Geographic 30. zenbakian.
- Fernando Patxot eta Ferrer. Heroiak eta lurraren handitasuna: munduko analak, eraketa, inperio guztietako iraultzak eta gerrak, sorreratik gaur egunera arte... 1855.
- Steven Beller. Austriako historia . AKAL Edizioak, 2009.
- Jeremy Black. Buruzagi militar handiak eta haien kanpainak . Blume editoriala. 2008.
- José María Jouanin, Julio Van Gaver. Turkiaren historia . Guardia Nazionalaren inprimaketa, Bartzelona, 1840.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Turkiako Gerra Handia |