Howard Carter (1874-1939) arkeologo ingelesa izan zen. Gaztea zenean Antzinako Egiptoko Objektuen Zerbitzuan lan egin zuen. Geroago, berak aurkitu zuen Tutankamon faraoiaren hilobia, 1922an.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Howard Carterrek 17 urte baino ez zituen lehen aldiz Egiptora joan zenean, 1891n. Howard oso abila zen marrazketan, baina ez zuen nahi bere aitak bezala erretratuak marrazten lan egin. Abentura nahi zuen ordea. Aitak lagunduta, Egiptora joatekoa zen arkeologo batekin lan egitea lortu zuen. Aukera zirraragarria zen Howard Carter gaztearentzat.
Behin Egipton zegoela, Carterrek garaiko egiptologo hoberenetako batzuentzat marrazkilari gisa lan egin zuen. Egiptologoak Antzinako Egipton arreta ipintzen duten arkeologoak dira. Carterren lana aurkitutako marrazkiak eta inskripzioak paperean kopiatzea zen, gero bertatik ikertu ahal izateko. Carter zeharo ona zen zeregin horretan. Segituan, benetan ezaguna egin zen egiptologoen artean, marrazkilari gisa ez ezik, Antzinako Egiptori eta arkeologiari buruz asko zekielako ere. Ospetsuago egin ahala, bere lanak ere garrantzitsuagoak izaten hasi ziren. Aldi batez, Goi Egiptoko monumentuen inspektore nagusia izan zen eta, hortaz, Nilo ibaiaren arroko arkeologia lanak gainbegiratu eta ikuskatu zituen.
Inspektore nagusi izan bitartean, Erregeen Haranean kale-argi elektrikoak jartzeko agindu zuen. Argiei esker arkeologo eta induskatzaileek hobeto ikusi ahal izan zuten zer ari ziren egiten. Kale-argiek turistak ere erakarri zituzten. Turista batzuek begirunez eta arduraz jokatzen zuten, baina beste batzuk ez ziren bat ere arduratsuak. Behin batean, Howard Carterrek liskar nahiko handia eduki zuen turista arduragabe batzuekin. Ondorioz, inspektore nagusi izateari uko egin zion. Baina ez zuen Egiptotik alde egin.
Aldiz, marrazkilari gisa lan egiten jarraitu zuen. Horrez gain, antzinako gauzak saltzen hasi zen. Dirua lortzen zuenero, indusketak egiten jardun zuen. Denbora igaro ahala, ziurtzat jo zuen haranean lan egiten zuten egiptologoek ez ziotela nahikoa arreta eman Tutankamon ume faraoiaren hilobiari. Tutankamon izena idatzita zuten gauza batzuk aurkitu zituzten: katilu bat, poto batzuk eta urrezko xafla mehe batzuk ere. Baina objektu horiek guztiak beste faraoi baten hilobi hutsetik oso gertu topatu zituzten. Jendeak pentsatzen zuen Tutankamon faraoiaren hilobia haranean hor nonbait bazegoen ere, aspaldi lapurtuko zutela.
Howard Carterrek Tutankamon faraoiaren hilobia topatu nahi zuen, baina langile eta diru asko behar zen horretarako. Azkenerako, ordea, lortu zuen behar zuen hori. Lord Carnarvon pertsona oso aberats bat zen. Hark dirua eman zion, 50 langile kontratatu zitzan elkarrekin Tutankamonen hilobia bilatzeko. Behin, harrizko etxola batzuen arrastoak topatu zituzten, baina ez zegoen ezer bertan. Indusketa lan gogorra zen: saskiak hondarrez bete, beste nonbait hustu eta aurreko tokira itzuli behar zuten, berriro hastera. Halere, Howard biziki burugogorra zenez, eta Lord Carnarvonek diru mordoa zuenez, urte luzez ibili ziren induskatzen.
Azkenean, Lord Carnarvonek etsi egin zuen, ordurako Howarden lagun egin bazen ere. Howardi berdin egiteko esan zion, lan hori uzteko. Baina Howardek azken aukera bat emateko erregutu zion, ez baitzuen oraindik etxolen arrastoen azpian induskatu. Eta Lord Carnarvonek baiezkoa eman zion. Hilobi horien azpian beherantzako eskailera-maila bat topatu zuten, eta inguruan induskatu ahala, maila gehiago topatu zituzten. Azkenean ikusi zuten eskailera luze hura ate sekretu bateraino jaisten zela. Carter atea irekitzeko irrikatan zegoen, baina aurretik Lord Carnarvoni mezu bat bidali zion Ingalaterrara, bertan zegoen eta. Mezua irakurritakoan, ziztu bizian joan zen Egiptora.
1922ko azaroan, kandela baten argitan, Howard Carterrek zulo bat egin zuen ate sekretuan. Biek kontu handiz eta kostata begiratu zuten zuloan zehar. Ez zuten atea ireki nahi ziurtasunez jakin arte gela ez zegoela sugegorriz-edo beteta. Zulotxoan zehar ikusi zutena harrigarria zen! Ezin sinetsita zeuden! Gela altxorrez beterik zegoen: animalia formako sofak eta harribitxiz apaindutako kutxak, edalontziak, estatuak eta gurdiak ere, denak urre-dirdiraka. Hilabeteak behar izan zituzten gela horretako altxor guztiak mugitu eta bertan zeuden beste ateak ireki eta beste geletan sartu ahal izateko! Beste gela batean, Tutankamon faraoiak ume bat zenean erabili zuen tronua aurkitu zuten, eta baita Tutankamonen hilkutxa ere. Hilkutxa 91 kilogramo urrez egina zegoen! Hilkutxa barruan Tutankamon faraoiaren momia topatu zuten, aurpegia urrezko maskara batez estalita zuena. Izugarria izan zen hilobi hori aurkitzea, ez bakarrik eman zezakeen diruagatik, baita haren historiagatik ere. Izan ere, hilobian topatutako gauzen harira asko ikasi zuten historialariek duela 3.000 urte inguru bertan bizi zen jendeaz, haien kulturaz, sinesmenez eta eguneroko bizitzaz.
Ordura arte inor ez zen ohartu Tutankamon faraoiaren hilobia han zegoenik oso txikia zelako. Tutankamon oso gazte hil zen. Horregatik ez zuten hilobi erraldoi bat eraikitzeko denbora eduki, eta hilobi txiki bat eraiki zuten. Baina, edonola, altxorrez bete zuten! Horren guztiaren ondorioz, Howard Carter mundu mailan ezaguna egin zen.