Urdaileko minbizi
- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Urdaileko minbizi | |
---|---|
Deskribapena | |
Mota | gastrointestinal system cancer (en) , stomach neoplasm (en) , sabeleko gaixotasuna eritasuna |
Espezialitatea | onkologia digestio aparatuaren medikuntza |
Asoziazio genetikoa | Zerrenda
|
Tratamendua | |
Erabil daitezkeen botikak | floxuridine (en) , metotrexato, docetaxel (en) , irinotecan (en) , Zisplatino, ifosfamide (en) eta fluorouracil (en) |
Identifikatzaileak | |
GNS-10-MK | C16.5, C16.6, C16.2, C16.9 eta C16 |
GNS-9-MK | 151, 151.6, 151.5, 151.9 eta 151.4 |
OMIM | 137215 eta 613659 |
DiseasesDB | 12445 |
MedlinePlus | 000223 |
eMedicine | 000223 |
Disease Ontology ID | DOID:10534 |
Urdaileko minbizia, izenak dioen bezala, urdailean agertzen den minbizi mota bat da.
Sarrera anatomikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urdaila digestio aparatuaren organo bat da, janariaren gordelekua. Hestegorriaren muturretik heste meharreko hasierako zatiraino (duodenoraino) hedatzen da. Errai honen tamaina eta forma aldakorrak dira, betetze mailarekiko eta gorputzaren posizio aldaketekiko. Abdomenean dagoen peritoneo barrunbeko organoa da, horregatik peritoneo izeneko mintz serosoz guztiz inguratuta dago.
Urdaila errai zeliako bat da, hau da, enbor zeliakoaren arteria adarrek odoleztatzen dituzten erraietako bat. Enbor zeliakoa beheranzko aorta arteria abdominalaren aurreko paretatik sortzen da, diafragmaren bi zutabeen artean, arearen goiko alderaino. Hiru adar ematen ditu: ezkerreko urdail arteria, arteria esplenikoa eta gibeleko arteria komuna.
Aurreko eta atzeko aurpegiak ditu. Aurreko aurpegia abdomenaren aurreko aurpegiarekin eta gibelaren ezkerreko lobuluarekin kontaktuan dago. Atzekoa, aldiz, poltsa omentalarekin (epiploiaren transkabitatearekin), eta atzeko mesoari esker beste hainbat erraiekin, adibidez, area eta ezkerreko giltzurruna. Bi aurpegien artean eskuineko eta ezkerreko ertzak daude. Eskuineko ertza ahurra da eta makurdura txikia deitzen zaio. Ezkerrekoa, ganbila, makurdura handia da. Urdailak hainbat atal ditu. Kardia sarrera zuloa da eta piloroa irteera zuloa. Piloroaren hasierako zatia antroa da. Kardia eta antroaren artean urdailaren gorputza dago, eta ildo angeluarrak gorputza eta piloroa bereizten ditu. Gorputzaren eta kardiaren alde zefalikoan dagoen irtengunea fundusa da, eta kardia ildoak fundusa eta gorputza bereizten ditu.
Urdailaren errai peritoneoaren azpian, aurreko zein atzeko paretetan, hodi linfatiko sare bat egoten da. Linfa sare horretatik irteten diren hodi linfatikoak, haien kokapenaren arabera, urdailaren inguruan dauden gongoil linfatiko talde desberdinetara abiatzen dira: makurdura txikian edo makurdura handian zehar dauden gongoil linfatiko desberdinetara, hain zuzen ere.
Geruzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urdailak lau geruza ditu: errai peritoneoa, geruza muskularra, mukosa azpiko geruza eta mukosa (kanpotik barrura).
Peritoneo barrunbea paretako peritoneoz estalita dago eta barnean dauden organoak errai peritoneoz. Errai peritoneoa urdailaren geruzarik kanpokoena da eta guztiz inguratzen du urdaila, aurreko eta atzeko orrien bidez. Hauek biak urdailaren ertzetan bat egiten dute. Errai peritoneo eta pareta peritoneoaren arteko loturak mesoak dira. Urdailaren kasuan mesogastrio deitzen dira eta bi daude: aurreko eta atzekoa. Enbrioi garapenean urdailak hainbat biraketa egiten ditu. Biraketa horien ondorioz aurreko eta atzeko mesogastrioen kokapena aldatzen da: aurrekoa eskuinaldean kokatzen da, eta atzekoa ezkerraldean. Urdailaren aurreko mesogastrioan bi lotailu mota garatzen dira. Epiploi txikia urdailaren makurdura txikitik gibeleraino hedatzen da. Gainera, gibela inguratzen du eta gero, beste lotailu baten bidez, lotailu faltziformearen bidez, paretako peritoneoaren aurreko aldearekin elkartzen da. Urdailaren atzeko mesogastrioan beste bi lotailu garatzen dira. Lotailu gastroesplenikoa urdailaren makurdura handitik bareraino hedatzen da. Barea inguratzen du eta lotailu esplenoerrenalaren bidez jarraitzen da atzeko aldeko paretako peritoneoarekin elkartzeko. Bestalde, errai peritoneoaren bi orriak zeharkako kolonaren eta heste meharreko lakioen aurretik jaisten dira, epiploi handia sortuz. Honek zaku ondo bat eratzen du. Beraz, urdaila lotura desberdinen bidez erlazionatzen da inguruan dituen organoekin.
Hiru azpigeruza muskular bereizten dira geruza muskular honetan: laprana, zirkularra eta luzetarakoa. Geruza laprana geruzarik barrukoena da eta ez du guztiz estaltzen azalera osoa. Fundusaren mailan oso garatuta dagoen arren, zuntzak behera joan ahala gero eta meheagoak eta ahulagoak izango dira. Alde pilorikoan ez dira asko aurkitzen. Geruza zirkularra tarteko geruza da. Guztiz estaltzen du urdailaren azalera osoa. Luzetarako geruza geruzarik kanpokoena da, hestegorriaren jarraipena. Kardiaren mailan hasten da eta zuntzak jaisten hasten dira, batez ere makurdura txikitik eta nagusitik. Gero, berriro ere eskualde pilorikoan elkartzen dira. Hala ere, gorputzaren aurreko eta atzeko pareten tarteko ataletan ez daude mota honetako zuntzak. Piloro zuloaren mailan, tarteko geruza muskularra lodituta dago eta loditasun honek osatzen du piloroaren esfinterra. Tarteko geruzako zuntzak dira nagusi esfinterrean, hala ere, kanpoko geruzako luzetarako zuntzek ere parte hartzen dute.
Mukosa geruzarik barrukoena da. Ezaugarri nagusiena makroskopikoki bereiz daitezkeen tolespenak dira. Desberdinak dira urdailaren eskualde ezberdinetan. Makurdura txikian kardiatik pilorora doazen luzetarako tolespenak ageri dira. Fundusaren mailan tolespen txikiak eta irregularrak daude. Gorputzaren mailan makurdura handitik jaitsi ahal, tolespen irregularrak aurkitzen dira baina gero eta handiagoak egiten dira. Beheko aldean, makurdura handirantz bideratzen dira. Mikroskopikoki mukosan bilo tolesak edo biloxkak agertzen dira eta horien artean kriptak. Bi egitura horiek epitelioz estalita daude, zelula jariatzailez osatuta. Zelula hauek bi funtzio nagusi dituzte: Urdailaren barruko azalera lubrifikatzea eta mukosa azido klorhidrikotik babestea. Mukosan, epitelioaz gain, guruin desberdinak aurki ditzakegu. Hauen izena kokapenaren araberakoa da: Kardia guruinean muki zelulak baino ez daude. Fundus guruinak muki zelulez gain, pepsinogenoa jariatzen duten zelula simogenoak eta azido klorhidrikoa (HCl) jariatzen duten zelula parietalak edo oxintikoak ditu. Guruin pilorikoek zelula argentafinak dituzte funtzio endokrinoa betetzeko, hots, hormona desberdinak jariatzea: gastrina, serotonina, etab.
Inerbazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urdailak inerbazio autonomoa edo begetatiboa dauka, sinpatikoa eta parasinpatikoa.
Inerbazio sinpatikoari dagokionez, nerbio zuntzak orno muinaren albotik aterako dira, toraxeko 6. orno mailatik 10.era. Gero kate ortosinpatikoan zehar joango dira eta batzuk aorta aurreko gongoiletara abiatuko dira
Inerbazio parasinpatikoa bitan banatzen da: goikoa eta behekoa. Urdaila goiko parasinpatikoak inerbatzen du, hestegorriko plexutik ateratzen diren adarrak hain zuzen. Heste gorriko plexua nerbio bagotik eratzen da. Honen adarrek nerbio sarea osatzen dute hestegorriaren beheko aldeko aurreko eta atzeko hormetan. Hauetatik nerbio bagoaren aurreko eta atzeko enborrak ateratzen dira. Aurreko enborretik aurreko urdaileko adarrak, adar pilorikoak eta adar zeliakoak ateratzen dira. Atzeko enborretik, aldiz, atzeko urdaileko adarrak eta adar zeliakoak. Aurreko eta atzeko urdaileko adarretatik aurreko eta atzeko urdaileko nerbio nagusia nabarmentzen da. Zuntz nerbioso guztiak urdaileko geruza zelularren artean kokaturiko plexuetaraino heltzen dira. Mukosa azpiko geruzako sarea Meissner izena du, eta geruza muskularreko sarea Auerbach.
Etiologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oro har, minbizien garapenean, arrisku faktore askok eta askok daukate eragina. Hala ere, minbizi mota bakoitzean, faktore hauek ezberdinak izango dira. Urdaileko minbiziaren kasuan, ondorengoak izango lirateke:
- Adina: urdaileko minbiziaren tasak izugarri handitzen dira 50 urtetik gorako pertsonetan. 60-89 urte bitartean, diagnostikatzen da batez ere.
- Sexua: gizonezkoetan, intzidentzia altuagoa da.
- Jatorri etnikoa: AEBn, arraza beltzekoeengan, asiarrengan eta hispanoengan ohikoagoa da minbizi hau.
- Geografia: mundo mailan, Japonian, Txinan, Europa ekialdean eta hegoaldean, Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan ohikoagoa da. Afrika mendebaldean eta hegoaldean, Asia erdialde eta hegoaldean eta Ipar Amerikan, berriz, askoz ere gutxiago agertzen da gaitz hau.
- Helicobacter pylorik eragindako infekzioa: arrisku faktoreen artean, urdaileko minbiziaren agerpenean, gehien eragiten duena da. Infekzio honek luze jotzen badu, gastritis atrofiko kronikoa (hantura) ager daiteke eta honek minbizi aurreko aldaketak eragiten ditu udailaren barneko geruzan. Minbizi hau duten pertsona gehienek infekzio hau pairatzen dute aurretik. Dena dela, infektatutako guztiek ez dute minbizia garatzen.
- Urdaileko linfoma: urdailean linfomaren bat izan duten pertsonek aukera haundiagoa dute urdaileko adenokartzinoma izateko. Izan ere, MALT linfoma este baterako, Helicobacter pylorik eragina da.
- Elikadura: gaitz hau izateko arriskua handiagoa da elikagai ketuak, arrain eta haragi gaziak eta ozpinetan kontserbatutako jakiak hartzen baditugu. Elikagai hauek nitrito eta nitratoak dauzkate. H. pylori bezalako bakterioek konposatu hauek eraldatu eta minbizia eragiten duten substantziak sortzen dituzte. Bestalde, fruta eta barazki fresko ugari jateak urdaileko minbiziaren arriskuak txikiagotzen ditu.
- Tabakoaren kontsumoa: erretzeak urdaileko minbizia izateko arriskua areagotzen du, batez ere, hestegorritik hurbil dagoen urdailaren goiko aldean. Patologia honen tasak bikoitzak dira erretzaileengan.
- Gehiegizko pixua edo obesitatea: obesitatea kardiaseko minbiziaren eragileetako bat izan daiteke, lotura hau oso argi ez dagoen arren.
- Aurretiaz egindako urdaileko kirurgia: minbizi hau izateko probabilitatea handiagoa da minbiziarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik ebakuntza bat izan duten pertsonengan. Izan ere, interbentzioen eraginez, azido gutxiago ekoizten da urdailean eta hone nitritoak ekoizten dituzten bakterioen agerpena areagotzen du. Gainera, kirurgiaren ostean, heste meharretik urdailera doan behazunaren fluxuak ere, eragina izan dezake. Kasu hauetan, minbiziak kirurgia praktikatu eta urte askotara agertzen dira.
- Anemia perniziosoa: Urdaileko paretako zelulek B 12 bitamina (kobalamina) xurgatzeko ezinbestekoa den faktore intrintsekoa (IF) ekoizten dute. Beraz, IFren gutxiegitasuna duten pertsonek B 12 bitaminaren gutxiegitasuna daukete. Honen ondorioz, globulu gorrien ekoizpena oztopatu egiten da anemia perniziosoa eraginez. Azkeneko hau ere, urdaileko minbiziaren arrisku faktorea da.
- Menetrier-en gaoixotasuna (gastropatía hipertrofikoa): urdailaren estalduraren gehiegizko hazkuntza eragiten du honek. Horren eraginez, tolespen handiak sortzen dira eta urdaileko azidoaren mailak jasitsi egiten dira. Patologia hau ez da oso ohikoa.
- A odol-taldea: odol-taldeak globulu gorrien mintzean dauden hainbat substantziaren araberakoak dira eta transfusioetan, odolaren konpatibilitatea zehazten dute. Arrazoiak ezagutzen ez badira ere, mota honetako odola duten pertsonek urdaileko minbizia izateko aukera handiagoa dute.
- Herentzia bidez transmititzen diren minbizien sindromeak: Herentziaren bidez transmititzen diren hainbat faktorek urdaileko minbizia izateko arriskua handitu dezakete:
- Herentziazko minbizi gastriko difusoa: Herentzia bidez transmititzen den sindrome honek urdaileko minbizia izateko arriskua nabarmenki igotzen du, %70-80. Gaixotasun hau pairatzen duten emakumeek bularreko minbizia izateko arrisku handia daukate. CDH1 genearen mutazioengatik gertatzen da.
- Kolon eta ondesteko poliposi gabeko herentziazko minbizia (HNPCC): "Lynch-en sindromea" bezela ezagutzen den sindrome hau urdaileko minbizia izateko arriskua igotzen duen gaixotasuna da. Gehienetan MLH1 edo MHL2 geneen defektu batengatik gertatzen da, baina beste gene batzuek ere eragin dezakete, hala nola, MLH3, MSH6, TGFBR2, PMS1 eta PMS2.
- Poliposis adenomatosa familiarra (FAP): Sindrome honetan, gaixoek popilo asko dituzte kolonean, eta batzuetan urdailean eta hesteetan. Gaixotasun hau pairatzen duten pertsonek kolon eta ondesteko minbizia eta urdaileko minbizia izateko arriskua igotzen dute. APC geneko mutazioengatik gertatzen da.
- BRCA1 eta BRCA2: Bularreko minbizia sortzen duten geneetan (BRCA1 eta BRCA2) mutazioak dituzten pertsona eramaileek urdaileko minbizia izateko arriskua daukate.
- Li-Fraumeni sindromea: Gaitz hau daukaten pertsonek hainbat minbizi izateko arriskua daukate, horien artean, urdaileko minbizia. TP53 genean mutazio baten ondorioz sortzen da.
- Peutz-Jeghers sindromea (PJS): Gaitz hau daukaten pertsonek urdailean eta hesteetan polipoak garatzen dituzte, baita ere sudurrean, biriketako arnas-bideetan, eta maskurian. Urdailean eta hesteetan garatzen diren polipoak hamartomak deitzen dira. Polipo hauek hesteen blokeoa eragin dezakete. PJS sindromeak ezpainetan orezta antzeko orbanak eragin ditzake ezpainetan, masaileko barneko partean eta beste leku batzuetan. PJS pairatzen duten pertsonek bularreko, koloneko, areko eta urdaileko minbizia izateko arriskua daukate. STK1 geneen mutazioengatik sortzen da.
- Urdaileko minbiziaren aurrekari familiarrak: urdaileko minbizia garatu duten lehen mailako familiarrak (gurasoak, anai-arrebak, semeak) dituzten pertsonek gaixotasun hau garatzeko probabilitate handiagoa daukate.
- Urdaileko polipo batzuk: Polipoak urdailaren estalduran sortzen diren minbizia sortzen ez duten hazkuntzak dira. Polipo gehienak, hala ola, polipo hiperplasikoak edo hanturazko polipoak) ez dute urdaileko minbizia garatzeko arriskua igotzen. Hala ere, beste batzuek, hala nola, polipo adenomatosoek -adenoma era deituak- minbizi bihur daitezke batzuetan.
- Epstein-Barr birusaren infekzioa (EBV): Epstein Barr birusak mononukleosia sotzen du. Heldu gehienak birus honekin infektatuak izan dira euren bizitzan zehar, normalean umetan edo gaztaroan. EBVa hainbat linfomen formekin erlazionatzen da. Urdaileko minbizia pairatzen duten %5-10 pertsonen minbizi zeluletan aurkitzen dira. Pertsona hauek minbiziaren hazkuntza geldoagoa izaten dute, ez hain erasokorra eta hedatzeko probabilitate gutxiagorekin. Hala ere, oraindik ez dago ziur birus honek urdaileko minbizia sortzen duen edo ez.
- Hainbat lanbide: Ikatz, metal, eta gomako industrietan lan egiten duten langileek urdaileko minbizia izateko probabilitate handiagoa daukate.
- Immunodefizientzia aldakor komuna (CVID): CVID daukaten pertsonak gibeleko minbizia izateko arrisku handia daukate, izan ere, haien immunitate sistemak ezin ditzake germeen aurkako nahikoa diren antigorputzak sortu. Pertsona hauek infekzioak pairatzen dituzte askotan, besteak beste. Linfoma gastrikoa eta urdaileko minbizia izateko arrisku handia daukate.
Diagnostikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehenik eta behin sintomen inguruan galdetu beharko zaio pazienteari, bai eta zenbait arrisku faktoreen inguruan ere. Ondoren, miaketa fisikoaren bitartez pazientearen osasun egoerari buruzko eta urdaileko minbiziaren edo bestelako arazoen seinale izan daitekeen informazioa lortuko da. Abdomenaren palpazioa egingo da inolako aldaketa anormalik dauden aztertzeko. Pazienteak aurretik deskribaturiko sintomatologia aurkeztuz gero, urdaileko minbiziko kasu bat dela aztertzeko hurrengoko froga medikoak egin beharko dira:
Goiko endoskopia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Goiko endoskopioa edo esofagogastroduodenoskopia urdaileko minbizia detektatzeko froga nagusia da. Pazienteak zenbait arrisku faktore edo gaixotasunaren sintomak agerrarazten dituenean erabilia izango da. Medikuak endoskopioaren bitartez pazientearen hestegorriaren, urdailaren eta heste mehearen lehenengo atalaren barneko paretak ikertu ahal izango ditu. Aztertutako gune horietan edonolako inguru anormal ezberdintzen badira, biopsia laginak hartu ahal izango dira; horretarako, endoskopioan zehar sartuko dira beharrezko tresnak. Hartutako biopsiak laborategian ikertuko dira minbiziaren presentzia aztertzeko. Urdail minbiziaren itxura endoskopioaren bidez:
- Ultzera baten antzekoa
- Polipo baten itxura
- Loditutako area mukoidea difuso eta lauak, linitis plastika izenez ezagutuak.
- Herentziazko minbizi gastriko difusoan ematen diren urdaileko minbiziak ezin izango dira endoskopioaren bitartez bereiztu.
Ekografia endoskopikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekografia endoskopikoa soinu-uhinak erabiltzen dira urdailaren irudiak sortu ahal izateko. Ohiko ekografietan ez bezala, endoskopioaren muturrean transduktore txiki bat kokatzen da; endoskopioa eztarritik sartu eta urdailera eramango da, transduktorea minbizia dagoen gunean kokatu ahal izateko. Horren bitartez medikuak urdaileko paretaren geruzak, hurbileko gongoil linfatikoak eta urdailaren kanpoko eta gertuko beste egiturak behatu ahal izango ditu. Ekografia endoskopikoaren irudiaren kalitatea ohiko ekografia baino hobea da, soinu uhinek garraiatu behar duten distantzia txikiagoa delako.
Irudi bidezko ikerketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Irudi bidezko ikerketetan soinu-uinak, X izpiak, eremu magentikoak edo substantzia erradiaktiboak erabiltzen dira gorputzeko barrunbeen irudiak lortzeko. Gune konkretu bat minbiziduna den zehazten laguntzeko, minbiziaren hedapena kontrolatzeko edo erabilitako tratamendua eraginkorra izan den baieztatzeko, eta bestelako ezaugarriak ikertzeko erabili daitzke irudi bidezko ikerketak.
Goiko digestio bidearen erradiografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikasketa erradiologikoa hestegorriaren, urdailaren eta heste mehearen lehenengo atalaren barneko geruza ikertzeko erabiltzen da. Endoskopia baino gutxiago erabiltzen da, ez duelako baimentzen biopsia burutzeko lagin bat eskuratzen eta area kaltetu batzuk ez detektatzea gerta daitekeelako. Hala ere, endoskopioa baino inbasio maila txikiago du eta erabilgarria izan daiteke egoera batzuetan. Pazienteak barioa duen soluzio bat hartu behar izango du froga burutzeko; barioa hestegorri, urdail eta heste mehearen barneko geruzetan metatuko da. Horrela, X izpiek ezin izango dutenez barioa dagoen guneak zeharkatu, edozein motako anomaliak ondo bereiztuko dira. Urdaileko minbiziak goiz detektatzeko kontraste bikoitzeko teknika bat erabiltzen da. Horrela, pazienteak bariodun soluzioa irentsi ondoren, hodi fin baten bidez airea ponpatuko da urdailera. Horren bitartez, eratuko den bario geruza oso fina izango da eta anomalia txikiak ere bereizgarriak bihurtuko dira.
Ordenagailu bidezko tomografia axiala (TAC)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ordenagailu bidezko tomografia gorputzeko irdui transbersal zehatzak lortzen duen erradiofragia bidezko ikerketa bide bat da. Ohiko erradiografian bezala irudi bakar bat hartu beharrean, gorputzaren inguruan biratzen duen bitartean irudi asko aterako ditu. Ondoren, irudi horiek ordenagailu baten bidez konbinatuko dira eta ikertzen ari den gorputzeko gune konkretuaren irudi transberstalak lortuko dira. Ordenagailu bidezko tomografiaren bitartez lortuiko irudietan zehaztasunez agertuko da urdaila eta minbiziaren kokapena baieztatu daiteke horien bitartez. Horrekin batera, urdailetik gertu dauden organoak ere agertuko dira; horrela, minbiziaren hedapena egon den konprobatu ahal izango da.
Erresonantzia magnetikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erresonantzia magnetikoetan erradio uhinak edo iman indartsuak erabiltzen dira X izpien ordez. Askatzen den energia gorputzak xurgatuko du eta ondoren, larruazalak edo zenbait gaixotasunek osatutako patroi baten bidezn igorriko da. Azkenik, ordenagailuak jasotako patroia irudi oso zehatzetan bihurtuko ditu.
Positroien igorpenaren tomografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pazientearen zain batean substantzia erradiaktibo bat ziztatuko da; normalean, glukosaren antzekoa den azukre mota bat izaten da. Minbizi zelulak zelula normalak baino hazkuntza-tasa handiagoa dutenez, azukrea azkarrago kontsumitzen dute eta horrela, substantzia erradiaktiboa xurgatuko dute. Ondoren, kamara berezien bitartez gorputzeko erradioaktibitate guneen argazkiak aterako dira. Lortzen diren irudien kalitatea aurreko tekniketan bezain ona ez bada ere, nahiko erabilgarria izaten da minbiziaren metastasirik egon den aztertzeko. Hala ere, urdaileko minbizi mota batzuetan ez da oso erabilgarria ez dutelako glukosa asko xurgatzen. Zenbait makinek positroien igorpenaren tomografia eta ordenagailu bidezko tomografia axiala batera burutu dezakete. PET/CT scan izeneko metodoa, positroien igoerpenaren tomografia solia baino erabilgarriagoa da urdaileko minbizien kasuan.
Toraxeko erradiografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Teknika horrek urdaileko minbizia birikietara hedatu den erakutsi dezake; hala ere,ez da beharrezkoa izango toraxeko ordenagailu bidezko tomografia egin bada.
Klinika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urdailaren minbizia hautematea oso zaila da, izan ere gaixotasunaren hasieran ez dago inolako sintomarik, eta kasu askotan zabaldu egin da aurkitu baino lehen. Sintomak hautematen direnean, nabarmenak ez direnez, pertsona ez da hauengatik kezkatzen.
Minbiziak sor ditzakeen efektuak hauek dira:
- Indigestio edo sentsazio sutsua
- Ondoeza edo mina abdomenean
- Goragale eta oka, normalean hartu berri diren elikagai solidoak. Batzuetan gorakadetan odolaren presentzia dago
- Beherakoa edo idorreria
- Hantura urdailean jan ondoren
- Urdailaren azidotasuna
- Gose falta
- Ahultasuna eta nekea
- Ezohiko odol jarioa
- Heste- edo gernu-erritmo aldaketak
- Orbaintze mantsoa zaurietan
- Elikagaiak hartzeko zailtasuna
- Larruazaleko garatxoetan (verrugas) bat-bateko aldaketak
- Eztula iraunkorra edo erlastura (ronquera)
- Pisu galera
- Bafa (mal aliento)
Gaixotasun aurreratuan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaixotasuna aurreratua baldin badago, sintoma hauek ere perzibitu daitezke:
- Gorozkietan odola
- Goragale
- Mina urdailean
- Ikterizia: begi eta larruazala kolore horikoak
- Aszitisa: urdailean gernu-errententzioa
- Irensteko zailtasunak
Aipatutako sintoma hauek ez ditu minbiziak bakarrik sortu behar, larria ez den beste arazo baten kausa izan daiteke, hala nola, urdailaren birus edo zauri batek. Horregatik, medikuarenera joan beharra dago kausa erreala zein den jakiteko. Azkenik, gastroenterologo bat izango da diagnostikatu eta determinatuko duena zein den diagnostiko egokia.
Tratamendua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tratamendua dagokionez, bost tratamendu mota burutu daitezke:
1. Kirurgia
2. Kimioterapia
3. Erradioterapia
4. Kimioerradiazioa
5. Zuzenduriko terapia.
Tratamendu horiek ohikoenak izan arren, tratamendu berrien garapena abian jarrita dago. Hala nola, entsegu klinikoak, jarraipeneko probak eta inmunoterapia.
Kirurgia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tumorea estirpatzeko aukera egonez gero, gastrektomia bat egitea da kirurgia gomendagarriena.
Gastrektomia urdail osoa edo zati bat estirpatzean datza. Zati bat soilik kenduz gero, gastrektomia partziala da, eta urdail oso kenduz gero, gastrektomia osoa.
Lehendabizi, pazientea anestesiatu egingo da. Ondoren, abdomenean ebakidura bat egingo dugu, eta, jarraian, tumorea estirpatuko dugu. Estirpaturiko urdail atalaren arabera, hestea, gelditzen den urdail zatiarekin edo zuzenean hestegorriarekin konektatuko dugu.
Horrez gain, estirpatu behar den urdail zatia txikia bada, laparoskopiaren bidez egin daiteke. Prozedura honetan ebakidura txikiak egingo ditugu abdomenean.
Gastrektomiaren bidez, tumorea estirpatzeaz gain, arazo desberdinak tratatu daitezke. Adibidez, odol jarioak, inflamazioak, polipoak…
Kirurgiaren ostean, janaririk jan ezin bada, sonda bat jartzen dizute. Gainera, kirurgiaren ostean dagoen mina baretzeko analgesikoak hartu behar dira.
Tumoreak estirpatu ezin direnean gastrektomia baten bidez, honako prozedurak burutzen dira:
• Endoprotesis endoluminala burutzea. Honen helburua, konduktu bide bat zabaltzea da.
• Laser bidezko terapia. Ebakidura bat egin ostean, edoskopioaz laserra sartu eta laban baten antzera funtzionatuko du.
• Gastroyeyunostomia. Gastrektomiaren prozedura berdina du, baina honako hau, heste meharraren konexio bidea blokeatzen duen tumore zatia kentzeko erabiltzen da.
Kimioterapia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zelula kantzerigenoen heriotza ekartzeko medikamentuak (substantzia kimikoak) erabiltzen dituen tratamendua da. Kimioterapiak tumorearen suntsipena edo hazkuntza geldiaraztea dakar.
Kimioterapiaren bidez hartzen diren farmakoak odolera (gorputz osoan zehar edukiko du eragina) edo organo edo ehun konkretu batera (espezifikoagoa, atal horretan eragin handiena) injektatu daitezke.
Farmako horiek administratzeko modua aldakorra da paziente bakoitzaren egoeraren arabera.
Radioterapia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]X izpiak edo beste zenbait erradiazio mota erabiltzen dituen tratamendua da.
Bi motatakoa izan daiteke. Alde batetik, kanpoko erradiazioa edukiko dugu (makina baten bidez azalak X izpiak jasoko ditu); eta bestetik, barneko erradiazioa (kateterren bidez tumorea zuzenean txertatuko da gai erradiaktiboa).
Kimioradioterapia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kimioterapia eta erradioterapia nahasten dituen tratamendua da. Kirurgiaren ostean aplikatzen da, zelula kantzerigenoak hazkuntza ekiditeko.
Zuzenduriko terapia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Farmako desberdinak erabiltzen dituen tratamendu bat da, zeinak ez dituen zelula kantzerigenoen alboan dauden zelula osasuntsuak kaltetzen. Urdaileko minbizia tratatzeko, adibidez, antigorputz monoklonalen bidezko zuzenduriko tratamendua erabiltzen da.
Antigorputz horiek laborategian sortuak dira, sistema immunitarioko zelula bakar batetik abiatuz. Zelula kantzerigenoetan aurkitzen diren substantzia arrotzak identifikatzea da horien helburua. Antigorputzak substantzia horiekin elkartuko dira, zelula kantzerigenoen heriotza ekarriz edo horien hazkuntza eta metastasia inhibituz. Odolean zuzenean injektatzen dira.
Larritasun mailaren araberako tratamendua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]0 ESTADIOA
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fase honetan tratamendu ohikoena kirurgia da.
I ESTADIOA
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tratamendu desberdinak burutu daitezke:
- Kirurgia. Gastrektomia osoa, zein partziala.
- Lehendabizi gastektromia bat burutu daiteke eta, ondoren, kimioerradiazioa jaso.
- Kirurgiaren aurretik entsegu klinikoetan parte hartzea medikamentu desberdinak probatzeko asmoarekin.
II ESTADIOA
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Honako tratamendu hauek burutu daitezke:
- Kirurgia. Gastrektomia osoa, zein partziala.
- Lehendabizi gastektromia bat burutu daiteke eta, ondoren, kimioerradiazioa jaso.
- Kirurgiaren aurretik entsegu klinikoetan parte hartzea medikamentu desberdinak probatzeko asmoarekin.
- Kirurgiaren aurretik eta ondoren kimioterapia jasotzea.
III ESTADIOA
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jarraian aipaturiko tratamenduak burutu daitezke:
- Kirurgia. Gastrektomia osoa, zein partziala.
- Lehendabizi, kirurgia eta, ondoren, kimioerradiazioa, zein kimioterapia.
- Kirurgiaren aurretik eta ondoren kimioterapia jasotzea.
- Kirurgiaren aurretik entsegu klinikoetan parte hartzea medikamentu desberdinak probatzeko asmoarekin.
IV ESTADIOA
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tratamendu desberdinak burutu daitezke:
- Kimioterapia jaso daiteke minbiziak sortuko dituen sintomak baretzeko eta bizi kalitatea hobetzeko.
- Antigorputz monoklonalak erabiliz zuzenduriko terapia bat burutzea, kimioterapiarekin edo kimioterapia gabe.
- Laser bidezko terapia edo endoprotesi baten bidez kolokazioa. Horrela, urdailean gerta daitezken blokeoak saihestuko dira.
- Terapia paliatibo gisa erradioterapia erabiltzea. Honen bitartez, hemorragien portzentaiak gutxituko dira, mina baretuko da edo tumore baten tamaina txikitzea lortuko litzateke. Gainera, helburu berdina lortzeko kirurgia bat burutu daiteke.
- Entsegu kliniko desberdinetan parte hartzea.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- https://www.cancer.net/es/tipos-de-cáncer/cáncer-de-estómago/diagnóstico
- https://www.cancer.org/es/cancer/cancer-de-estomago/deteccion-diagnostico-clasificacion-por-etapas/como-se-diagnostica.html
- https://medlineplus.gov/spanish/ency/article/000223.htm
- https://www.cancer.gov/espanol/tipos/estomago/paciente/tratamiento-estomago-pdq#section/_152
- https://www.cancer.org/es/cancer/cancer-de-estomago/tratamiento.html
- https://medlineplus.gov/spanish/ency/article/002945.htm
- https://www.cancer.org/es/cancer/cancer-de-estomago/causas-riesgos-prevencion/factores-de-riesgo.html