Esfumatura
Esfumatura (italieraz Sfumato) Pizkunde garaiko artistek sortutako teknika bat da, irudiari halako efektu lanbrotsua eragiten diona. Margolariak hainbat pintura kapa fin bata bestearen gainean metatuko ditu, objektuen eta figuren siluetak zehaztasun osoz errepresentatu barik. Konposizioaren ilunak eta argiak ez dira erabatekoak, ñabartuta ageri dira.
Leonardo da Vinci izan zen esfumaturaren teknikaren aitzindaria. Gerora artista gutxik lortu dute haren maisutasuna baliabide hau erabiltzean. Pascal Cotte ikerlariak,[1] Gioconda lanaren azterketa eginda, teknika zertan den azaltzeko ahalegina egin du.
Hona urratsak zeintzuk diren:
- Makal zurezko ohol baten gainean igeltsu eta lekeda berezi batez (gesso delakoaz) osaturiko prestakina zabalduko dugu.
- Pintzelaz irudiaren aurreneko zirriborroa egingo dugu.
- Oholari olio kolore-geruza mehetxoa emango diogu.
- Itzalak eta tarteko tonoak ezarriko ditugu. Mona Lisaren ezker begian artistak Sienako lur ureztatua erabili bide zuen.
- Pintzelaren muturraz aipatu itzalak eta tarteko tonoak "lausotzen" saiatuko gara.
- Koadroari koloretako kapa fin gardena ezarriko diogu, aldean aldeko koloreak kontuan hartuta.
- Lausotutako guneak errepasatuko ditugu, euren bitarteko guneak ukitu leun eta txikiz pintatuz.
- Azken pausua: Itzal-argi guneak ukitu are txikiagoz perfilatuko ditugu, lanbrotzea agerikoago eginez.
Horrela eginda ez da nabarituko pintzela hor zehar ibili dela, eta oso zaila da asmatzea zein teknika erabili duen artistak.
Erreferentzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ La passion Léonard, comprendre et créer erakusketaren katalogoa, Ars Latina-k argitaratuta. Paris, 2007. ISBN 978-2-910260-14-9