Kristal hautsien gaua
Kristal hautsien gaua | |
---|---|
Mota | pogrom |
Data | 1938ko azaroa |
Kokaleku | Hirugarren Reicha |
Herrialdea | Hirugarren Reicha |
Reinhard Heydrich | |
Helburu | Juduak |
Kausa | magnizidio |
Osatuta | |
Kristal hautsien gaua[1] (alemanez: Kristallnacht) 1938ko azaroaren 9tik 10erako gauean Alemanian eta Austrian izan ziren gertaerei deritze. Alemaniako agintaritzak zirkinik ere egin gabe, SA Asalto Tropek eta herritar zibilen artean, herrialde guztiko hiritar juduen aurkako indarkeria ekintzak gauzatu ziren eta, askorentzat, Holokaustoaren lehen pausoa izan zen.
Naziek 1938ko azaroaren 7an Herschel Grynszpan judu gazteak Parisko alemaniar enbaxadan Ernst vom Rath idazkaria hil zuelako bat-bateko erreakzioa izan zela argudiatu zuten, baina pogromak Reicharen kantzelaria zen Adolf Hitler berak agindu zituen eta Joseph Goebbelsek, berriz, antolatu, Sturmabteilung (SA), Schutzstaffel (SS) eta Gazte Hitleriarrak, Sicherheitsdienst (SD), Gestapo eta beste polizia indarren laguntzaz, burutu zituztelarik.
Pogromen xedea, herri osoko sinagogaz gain, hiritar juduak eta bere ondasunak ziren. Kaleak juduen jabetzeko denda eta eraikinen kristalez estali ziren, 91 judu, behintzat, erail zituzten eta beste 30.000 atxilo hartu eta Sachsenhausen, Buchenwald eta Dachauko kontzentrazio-esparruetara deportatuak izan ziren. Juduen etxe, ospitale eta eskolak sakeatu eta birrindu zituzten, mazokadaka eraitsiz. 1.000 sinagoga baino gehiago erre zituzten -95 Vienan- eta 7.000 denda baino gehiago ere bai.
Kristallnacht deritzonaren ondoren, juduenganako jazarpen politiko eta ekonomiko itzela etorri zen, historialariek Alemania naziaren politika arrazistaren atal kontsideratzen dutena eta Azken Soluzioa eta Holokaustoaren aurrekari.
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jazarpen eta neurri antisemitak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1920ko hamarkadan, judu alemaniar gehienak gizarte alemaniarrera guztiz eginak zeudela esan zitekeen; lur eta itsas armadetan parte hartu zuten eta zientzia, kultura eta industrian lagundu zuten, baina, hala ere, juduen aurkako bortxa naziek boterea hartu baino lehen ere bazen.
Propaganda naziak barruko arerio gisa seinalatu zituen Alemaniako biztanleriaren % 0,76a osatzen zuten 600.000 juduak eta I. Mundu Gerraren porrota edo 1920 hamarkadako hiperinflazioa edo Depresio Handiaren erantzule egin zituen.
1922-1923ko hiperinflazio garaian gertatu zen Scheunenvierteleko pogroma, Berlinen. 1931n, SA-ko lider eta, geroago, poliziaburu izango zen Wol-Heinrich von Helldorfek antolatu zituen Kurfürstendammeko pogromak, Berlinen.
1920ko otsailaren 24an idatzitako NSDAP (Alemaniako Langile Alderdi Nazionalsozialista) alderdiaren programak zera zioen:
« | Hiritarrak odol anaiak izan daitezke soilik (Volksgenosse). [...] Judua ezin daiteke odol anaia izan | » |
Mein Kampf lanean, Hitlerrek behin baino gehiagotan aitatzen du judurik gabeko Alemania baten desioa (judenfrei). 1933az geroztik, naziak agintera iristean, juduak politika antisemitaren biktima izango ziren.
1933ko urtarrilaren 30ean Paul von Hindenburg lehendakariak Adolf Hitler Alemaniako kantzelari izendatu eta Reichstagak nozitutako sutearen ondoren diktadoreak erabateko agintea hartu bezain pronto, biztanleria juduaren bizi baldintzak aldatzen hasi ziren[2][3].
Diskriminazio hau Hitlerrek agindutako juduen negozioei eginiko boikotean islatu zen bereziki, Julius Streicherrek antolatu eta, 1933ko apirilaren 1ean, SAk gauzatuko zutena atzerriko herrien erabateko kondena irabaziz.
Hasiera-hasieratik, Hitlerren erregimena politika antisemitak txertatzen hasi zen. 1933tik aurrera, gobernu alemaniarrak juduen aurka zihoazen lege sail bat onartu zuen: bizimodua irabazteko eskubidea mugatu, hiritartasun osoa izan, hezkuntza eskubidea edo Zerbitzu Zibil Profesionalaren Berrezarpenerako Legea, juduei administrazio publikoan lan egitea debekatuz.
1935eko irailaren 15ean Nurembergeko legeak onartu zirenean, juduenganako ostrazismoa ofizializatuta geratu zen, Alemaniar Odola eta Ohorea Babesteko Legea (Blutschutsgesetz) edo Reicharen Hiritartasun Legea (Reichsbürgergesetz) adibide. Lege eta dekretu hauen xedea, jatorriaren arabera, judu, erdi-judu edo judu laurdenaren (mischling; mestizo) bereizgarriak ezartzea zen. Alemaniar hiritar eta juduen arteko sexu harremanak eta ezkontzak debekatzen zituen eta juduei alemaniar hiritartasuna kendu; eskubide politiko gehienak ezerezean geratu zitzaizkien, boto eskubidea adibidez, eta hainbat lanbide edo ikasketatik ere kanpo geratu ziren.
1937an, juduen aurkako kanpaina gogortu egin zen, propaganda antisemitarako egindako Der ewige Jude filma zabaldu zutenean, batez ere. 1938an, judu alemaniarrei pasaporteak kendu zizkien eta, apirilaren 26an, ondasunak erregistratzera behartu zituzten, arioen eskuetara errazago pasatu ahal izateko. Abuztuaren 17an, juduek erabil zitzaketen izenak erregulatu zituzten eta 3 ordena berri erantsi zizkien Nurenbergeko Legeei, judu negozioa kontzeptua definituz eta medikuntzaren praktika juduei debekatuz. Kosta ala kosta, juduak alde egitera behartzea zen helburu.
Poloniar juduak Alemaniatik kanporatu
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1938ko abuztuan, Alemaniako aginteak atzerritarren erresidentzia baimenak bertan behera geratzen zirela iragarri zuen eta berritu beharrean izango zirela baina, neurri hark atzerriko jatorria izanda ere, Alemanian bertan jaiotako juduak hartzen zituen.
Poloniak urriaz gero poloniar jatorriko judurik ez zuela hartuko deklaratu zuen. 1938ko urriaren 28an, Polenaktion deiturikoan, Polonian jaiotako 17.000 judu baino gehiago egotzi zituzten Alemaniatik Hitlerren aginduz, Abraham Joshua Heschel filosofo, teologo eta errabinoa eta gerora kritiko literario izan zen Marcel Reich Ranicki tarteko. Gau bakarra eman zieten hori egiteko eta maleta bakarra eraman zezaketen. Gainontzeko ondasunak konfiskatu egin zizkieten, bai naziek eta baita judu ez ziren bizilagun alemaniarrek ere.
Deportatuak etxetik atera zituzten gaueko ordu txikitan eta tren geltokietara eraman, Poloniako mugarantz garraiatzeko. Poloniako mugan zeuden guardiek ez zien Zbąszyń eta horrelako hirietatik pasatzen utzi eta juduak harrapatuta geratu ziren, ez aurrera eta ez atzera, euripean, elikagai edo babesik gabe[4]. Alemaniarekin negoziatu ondoren, haietako 4.000ri Poloniarako baimena eman zien, baina geratzen ziren 13.000k hantxe jarraitu behar izan zuten, baldintza gogorrenetan, Poloniaren sartzeko baimenaren zain. Egoerak ezinegona eta haserrea eragin zuen Poloniako biztanleria juduarengan eta ahalegin handiak egin zituen deserriratuei laguntzeko. Azkenean, bi gobernuen negoziazioen ondoren, Poloniara sartzea lortu ez zuten deportatuek nazien kontzentrazio-esparruetan amaitu zuten.
Aitzakia: Von Rathen hilketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]« | Guraso agurgarriak: ezin dut besterik egin. Jainkoak barkatuko ahal nau. Bihotza odoletan jartzen zait 17.000 juduen tragedia entzuten dudanean. Protesta egin nahi dut, mundu guztiak entzutzeko eta hau egin beharrean ikusten naiz. Barkatu, Herschel | » |
Herschel Grynszpanen gutuna, 1938ko azaroaren 7a [5] |
Kanporatuen artean, Zindel eta Rivka Grynszpanen familia zegoen, 1911n Alemaniara emigratutako poloniar juduak eta egoitza Hannoverren zutenak. 1961ean, Adolf Eichmann epaitu zutenean, Zindel Grynszpanek 1938ko urriaren 27ko gauean Hannoverren izandako deportazioaren gorabeherak kontatu zituen:
« | Polizien kamioietan eraman gintuzten, presoen kamioietan, 20 bat pertsona kamioi bakoitzean, eta tren geltokira eraman gintuzten. Kaleak jendez lepo zeuden eta garrasi egiten ziguten: "Juden raus! Auf nach Palästina!" ('Juduak kanpora! Palestinara alde egin ezazue!')[6] | » |
Bere 17 urteko semea zen Herschel Grynszpan Parisen bizi zen bere osabarekin. Arreba Bertak postala bidali zion poloniar mugatik familiaren egoera penagarria deskribatuz:
« | Inork ez zigun zer gertatzen ari zen esan, baina amaiera izango zela jakin genuen... Ez daukagu ezer. Guri bidaltzeko zerbait ba ote duzue? | » |
Herschelek azaroaren 3an jaso zuen gutuna eta, azaroaren 7an, errebolber bat eta bala kaxa bat erosi zituen; alemaniar enbaxadara joan eta funtzionario baten aurrera eramateko eskatu zuen. Ernst vom Rathen aurrean egon zenean, hiru aldiz egin zion tiro sabelean eta ez zuen polizia frantsesari ihes egiteko zirkinik ere egin, ardura guztia bere gain hartuz.
Ekintza haren aurrean, azaroaren 8an, Alemaniak lehenengo zigorrak iragarri zituen eta egunkari eta aldizkari juduak isildu beharrean izango ziren. Baziren hiru egunkari judu alemaniarrak, zirkulazio nazionalekoak, eta beste lau, kulturalak; baita kirolean aritzen zirenak edo komunitateko buletinak; Berlinekoak, adibidez, 40.000 aleko tirada zuen. Judu haurrek ezin ziren alemaniar eskoletara joan eta juduen ekintza kultural oro bertan behera geratu zen. Hiritar eskubide guztiak galdu zituzten.
Vom Rath funtzionariaren heriotzaren aurrean ez zen inongo agerraldi publikorik izan, baina 1938ko azaroaren 8az geroztik, Joseph Goebbelsek prentsan antolatutako kanpaina antisemitak lider naziek burutuko zituzten pogromak sustatu zituen Hesse-Cassel, Munich eta Hannoverrekoak, batez ere. Ernst vom Rath azaroaren 9an hil zuten eta, hurrengo gauean, horren aitzakian, naziek Kristal hautsien gaua burutu zuten, pogrom antisemita ugari eta koordinatuak eginez.
Gertaerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kristal hautsien gaua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Von Rathen hilketa aitzakia izan zen alemaniarrak Alemania eta Austriako juduen aurka bidaltzeko. Bat-batekoa balitz bezala agertu bazuten ere, gobernu alemaniarrak antolatuta egon zen. NSDAP alderdiaren agintaritza ados zegoen eta, maiz egin ohi zuen eran, gobernuak alderdia erabili zuen lan zikinerako.
Azaroaren 9 hartan, 1.574 bat sinagoga izurratu zituzten (Alemaniako gehienak) eta baita judu hilerri asko, 7.000 denda baino gehiago eta 29 biltegi ere. 30.000 judu hartu zituzten atxilo eta kontzentrazio-esparruetan sartu; asko hil ziren hartutako jipoiagatik. Kopurua ez da sekula zehaztu eta 36 eta 200en artean estimatu da (zenbaki ziurrena 91 da). Bortxakeria giro hartan, judu ez zen hainbat alemaniar ere erori zen "itxura judua" zuelako[7].
Austriako gertakariak ez ziren gozoagoak izan eta Vienako 94 sinagogen gehiengoa eta otoitz etxeei kalte larriak eragin zizkieten. Juduek mesprezu eta itsusikeria asko jasan behar izan zuten, zolak garbiarazi zizkien eta ordu arte aberkideak izan zituzten austriarrak berealdiko irainak luzatu zizkien.
Alemaniarren erreakzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]« | Nola erantzun zuten alemaniarrek? (...) Herri txikietan, biztanle asko (...) juduen aurka borrokan hasteko aukeraren zain zeuden (...). Alemaniar arruntek, naturaltasunez, inork probokatu gabe edo inolako suspergarririk izan gabe, basakeriak egin zituzten. Gazteek eta haurrek ere erasoetan parte hartu zuten (...).
(...)Noski, alemaniar batzuek erruki zituzten (...). Hala ere, (...) indarkeriarekiko kritikaren atzean, ez zegoen juduei eraginiko sufrimenduen gaitzespena, printzipio moraletan oinarrituriko gaitzespena, ez zegoen juduei injustizia egin izanaren ustea. Oro har, alemaniarrek Kristallnacht hari adierazitako kritikak, bai eta haserreak ere, hiru iturri zituen. Askok beren inguruneko indarkeria neurrigabea gaitzesten zuen. (...)Beste asko (...) urduri zeuden, azkenean juduek Alemaniaren aurka mendeku hartuko zuten beldur ziren. (...)Azkenik, alemaniarrek horrenbeste jabetza suntsitzea gaitzesten zuten. |
» |
D.J. Goldhagen, "Los verdugos voluntarios de Hitler", 1997 |
Atzerriko erantzuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Juduen dendek eta etxeek Kristal hautsien gauean jasandako txikizioak, 1938ko azaroaren 10ean agerian.
Mundu osoan izan zen gertakariaren berri eta Europa eta AEBetako mugimendu nazien ospeak beherantz egin zuen. Egunkari ugarik gaitzetsi zuen eta Errusia Inperialaren 1880eko hamarkadako sarraskiekin konparatu zuen. AEBak ez ziren harreman diplomatikoak haustera iritsi, baina bai enbaxadorea kentzea eta beste hainbat gobernuk, berriz, erabat hautsi zituzten Alemaniakiko harremanak protesta eran. Espainiaren kasuan —bi urte gerran murgilduta zeramatzan—, Francok pogroma justifikatu eta txalotu egin zuen, baina Errepublikak gaitzetsi eta juduen alde agertu zen[8].
Ondorioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alemaniar juduei eragindako jazarpen eta kalte ekonomikoak ez ziren bat ere baretu eta 1.000 milioiko isun kolektiboa ezarri zieten gainera. Hipokrisia galanta zen dena. The New York Times egunkariak berak bazituen nazien erantzukizunak frogatzen zituzten argazkiak; gaur, badakigu Adolf Hitlerren oniritzia zuela eta führerrak planifikazioan parte hartu zuela gainera. Baina, zigor kolektiboa bilatzen zuten, gero Genevako Konbentzioak salatuko zuten bezala.
Zigorra iragarri zuen bitartean, juduen aurkako neurriak hartzearen alde aspalditik ari zen Hermann Göring buruzagi naziak horrela deskribatu zuen gertakaria:
« | Egin dituen bidegabekeria gaitzesgarrien zigor, Alemaniako judu hiritartasunak, 1.000 milioi markoko isuna ordaindu behar du. Esan beharra daukat, ez litzaidakeela Alemanian judu izatea gustatuko[9] | » |
Gau hartan bertan hasi zen NSDAP alderdiak eta estatuaren aparatuak burutu zituzten ekintza antisemiten aldi berria, Alemanian bizi ziren juduak deportaziora eta, azken batean, heriotzara eramanez. Ez zen jende asko konturatu artean, baina Kristal hautsien gaua gero Holokausto deitu zitzaion Europa osoko juduen jazartzen eta hiltze sistematikoaren lehen pausua besterik ez zen izan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak
- ↑ http://www.historylearningsite.co.uk/Nazi_Germany_dictatorship.htm
- ↑ (Ingelesez)http://www.historyplace.com/worldwar2/timeline/enabling.htm
- ↑ (Ingelesez)http://books.google.es/books?vid=ISBN0521398029&id=DGJy5Ptzqp0C&pg=PA89&lpg=PA89&dq=zbaszyn&sig=QDeIMoD33rhvIpOSvrnwK31tmuE&redir_esc=y#v=onepage&q=zbaszyn&f=false
- ↑ Saul Friedländer: L'Allemagne nazie et les juifs, 1939-1945 (pág. 337), «Les années de persécution».
- ↑ Hannah Arendt: Eichmann in Jerusalem (pag. 228).
- ↑ (Gaztelaniaz)http://www.ushmm.org/wlc/sp/article.php?ModuleId=10007096
- ↑ (Gaztelaniaz)http://elpais.com/diario/2008/11/11/opinion/1226358010_850215.html
- ↑ (Gaztelaniaz)http://www.elholocausto.net/parte02/0204.htm