Nieves Berasaluze
Nieves Berasaluze | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Mallabia, 1924ko abuztuaren 5a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Sevilla, 2021eko azaroaren 6a (97 urte) |
Jarduerak | |
Jarduerak | erraketista |
Nieves Berasaluze Zabala (Mallabia, Bizkaia, 1924ko abuztuaren 5a - Sevilla, 2021eko azaroaren 6a) erraketista profesionala izan zen, Chiquita de Mallavia izenarekin hainbat pilotalekutan jokatu zuen aurrelaria.[1]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mallalde baserrian jaio zen eta mallabitarrak zituen gurasoak ere, Bernardo eta Bonifazia.
Lau neba-arrebetan gazteena izan zen eta 19 urte zaharragoa zen Pablo anaiaren bidea jarraitu zuen. Eskuzko modalitatean jardun zuen Pablok,[2] erraketan Nievesek, baina kantxan izen berarekin jokatu zuten: Mallabiko Txikito bata eta Txikita bestea.[1]
Pilotari ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eibarren erraketan trebatzeko eta entrenatzeko hiru eskola zeuden, modalitatearen harrobi bihurtuz hiria. Ikasteko gogoak bultzatuta, Nieves eskolakoak amaitu ostean ia egunero joaten zen Eibarrera erraketan aritzera.
Aurreko zein atzeko posizioan, bietan jokatzeko dohaina zuen arren, aurrelari legez nabarmendu zen gehien bat. Hamalau urteko neskatoa zela 1938an Donostiako Gros frontoia berriztatu osteko inaugurazio partida jokatu zuen Rosinarekin bikote, eta Angelita eta Irura pilotarien aurka.[1]
Bartzelonan Colón frontoian jokatuko zuen eta Espainiako hiriburuan Cortezo kaleko Madril pilotalekuan ere. 17 urte zituen Sevillako prentsan bere aipamena egin zutenean, iragarriz bikote pilotari baten aurka lehiatuko zela. Sierpes frontoian, izen bereko kalean zegoen hartan jokatzen zuen eta, prentsaz baliatuta, beste desafio bat bota zuen: edozein erraketistarekin jokatzeko prest zegoela, Espainiako erraketistarik onenarekin bada ere “honek nahi zuen bezala, murrizketa barik, 30 edo 40 tantora…”. Sasoiko Sevillako kirol-prentsak zihoen bezala: “Mallabiko Txikita raketarik onena da, ezker eskumako bere jotzea, bere mugikortasuna, bere…”[1]
Sevillan bertan ezkondu zen Antonio Martinez Iñiguezekin eta bost semeren guraso izan ziren. Mexikora jokatzera joateko eskaintzari ezetz esan zion, gauzak gaiztotzen ikusten zituelako. Handik gutxira erraketistei lizentziak ez ematearen agindua etorri zen, modalitateko frontoiak ixte kontuak, erraketa jokoaren gainbehera…[1]
Berasaluzetarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Katebegi distiratsua izan zen Nieves Berasaluzetarren saga oparoan, baina andrazko izate hutsagatik isilean ahaztuta egon da. Sagari Pablo anaiak, Chiquito de Mallabiak eman zion hasiera eta haren ondoren etorri ziren Jose Antonio, Javi, Mikel,[3][4] Juan Pablo, Garikoitz, Eñaut, Pablo[5] eta Asier Berasaluze. Nievesi Berasaluze II. izatea zegokion eta merezimendua badu bere tartea izateko esku-huskako eta zesta modalitatean aritutako pilotarien zerrenda luze horretan.[1]
Mallabiko Txikita Sevillan zendu zen 2021eko azaroaren 6an.[6]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e f «100 urte Mallabiko “Txikita” handia jaio zela - Mallabia» drogetenitturri.eus (Noiz kontsultatua: 2024-08-18).
- ↑ «BERASALUCE ZABALA, Pablo - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-08-19).
- ↑ (Gaztelaniaz) LEZETA, JOSEBA. (2009-08-20). «El delantero más zaguero» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2024-08-19).
- ↑ «Pelotariak» Herri Ondarea (Noiz kontsultatua: 2024-08-19).
- ↑ (Gaztelaniaz) REY |, TINO. (2010-01-11). «Primera lección de Berasaluze VIII» El Correo (Noiz kontsultatua: 2024-08-19).
- ↑ «PressReader.com - Digital Newspaper & Magazine Subscriptions» www.pressreader.com (Noiz kontsultatua: 2024-08-18).