Ramon de la Sota Aburto
Ramon de la Sota Aburto | |||
---|---|---|---|
1917ko maiatzaren 9a - 1919ko abuztuaren 4a | |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Getxo, 1887 | ||
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria | ||
Heriotza | Biarritz, 1978ko abuztuaren 5a (90/91 urte) | ||
Familia | |||
Aita | Ramon de la Sota | ||
Ama | Catalina Aburto Uribe | ||
Haurrideak | |||
Hezkuntza | |||
Heziketa | Londresko King's College | ||
Hizkuntzak | gaztelania | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | politikaria eta finantzaria | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Alderdi politikoa | Eusko Alderdi Jeltzalea |
Ramon de la Sota Aburto (Getxo, Bizkaia, 1887 – Biarritz, Lapurdi, 1978ko abuztuaren 5a) euskal finantzagizon eta politikari abertzale eta jeltzale bat izan zen. Ramon de la Sota enpresaburu eta politikari jeltzalearen semea izan zen, bai eta Manuel de la Sota "Txanka" politikari abertzalearen anaia ere.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaztetan Resurreccion Maria Azkueren ikaslea izana, 1904an Ingalaterrara ikastera joan zen. 1912an Londres hiriko King's College unibertsitatean Itsas Ingeniaritza amaitu eta han garaiko munduko gizarte, politika eta kultur korronteen eragina jaso zuen, ingeles heziketa jasoz.
1913an Euskal Herrira itzuli eta Bilbon Eusko Alderdi Jeltzaleko kide egin zen. 1917an Balmaseda barrutia ordezkatuz Bizkaiko Foru Aldundiko diputatu izan zen, ondoren, 1917-1919 bitartean Bizkaiko Ahaldun Nagusia izen zelarik. Euskaltzaindia nahiz Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Arte Eder Museoaren sorrera bultzatu zituen Euskal Kultur Batzordearen sortzaileetako bat izan zen. Euskal Kultur Batzordeak Oñatiko Eusko Ikaskuntzaren Kongresua antolatu zuen. 1925aren amaieran bere kargutik dimititu zuen.
1937 bere aita Ramon de la Sota hiltzean haren ondasunak jaso zituen: Euskalduna ontziolaren jabea zen Sota eta Aznar Konpainiaren kapitalaren %40a baino gehiago, konpainia hura tartean honako enpresen nagusia ere bazelarik: Menera mendilerroko burdin meatzeak, Siderúrgica del Mediterráneo, Franco Española de Alambres y Cables. Erandio. Bestalde, Ramon de la Sota Aburtok Polar aseguruetxea sortu zuen, honek Londres, Paris, New York, Rotterdam, Duisburg eta Atenas hirietan bulegoak zituelarik.
Bere aitaren ondasunak jaso eta hamar hilabetera Hego Euskal Herritik ihes egitera derrigortua egon zen. Halere, Espainiako Gerra Zibilan bere itsasontzi guztiak Eusko Jaurlaritzako Defentsa Batzordearen zerbitzura jartzeko astia izan zuen, eta haien bidez frankistak iritsi aurretik euskal herritar ugarik alde ahal izan zuten. Gudaroste Frankista De la Sotaren ondasunez jabetu zen, gainera hilabete gutxi batzuk aurretik zendu zen Ramon de la Sota enpresaburua "epaitu" eta zigortu zuten. Bere aitaren aurka burututako ekintza honek handik 40 urtetara oraindik ere Ramon de la Sota Aburto sumindu ohi zuen. Bere ondasunez jabetu eta ehun milioi pezetako isuna ipini zioten.[1] Gainera frankistek bere etxebizitza zen Mazarredo zumarkaleko Ibaigane jauregia ere bereganatu eta Gobernu Militar Frankistaren egoitza bilakatu zuten.
1937an Lapurdiko Biarritz hiriko Etchepherdia etxean bizitzen jarri zen. Azken 41 urteetan bere jarduerak enpresa mundutik at egon ziren. Maite zuenean jardun zuen: itsasoarekiko gaiak ikertu, haiei buruzko liburutegi bikaina zuelarik, eta Euskal Herrian jazotzen zenaz jakitun egotea. EAJko Laburdi Buru Batzar erakundearen eratzean lagundu, Bizkaiko Ontzigintzari buruz idatzi eta Etchepherdia bizilekua liburu, margolan, paper eta eskuizkribuen gordailu bilakatu zuen. Bere aitaren biografia bat argitaratu zuen (Bilbo, 1957), bai eta zenbait egunkari artikulu ere. Bere abokatua Ramon Madariaga zelarik, bere ondasunen desjabetzearen inguruan Manuel Aznarri hainbat helegite jarri zizkion, nahiz eta epaitegietan galdu izan.[2]
Franco diktadorearen heriotza ostean, bere alabak Hego Euskal Herrira itzultzeko konbentzitu zuen, eta hala egin behar zuen, baina ez zion denborarik eman. Behin bakarrik itzuli zen, 1978ko apirilean, baina apenas egon zen 24 orduz. Ikusitakoa gustukoa ez zuela eta Ipar Euskal Herrira itzuli zen. 1978ko abuztuaren 5an zendu zen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ https://web.archive.org/web/20151020234821/http://www.deia.com/2015/10/18/sociedad/historias-de-los-vascos/el-expolio-a-la-familia-sota-responsabilidades-politicas-o-botin-de-guerra
- ↑ http://elpais.com/diario/1982/09/10/espana/400456828_850215.html