San Marino
- Artikulu hau Europako herrialdeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «San Marino (argipena)».
San Marinoko Errepublika | |||
---|---|---|---|
Serenissima Repubblica di San Marino | |||
Ereserkia: Inno Nazionale della Repubblica | |||
Goiburua: "Libertas" ("Askatasuna") | |||
| |||
Geografia | |||
Hiriburua | San Marino 43°55′55″N 12°26′54″E | ||
Azalera | 61,2 km² (192.) | ||
Punturik altuena | Titano mendia | ||
Punturik sakonena | Ausa River (en) (55 m) | ||
Kontinentea | Europa | ||
Mugakideak | Italia eta Europar Batasuna | ||
Administrazioa | |||
Gobernu-sistema | errepublika parlamentarioa eta diarkia | ||
San Marinoko Kapitain Erregentea | Francesca Civerchia (mul) | ||
Legebiltzarra | San Marinoko Biltzar Orokorra | ||
Harreman diplomatikoak | Ikusi mapa Wikidatan | ||
Zeren kide | ikusi
| ||
Demografia | |||
Biztanleria | 33.607 | ||
Dentsitatea | 549,13 bizt/km² (23.) | ||
Hizkuntza ofizialak | ikusi
| ||
Erabilitako hizkuntzak | ikusi
| ||
Emankortasun-tasa | 1,26 (2012) | ||
Bizi-itxaropena | 85,41707 (2012) | ||
Giza garapen indizea | 0,853 (2021) | ||
Ekonomia | |||
BPG nominala | 1.658.778.453,9103 $ (2017) | ||
BPG per capita | 48.888 $ (2017) | ||
BPG erosketa botere paritarioa | 2.122.522.955 nazioarteko dolar (2017) | ||
BPG per capita EAPn | 63.548,591 nazioarteko dolar (2017) | ||
BPGaren hazkuntza erreala | 1 % (2016) | ||
Erreserbak | 359.230.311 $ (2017) | ||
Inflazioa | 0,6 % (2016) | ||
Historia | |||
Sorrera data: 301eko irailaren 3a | |||
Bestelako informazioa | |||
Aurrezenbakia | +378 eta +390549 | ||
ISO 3166-1 alpha-2 | SM | ||
ISO 3166-1 alpha-3 | SMR | ||
Ordu eremua | ikusi
| ||
Elektrizitatea | 230 V. 50 Hz.europar loki, Schuko eta Type L (en) | ||
Internet domeinua | .sm | ||
gov.sm |
San Marino,[1] izen ofiziala San Marinoko Errepublika (italieraz: Repubblica di San Marino), hegoaldeko Europako estatu itsasgabea da, Italiar penintsularen erdialdean dagoena, Itsaso Adriatikotik hurbil. Italiako Emilia-Romagna eta Markak eskualdeek erabat inguratzen dute. 61,2 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 33.285 biztanle zituen 2016an.[2]
Europako estatu independente txikienetako bat da, Vatikano Hiria eta Monako bakarrik dira txikiagoak, eta munduko bigarren errepublika txikiena, Naururen ondoren. Munduko errepublikarik zaharrena da, 301. urtean sortu baitzuen Marinus erromatar harginak.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Italiar penintsularen erdialdean erdialdean dago, Italiako Emilia-Romagna eta Markak eskualdeen artean, Apeninoen ekialdeko maldan, Itsaso Adriatikotik 10 kilometro ingurura. Orografia menditsua du; gailurra Titano mendia da (749 metro). Ez du ibai aipagarririk. Klima mediterraneoa du, uda bero eta negu epelekin.
Datu klimatikoak (San Marino) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 7 | 9 | 14 | 17 | 23 | 28 | 30 | 30 | 25 | 20 | 13 | 8 | 18.7 |
Batez besteko tenperatura (ºC) | 4 | 5.5 | 10 | 13 | 18.5 | 23 | 25 | 25 | 20.5 | 16 | 10 | 5.5 | 14.7 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | 1 | 2 | 6 | 9 | 14 | 18 | 20 | 20 | 16 | 12 | 7 | 3 | 10.7 |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 34.0 | 37.6 | 34.2 | 51.5 | 41.6 | 36.0 | 34.5 | 49.2 | 85.6 | 69.8 | 59.2 | 75.4 | 608.6 |
Iturria: World Weather Online[3] |
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Elezeharraren arabera, IV. mendean, Marino dalmaziar hargina eta harekin batera Diokleziano enperadorearengandik ihesi zihoazen esklabo batzuk Titano mendian babestu ziren. Kristau talde bat sortu zen, eta herri bat, gero sortzailearen izenaz deitu zena. X. mendea arte, San Marinoko herriak bere legeak izan zituen, eta geroago, Lombardiakoak hartu zituen. XI. mendean komuna bat osatu zuen, bere estatutuekin, eta gremio bakoitzeko ordezkariekin. Hurrengo mendean, inguruko jauntxoen erasoak gorabehera, burujabetasunari eutsi zion, lurraldearen kokapenari eta mendietako gotorlekuei esker. Rimini hiriko Malatesta familiaren erasoen aurrean, Urbinoko Montefeltro familiaren laguntza izan zuen, eta onik atera zen Guelfoen eta Gibelinoen arteko liskarretatik.
XV. mendearen erdialdean errepublika bihurtu zen, 60 kidez osatutako Batzorde Nagusia zuena. XVI. mendean, zenbait erasori aurre egin zion, eta urte batzuetan Cesar Borgiaren mendean egon arren, burujabetasuna gorde zuen. XVII. mendean, Batzordea oligarkia baten aginpidean geratu zelarik, errepublika gainbehera etorri zen. 1631an aita santuak onartu zuen. 1739an, burujabetasuna galdu zuen, Aita Santuen Lurraldearen mende erori baitzen. 1797an Napoleon Bonapartek, eta 1815ean Vienako Batzarrak, San Marinoren burujabetasuna berretsi zuten. Italiako Risorgimentoan italiar abertzaleen babesleku izan zen.
Italiako estatua sortu zenean adiskidetasun hitzarmenak izenpetu zituzten bi herrialdeek, 1897an eta 1939an. 1906tik aurrera Kontseilu Orokorra demokratikoago bihurtu zen, aurretik zuen joera elitista baztertuz. Mundu gerretan Italiarekin batera jokatu zuen. Bigarren Mundu Gerran Hitlerrek okupatu zuen. Epe labur batean aliatuek askatu zuten arren, nazien eskuetan erori zen berriz. 1945ean, askatasuna lortu eta sozialista eta komunistek gobernatu zuten. 1957an, alderdi kristau demokrata eta sozialdemokratak osaturiko ezkerreko koalizioa batek hartu zuen gobernuaren buruzagitza. Koalizio horrek 1973 arte iraun zuen baina, eztabaida politikoak sortu baitziren, gobernualdi laburreko garai bat hasi zen. 1978an, komunistak buru ziren koalizioa igo zen berriro agintera. Berriz hautatu zuten 1983an baina, finantza eskandalu bat zela-eta, 1986an nagusitasuna galdu zuen; urte horretan bertan, kristau-demokraten eta komunisten arteko koalizio bat sortu zen.
1992ko martxoan, kristau demokratek beste koalizio bat osatu zuten sozialistekin, eta haiek lortu zuten berriz ere nagusitasuna 1993ko maiatzeko hauteskundeetan. 1988an, Europako Kontseiluan sartu zen; 1992an, berriz, Nazio Batuen Erakundean, eta 2002an, euroa hartu zuen dirutzat, nahiz Europar Batasunean ez egon. Estatu burujabea den arren, arlo askotan Italiarekiko dependentzia handia du.
Gobernua eta administrazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]San Marino errepublika parlamentarioa da. Kapitain erregenteak dira estatuburuak. Botere betearazlea Estatu Biltzarraren esku dago, eta botere legegilea Kontseilu Handi eta Orokorrari (italieraz: Consiglio Grande e Generale) dagokio. Azken hau 60 kidez osaturik dago.[2] Segurtasunaz Polizia Civile (San Marinoko Polizia Zibila) arduratzen da.
Italia XIX. mendean bateratu zen arte, bertan izan ziren hiri-estatu ugarietako bat izan zen San Marino, eta gaur egun geratzen den bakarra da. Herrialdearen independentzia Italiarekin duen adiskidetasunezko itun batek bermatzen du; lehen aldiz 1862an izenpetu zen, eta 1939an eta 1971n berrikusi; azken zuzenketaren ondoren, aduana sindikatu bat sortu behar izan zuen San Marinok, eta Italiak San Marinori urtero diru-laguntza emateko konpromisoa hartu behar izan zuen, San Marinoko aurrekontua osatzeko.
Banaketa administratiboa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]San Marino bederatzi udalerritan banatuta dago. Udalerri bakoitzak castello (gaztelu) izena hartzen du.
- San Marino (hiriburua)
- Acquaviva
- Borgo Maggiore
- Chiesanuova
- Domagnano
- Faetano
- Fiorentino
- Montegiardino
- Serravalle
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]33.285 biztanle zituen 2016an. Haien ezaugarriak italiarrenak berak dira: hizkuntza italiera dute eta gehienak katolikoak dira. %97 hirietan bizi dira. Bizi itxaropena 83,3 urtekoa da, 80,8 urtekoa gizonezkoena eta 86,1 urtekoa emakumezkoena. Ugalkortasun-tasa osoa 1,5 haurrekoa da emakumeko (2017ko zenbatespenak).[2]
Hiri nagusia Serravalle da, iparraldean, bertan bizi baita biztanle guztien heren bat ia. Hiriburua San Marino da; 4.000 biztanle inguru ditu eta Titano mendiaren maldetan dago. Aipagarria da halaber Borgo Maggiore hiria, mendiaren behealdean dagoena.
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Banku jarduera, turismoa eta manufaktura industria dira San Marinoko ekonomiaren oinarriak. Izan ere, finantza eta manufaktura arloek ekartzen dute BPGaren erdia baino gehiago.[2] Esportazioei dagokienez, bertako mahatsez eginiko ardoa, egur makinak, kimika eta zeramika gaiak aipatu behar dira; garai batean eraikuntzarako gaiak oso garrantzitsuak ziren esportaziorako, baina gaur egun, Titano mendiko harrobiak itxi baitira, ez dago halakorik.
Laborantza gaietan, garia, artoa, garagarra eta mahatsa egiten dira. Abere hazkuntzak eta esnegintzak ere badute garrantzirik. Industrian, industria arina da gaur egun nagusi; ekoizten diren gai nagusiak hauek dira: margogaiak, papera, metalezko lanak, jantziak, oinetakoak, altzariak, elikagaiak eta kosmetika gaiak. Elikagai asko inportatzen dute Italiatik. Barne produktu gordina Italiako eskualde aberatsenen parekoa da.[2]
Eurogunean ofizialki sartutako herrialdea ez den arren, Europako Batasunarekin izenpetu dituen itunen ondorioz, euroa erabiltzen da bertan. Gainera, txanponetan haren irudia agertzen da. Horrek balio handia ematen dio, txanponen bildumatzaileek asko baloratzen baitituzte halako herrialde txikietakoak. Gauza bera gertatzen da posta zigiluekin ere.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ a b c d e The World Factbook: San Marino. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2018-7-10).
- ↑ San Marino weather averages. World Weather Online (Noiz kontsultatua: 2018-7-12).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.