Edukira joan

Uharte

Wikipedia, Entziklopedia askea
Uharte (geografia)» orritik birbideratua)
Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Uharte (argipena)»
Munduko uharte handienak.
Santa Klara uhartea, Donostian dagoen uharte txikia

Uharte (aitzineuskaraz: *(h)ur-arte) edo izaroa alde guztietatik urez inguratuta dagoen lur eremua da. Uharteak ibai, aintzira, itsaso eta ozeanoetan aurki daitezke, eta hauen tamaina aldakorra da, metro karratu gutxi batzuetatik, bi milioi kilometro karratura iritsi daitezke, Groenlandiaren kasua adibide. Uhartez osatutako estatuari uharte estatua esaten zaio.

Euskal toponimian, hala nola Uharte Arakil, Uharte Garazi edo Uharte (Iruñerria), "uharte" hitzak aditzera ematen du ibai bat bitan banatuz erdian eratzen den lur zatia. Batzuetan, "urbitarte" ere deitua.

Uharteen jatorriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uharteek oso jatorri desberdinak izan ditzakete. Sumendiek botatako laba, ibaien sedimentazioa, koralezko uharriak, erosioa... Aldakorrak izan daitezke baita ere, material berrien zamaketaren ondorioz edo fenomeno desberdinen ondorioz. Esaterako lurrikara batek sorraraz dezake uharte berri bat eta, baita aurkakoa ere, hots, desageraraz dezake. Bestalde, gaur egun, aldaketa klimatikoa dela eta, horrelako inguru asko eta asko arrisku bizian egon daitezke.

Itsasoaren mailaren aldaketak lur asko urpera ditzake eta beste batzuk azalerarazi. Horren adibide garbia Normandiako Mont-Saint-Micheln dugu: marea gora dagoenean uharte bat da; marea beheraz, aldiz, lehorrera lotutako penintsula bat. Gurean Donostiako Urgull mendiaren kasua oso antzekoa izango zen garai batean.

Uharte hauek lehorreko jarraipena dira, plataforma kontinentalaz lotuta. Beraz, aldameneko kontinentearen jarraipena dira. Hona hemen itxura eta tamaina desberdinetako adibide batzuk:

Sumendiak botatako materialez sortutakoak dira. Lurreko azalean gertatzen diren plaken higidurez lotutako fenomenoak izaten dira:

Itsaso tropikal edo subtropikaletan aurkitzen dira. Uharte hauen sustraia koral izeneko izakien eskeletoak dira. Korala sortzen denean urgaina arte handitu daitezke, normalean oso sakonak ez diren itsas-plataformen gainean. Korala sumendi kono baten gainean handitzea ere gerta daiteke, koralezko atoloiak sortuz. Behin ur azalera heldurik, korala ez da gehiago handitzen; horren ondorioz uharte hauek lauak eta garaierarik gabekoak dira.

Koralezko uharria.

Uharte hauek ibai handien bokaleetan sortzen dira, hondarra, lokatza eta harearen zamaketaren ondorioz. Ibaiak sedimentuak edo jalkinak eramaten ditu eta bokalean uzten ditu. Poliki-poliki deltak sortzen dituzte; horiek dira Ebro, Ganges, Mississippi, Orinoco, Nilo eta Paraná delten kasuak. Munduko sedimentazio uharte handiena Amazonasko bokalean dagoen Marajo uhartea da, Danimarkaren tamainakoa.

Uharte hauek ibaien erdiko guneetan sortzen dira. Normalean ibai lasaiak dira, meandro askokoak, zonalde lauetan zabaltzen direnak. Uharte hauek ibaiarekiko erabateko lotura dute eta sarritan uholdeen dinamikak markatuta egoten dira. Ekologiaren aldetik oso baldintzak bereziak dituzte, horren ondorioz, esaterako ura ondo jasaten duten zuhaitz espezieak edota lehorrean eta uretan bizitzeko moldatuak diren animaliak aurki daitezke bertan. Munduko handiena Brasilen dago, Bananal uhartea.

Bananal uhartea Brasilen.

Garrantzi ekologikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Edertasunaren espazioaz izatetik kanpo, uharteak garrantzi ekologiko handiko tokiak dira. Beste lurraldeetatik bereizirik egoteak garapen propioa eman die uharte askori eta, ondorioz, bertan aurki daitezkeen espezieak mundu osoan bakarrak izan daitezke. Galapagoak fenomeno horren adibide garbiak dira eta ez bakarrak. Beraz, biodibertsitatearen benetako altxorrak dira munduko uharte asko eta asko.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]