Jean-Luc Dehaene
Jean-Luc Dehaene (1940ko abuztuaren 7a, Montpellier, Frantzia – 2014ko maiatzaren 15a, Quimper, Bretainia) frantzian jaiotako belgikar politikaria da.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekonomiako eta Zuzenbideko ikasketak egin zituen. 1965-1972 bitartean Langileen Sindikatu Kristauko (Algemeen Christelijk Werknemersverbond, ACW) kide izan zen. 1967an Alderdi Popular Kristauaren (Christelijke Volkspartij) gazteen saileko lehendakariorde izendatu zuten. 1972an alderdiko buruzagitzan sartu zen, eta Herrilanetako ministro De Saegerrekin lanean hasi zen. Urtebete geroago De Saegerrekin lanean jarraitu zuen Osasun Publikoko ministerioan. Hurrengo urteetan antzeko postuak izan zituen ministerio desberdinetan. 1979-1981 bitartean lehen ministro Wilfried Martensen idazkari pertsonala izan zen. 1981eko abenduan Gizarte Arazo eta Erakunde Berrikuntzetarako ministro izendatu zuten. 1988an, berriz, lehen ministrorde eta Komunikazio eta Instituzio Erreformetarako ministro izendatu zuten.
1992ko martxoan gobernuko presidentetza eskuratu zuen bere alderdiaren eta waloi eta flandriar alderdi sozialistekin egindako koalizioko buruzagi nagusi gisa. Belgikaren zor gero eta handiagoak, gizarte-segurtasunaren kolapsoak, langabeziak eta waloien eta flandriarren arteko tirabirek eragin zuten krisiari aurre egin behar izan zion presidentetzatik. Europar Batasunaren defendatzaile sutsua izanik, Europar Batzordearen buru Jacques Delors frantsesaren ondorengo izendatzekotan egon ziren 1994an, baina Frantziaren eta Alemaniaren babesa izan arren, Britainia Handiko lehen ministro John Majorrek betoa ezarri zion azkenean.
1995eko ekainean Belgikako lehen ministro hautatu zuten berriro. Enpleguari buruzko negoziazioetan huts egin ondoren, bere gobernuaren aurkako zentsura-mozioa gainditu zuen. Gero ohiz kanpoko botereak lortu zituen gizarte-segurantza, langabezia eta beste ekonomia-arazo batzuk dekretuz erabaki ahal izateko. Kritika handiak izan zituen Belgikako pederastia-sare handi bat desegiteko orduan izan zuen jarrera pasiboagatik. 1999ko hauteskundeen aurretik, elikagaien inguruko eskandalu bat zela medio, gobernuko bi alderdiek jarraitzaile asko galdu zituzten eta lehen ministro izateari utzi zion hauteskunde horietan. Guy Verhofstadtek eratu zuen gobernua, 1958az geroztik Kristau Demokratarik gabeko osatutako lehen gobernua. Dehaenek senatari jarraitu zuen 2001 arte, eta Vilvoordeko (Bruselatik hurbil dagoen hiria) alkate izendatu zuten orduan.
2004an, Jean-Luc Dehaene Europako Parlamenturako hautatu zuten. 2007ko hauteskundeen ondoren, gobernu berria osatzeko prozesuan bitartekari gisa izendatu zuten. 2008an, Dexia Bankeko (banku belgikar-frantziarra) presidente izendatu zuten. Bankuak arazoak zituela eta, konpainia denboraldi zailean aurrera eramateko hautatu zuten.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.